Ipuin post-pandemiko-filoteista bat

Euskal gizarte post-pandemikoan, garaiak aldatu direlakoan eta erretiroa hartzea buruan, Marik jarritako dibinitate posturako lan-eskaintza irakurtzen harrapatu zaitu narratzaileak: langabezian eta gosaltzeko patata-tortilla eta kafesnea hartzen. Datu garrantzitsua ñabardura guztietan imajina zaitezen: untxi bat zara (kolorea zure aukeran... untxi urdin elektrikoa izan nahi baduzu, aurrera!).

Deitu duzu telefono zenbakira, eta bestaldekoak esan dizu bihar hamarretarako joateko Anboton duten bulegora. Lerro artean doa puntuala izatearena, dibinitate izateko ezaugarri garrantzitsua denez gero.

Igo zara mendira, kostata, seko kalekumetu baitzara. Mendia distantziatik kontenplatzekoa zara nahiz eta zure geneek besterik dioten. Ezintasun momentuetan ‘Ikusi mendizaleak’ arnasestuka kantatzen duzu. Halakoan, iritsi zara kobazulora eta zezen gorri bat dago atarian burokraziaren paperetan galduta.

“Zera...”, diozu. Baina zezena oraindik eta gehiago gorritzen da, sutzeraino, eta noski, paperak erretzen zaizkio. “Ez, ez, ez, berriro ez!”, garrasika. Berriz arreta eskuratzen saiatu zara, oso ondo jakin gabe, ordea, ea ideia ona den. Imajinatu bere etsipenean ZER? oihukatu eta bere sugarrek zu zeu erretzen zaituztela: untxi jainkoa baino untxi errea zinateke.

Konturatu da hor zaudela, baita jabetu ere lanarengatik zatozela. Dio: “[_____], ezta? Mari tontorrean aurkituko duzu. Nostalgiko dago eta euskal lurrari begira pasatzen ditu orduak”. Zuk zuretzat: “Dibinitate bihurtzen banaiz, gauza bera egingo dut: izorra arazi”. Tontorrera abiatu zara hain polita da ta gora, gora Euskal Herria-a-a-a!

“[_____] zure zain nengoen. Ikusten duzu euskal lur guztia... zein hitz ederrak eskaini zizkion Xabier Lizardik”. Zuk Lizardirenak baino Mufasaren “Egun batean ikusten duzun guztia zurea izango da” hitzak buruan. “Zer uste duzu dela dibinitate izatea [_____]?” Pentsatzen jarri zara, eta zure erreferentzien datu-basean bilaketan jardun eta gero, lan elkarrizketak sakontasun erabatekoarekin prestatzen baitituzu, Herodototik hasi eta azken joera filosofikoak arteko sintesi postmodernoa egin diozu. Marik kopeta zimurtu du, ez zaio gustatu zure erantzuna: horiek gizakiek euren zilborra ulertu nahian botatako sagarrak besterik ez omen dira.

“Ikusten duzu nola jarduten duten? Ba hori ez da zure zeregina! Uste dute euren zerbitzura gaudela, baina hori beste sagarrak-sagarrak-sagarrak bat da”. Orduan, zeruari begiratu diozu pentsatuz behera ez bada, gora so egitean datzala dibinitate izateak. “Zertan ari zara [_____]?” Eta zuk zure motxila kulturala medio, unibertsoa kontenplatzen ari zarela bota diozu. Marik aurpegira eman du eskua, eta argitu dibinitate bihurtu nahi baduzu, lehenik bere mandataria izan beharko duzula eta garai berriko baloreak erakutsi beharko dizkiezula euskal herritarrei. “A! Zaratustra bezala! Supergizakiaren apologia egin behar dut beraz?”

Panfleto eta mugikor bat pasa dizkizu harremanetarako eta ostiko batez jaurti zaitu Anbotoko puntatik.

Lurrartu duzu parke baten erdian, zeina haur post-pandemikoez josia dagoen eta pelutxe baten gisa tratatu zaituzte, nor eta euskal dibinitatearen mezularia! Panfletoak dioena irakurtzen saiatu zara, baina “beitu ze untxi polita! Etxera eraman dezaket ama?” “Ez nirea da! Baietz aita!” “Nik ikusi dut lehenago!” Kostata alde egin duzu handik eta sartu zara denda batera, esanez “Entzun al duzue notizia?”, jakin gabe harategi batean zaudela.

 

GAME OVER

Anbotoko puntan berpiztu zara eta Mariren aurpegia poema surrealista bat da.