Orain: mikeletez inguraturik dute Üsurbil, baina maskaradaren karabanak eta üsurbildarrek eusten diote erasoari egunak joan eta egunak etorri. Eta nahiz eta egon euren herrian konfinaturik, badute etenik gabeko festa. Sartzen dituzte kontrabandoan lehen mailako beharrizanak: iraganeko pastoralen grabazioak eta Niko Etxart eta bere lagunak.
Hala etorri da Errobi, eta kantatu du “Atzar hadi! Atzar hadi ene euskaldun haurride! Atzar hadi! Atzar hadi Euskal Herriaren alde!”. Hura izan da eromena eta Pitxuk gidatu du populu asaldatua Oxtape parera kontra-eraso sorpresa batez Txikierdi eta handik Lasarte konkistatzeko. Baina populu asaldatuak ez du alkatearen ideia oso gustuko.
“Lasarte? Hor españolak bakarrik daude!”
“Baina Porrotxek esan dit...”
“Porrotx... Hoi Zabaleta da!”
Pentsatzen jarri da Pitxu eta bururatu zaio Orio konkistatzea litzatekeela ona. Horrela itsasorako irteera izango lukete eta laguntza internazionala eskatu. “Gainera bertan bizi da Benito Lertxundi, xiberutarren aliatu leiala”.
“Oriyokuak ijituak! Gañea hondartzagatik bada, Üsurbillek badu!” “Üsurbilek hondartza?” “Bai, Igeldon!”
Eta orduan konturatu dira Pitxu eta Kabana ez zela ideia ona izan halako herria konkistatzea. Lo egin eta jentillaje hura nola gobernatu pentsatuko dute biharamunean. Halere, Oxtapen bildutakoak ez daude lotarako, eta bebida exotika/baby da erotikaren erritmora gaua eurena egin dute. Guardian dauden mikeleteek ez dakite ze suntsipen masiboko trikimailu ari diren prestatzen entzun dutenean SAKERREMATE, XABIER SAKERREMATE, SAKERREMATE, XABIER SAKERREMATE!
Biharamunean hau da triskantza, eta hori blasfemia katea Gaztañagako nagusiarena. Nola da posible baratzean zituen barazkiak hondatuak egotea pilotari astakirten batzuek ez dutelako asmatzen pilotak frontisaren aurka jaurtitzen? Kabana, segurtasun indarren buru, gipuzkoarren aurka borrokatzeko entrenamenduak zirela esanez hasi da. “Mozkor kuadrilla honekin pentsatzen dek borrokatzia? Hauekin mendia sagardua baldin badao”.
Ez dute askorik animatu Gaztagañako nagusiaren hitzek. Are gutxiago abisatu diotenean armada datorrela estandarte, tronpeta eta ponpa guztiarekin. Han datoz ondo babestuta Zesar balira bezala establixmentaren zaintzaileak, baina Üsurbilera hurbildu beharrean Zubietako belazeetan geratu dira. Mezulari bidez iritsi zaie herriko agintariei oharra, gerra hura amaitzeko proposamena egin nahi dutela Gipuzkoako agintariek. Antza denez, birus atzerritarrarena uste baino okerragoa izan da eta sekulako ezinegona nabari da gipuzkoarren artean, oraindik gehiago gerra absurdo hau dela eta. Kontuari pare bat buelta eman eta gero, proposamena entzutera hurbiltzeko hautua egin du Pitxu alkateak.
Hurbildu dira gipuzkoarren ponpa imitatu nahian xirula 6/8 sol-la-si-do-re-re-re-mi-re-mi... Dena nahiko era ordenatuan egia esan buhame eta buhamesen eta haien ohiturak imitatzen dituzten üsurbildarren komedia aparte uzten bada.
Jarri dira agintariak parez pare Zubietako errebote plazan. Tentsioa nabari da atmosferan.
“90 minutuko futbol partidua zuek nahi duzuen zelaian, gure hamaika jokalari üsurbildar guztien aurka. Onartzen duzue?”