Goitik behera trapu beltzen pean ezkutatzen zen, auskalo oihalen tolesturek zer ezkutatzen zuten. Kapelu handi baten babesean, ur jauzi gisa erortzen ziren euri tantak ekaitz egunetan. Moko luzedun maskarak aurpegi osoa estaltzen zion, putrea iradokiz, sarraskia non, bera han. Begien parean zituen bi kristal zatiek bere begirada ezkutatzen zuten. Metropolian itsu geratu zenaren zurrumurrua zebilen aspaldidanik. Infernua ikusi eta gero, hobe zela ezer ez ikustea. Absurdoa zen, ordea. Nola tratatuko zituen pazienteak ikusi gabe?
Hilabeteak pasa ziren izurriak lehen urratsak eman zituenetik hemen metropolian. Jendea nazkatuta zegoen jada, nazkatuta agintarien inkonpetentziaz, adituen ahoberokeriaz, bizilagunen enpatia ezaz... Eguneko segundo bakoitza iazkoarekin alderatzen zuten, atzoko munduaren loria egunak memoriaren hemerotekan bilatzen. Kazetariek ipuin kontalariak ziruditen, juglareak, legenda erromantikoetan kokatzen ziren istorioak idazten zituzten egunero, medikuek opiazeo errezeta globala egin izan balute bezala hiritar ororentzat.
Eta il dottorek ez zuen aski larruzko eskularruz estaliak zituen hatzak lurperatzera bidali zituen gorpuak zenbatzeko.
Ia mendea ezagutu zuen agurearen etxera joan zen. Bere azkenetan zegoen. Il dottore sartu zenean, heriotza sartu zelakoan izutu zen, ohetik jauzi egin eta bere aurrean belaunikatuta erregutzen zion oraindik ez zezan eraman.
“Ez larritu jauna, il dottore naiz”, eta sekulako zama gainetik kendu izan balu bezala sartu zen ohean berriz ere. Barne-organoak zeharo hondatuta zituen gaixoak, eta mina arindu ziezaioken edozer onartzen zuen. Baita gezurra ere. “Entzun dut zuek sortutakoa dela zomorro hau zaharrekin amaitzeko”, bota zion il dottorek botikarekin nahastutako purea ahora eramaten ziolarik.
Hurrengo pazientearengana zihoala, kartel batean irakurri ahal izan zuen manifestazio koloretsu eta alaia antolatu zutela gertatzen ari zena ukatzen zuten kolektiboek. Hizki larritan irakur zitekeen: Kolaborazionistarik ez! Izurria handi-mandiek asmatu baitzuten norbanakoen gaineko kontrol soziala areagotzeko, eta haiek behartzen zituzten jarrerak onartzeak gaizkiaren konplize bihurtzea zekarren.
Ezin izan zion manifestazio hartara hurbiltzeko tentazioari eutsi.
Azken pazientea hilerrira bidaltzearen frustrazioak eraginda azaldu zen manifestazio koloretsu eta alaira. Bertan dena zen kantua, dena zen dantza, poesia eta emozioen orgia. Lubakietan ikusitako guztia mamu gisa itzuli zitzaion bat-batean, auhen garaituak eta isiltasun izoztuak.
Kolpean sutu zen. Ahoan ausaz elkartuak ziruditen hitzak zituen hizlaria mututu eta egoeraren larritasunaz ohar zitezen eskatu zien bertaratutako ukatzaileei, berak ikusi behar zuena ez zela inolako engainua. “Kolaborazionista!”, garrasi egin zuen batek. Segituan oldartu ziren gainerako denak, eta bitan pentsatu gabe eraman zuten herri epaitegiaren aurrera. “Eskuak inuzenteen odolez zikinduak ditu!” oihukatzen zuen batek. “Gurekin akabatu nahi duen horietako bat da!”, besteak. “Sutan erre dadila deabruarekin batera!”, hirugarrenak. Il dottorek ezin zuen sinetsi parean zeukana.
Oldarraldiak harrapatuta, bere trapu beltzetatik atera zuten. Han ez zegoen hezur zaku bat besterik, handitasun oro oihalen tolesturekin batera desagertu izan balitz bezala. Oldartuek plazaren erdira eraman zuten halere, zurtoinera lotu eta su gaizkiaren konplize izatea egotzita: il dottoreren garrasiak satisfazioz entzuten zituen entzuleak.