Harrokeria ariketa litzateke esatea liburu haien esaldi guztiak buruz dakizkiela. Ez da hain makina, nahiz eta berak halakorik sinatuko lukeen. Halere, dakizkien hiruzpalau dozena erdirekin aski eta sobera du bere lagunarteko hizketak erreferentzia sasi-intelektualez betetzeko. Eta Sherlocken dedukzio guztiak buruz esateko gai baldin bada ere, ezgauza da bere inguruan geratu berri den lagunen arteko ezin ikusia ulertzeko. Are gutxiago alboan duen txikitako adiskideak bizi duen gurutze-bidea susmatzeko. Giltzapetu baitzen liburuetako paradisu eta infernuek osatzen duten bunker isolatuan. Sikira alergia izango balio errealitateari bere distantziamendu soziala justifikatze aldera... Seguru izango lukeela erantzun aproposen bat halako autoreri edota bestelakori irakurri ziona aldizkari prestigiotsuak egindako elkarrizketan.
Hala, sare sozialetan bere proiektuaren berri eman zuen: mundu berriaren oinarriak ipiniko zituen Teogonia idatziko zuen. Jainko-jainkosa berriak diseinatuko zituen: ekonomiarena, egoarena, miseriarena, gezurrarena, garapenarena, informatikarena, jokoarena, drogena, pornografiarena, duintasunarena (hau jainko txiki bat edo heroi marjinatu bat, oraindik definitzeke) eta gizartearen ezaugarri denak irudikatuko zituzten bestelako dibinitateak. Metropoliko etxe-orratz bat izango zen euren Olinpo eta hiritarrek debekatua izango zuten hara sartzea. Soilik jende jakina, maila batera iristen zirenak gizarte espektakular eta turbokapitalistan: g-puntua galdu ez duten gizakiak.
Besteak postaletako bertsio negatiboarekin bizi beharko ziren: Teologia berrian jainko-jainkosen kapritxoak eta desirak euren tenpluetan aseko zituzten. Kanonaren neurrietara hesitutako izakiak, eguneko buru-markutasuna gaueko desfasarekin erregulatuz, eta jainkoek euren zerbitzuengatik eskertuko zituzten egoki ikusten zutenean bat-bateko mirariak sorraraziz.
Lehen bertsioa eskuragarri jarri zuenean, kritika uholdeak harrapatu zuen. Hura ez zen inondik inora errealitatearen erradiografia duin bat, soilik handiusteko idazle marjinal baten burutazio eroak bere desio frustratuak betetze aldera. Kalera ateratzeko! Ikus zezala bere begi propioekin zer zegoen ezer ikusten ez zuen tokian, eta orduan ohartu beharko zuela idatzitako guztia fantasia ipuin bat besterik ez zela. Agertzen ziren istorioak, paisaiak, pertsonaiak unibertso paralelo batean bizi ziren.
Bere ezinegonean, irakurtzen zituen kritika guztiei erantzuna bilatzen hasi zen: bere bunkerrean. Oin-oharrez bete zuen izkribua. Esaldi bakoitzak zuen berea: halako x autoreren y liburuko n orrialdean agertzen den egoeraren justaposizioa da, bestelako hura g autorearen t artikuluko f orrialdeko aipamena da...
Erreferentzia baten bila, goiko apaleko liburua eskuratu nahian, oreka galdu eta bizkarrez erori zen halako zorte txarrarekin, non hartu liburuak (masa aipagarriduna bera) kopetan jo eta sekulako ebakia egin zion.
Egunak pasa ziren gertakari hartatik. Inork ez zuen faltan botatzen idazlea, zeina hilik, liburu artean lurrean ziplo aurkitzen zen. Gaur polizia agertu denean, odol arrastodun liburua preso eraman dute idazlearen hiltzaile izatea leporatuta.