Orain: Anoeta Arena da norgehiagoka burutuko den lekua, hala sona internazional handiagoa izango duelakoan. Eta izango ez da ba! Establixmenteko egunkari ofizialen errotatibak kolpean geratu dira azken berriaren inguruan informatzeko: eguna, lekua, ordua, estimatzen zen ikusle kopurua, jokalarien partidu aurreko sentsazioak, elkarrizketak... Eta urrutirudiko saioak? Tertuliak, debateak, saio bereziak antolatu dituzte kolpean. Orain arteko dena hutsaren hurrengoa bilakatu da, eta tipo arraroak besterik ez dira espektakulu xelebre eta lotsagabe hau kritikatzen dutenak.
Üsurbilgo jokalariak Haraneneko soroak aprobetxatu dituzte futbolean nola jokatzen den ikasteko. Nahiko lan badute baloiari ostikoka ibiltzearekin, are gehiago begien bistan ikusten duten tximinietatik botaka irteten den ketzarra irenstearekin. “Eurak gu baino okerrago egon behar dira”, dio Kabanak entrenatzaile titulua bere eginda.
Eta iritsi da eguna. Bi taldeak aurrez aurre Anoeta Arenan eta bertako eta urrutiko ikusleak zoroen moduan. Esatariak eztarria ezin gehiago urratuz Errealeko hamaikakoa oihukatu du zalegoak txaloka eta garrasika erantzunik. Üsurbildarren hamaikakoa ikusi duenean —izugarri luzea izanik zerrenda—: “Eta zelaiaren gainontzeko erdia okupatuz, Üsurbilgo hamaikakoa”. Kilkerrek bakarrik txalo egin dute.
Txilibitua jo eta norgehiagoka hasi da. Eta baloia üsurbildarrena baldin bada ere, konturatzerako lapurtu dute errealeko jokalariek eta sareetara bidali jokaldi ikusezin batean. “Ez baduzu gola ikusi ezin du gola izan”, argudiatu dio Pitxuk epaileari, baina honek kasurik ez eta markagailura igo ditu horrela joan ditu hamar golak.
Tranpa egiten ari direla konbentzituta dago Kabana, baina ez daki nola. Errealeko entrenatzaileari galdetu dio zuzenean, ez duela ulertzen nola izan daitezkeen halako supergizakiak inguru haietan dagoen kutsadura tarteko. “Konfiantzan: zaborra erretzen duen tramankulu horretako errauts guztia bildu eta halako sustantzia likatsu bat sortzen dute. Zuzenean zainetan xiringa batez eta zure errendimendua jainko baten parekoa bilakatzen da”. Kabanak ez dio sinesten, eta jendea aspertzen hasi denez jada inolako emoziorik ez duen partidua tarteko, entrenatzailea zera egiteko esan die. Bat-batean, transformazioa hasi da: Errealeko jokalariek ukabilak gogor jarri eta garrasika hasi dira. Ilea goratzen eta horitzen ari zaie, eta barne indar mistiko batek inguratzen ditu euren gorputzak. “SS operazioa: Super Saiyajinak dituzue hauek. Zergatik uste zenuen bestela esan nahi zutela gure armarriko ss hizkiek?”.
Eta Pitxu berriz ere epaileari kexuka. Hori beste istorio batekoa dela, eta ezinezkoa dela halako izakien aurka partidu bat irabaztea. Baina epaileak buruarekin berak ezin duela ezer egin. “Ba orduan... E Ugaitz! Demokrazia literarioa denontzat edo ez dugu ezer gehiago egingo!” “Baina...” “Ez, ez, denok unibertso literario berean gaude edo agur!” Eta aukera gehiago gabe, eman dizkiet dragoi bolak, deitu diote Shenroni eta egin dute Euskal Herria eta Maule hiriburua eta Pitxu lehendakaria eta burua doakit eta kof kea kof sirena hotsa kof agur kof horrela ezin dela idatzi kof ikusten nola fantasiak kutsatz