Mikel ezberdina zen. Nahiago zuen Orhi peko belazeetan artaldearen zaintzan jardun, handik hona ibili ezeren atzetik eta, bat-batean, ezustekoa begien aurrean azaldu. Amets txikiak bizi zituen Nafarroako Pirinioetako bere mundu partikularrean. Eguzkiak ekialdetik esnatzea, errekastoan igel batek jauzi egitea, elur egunetako goxoa sutondoaren ondoan. Handik harago kokatzen zen guztia urrunean zegoen, eta heroiak hiriburuan kokatzen ziren, Iruñean.
“Egunen batean Iruñera joan behar dugu eta inoizko heroirik ospetsuenak eta aberatsenak bihurtuko gara”, behin eta berriz esaten zion Peio lagunak.
“Zuk ez zenuke lehenengo azterketa ere pasako heroi izateko kokoloa”, erantzun ohi zion Maialenek gehituz bera izango zela denetan indartsuena.
Irakasleak makilarekin kolpe bana eman eta klasean arreta jartzeko agintzen zien, utz zitzatela behingoagatik heroien ametsak eta gisako txatxukeriak. Bi haiek heroi izatearen ideiatik aldenduko zituenik ez zen jaio, ordea.
Hainbat gurasok mendialdeko euren seme-alabak behin 12 urte bete orduko, heroiaren azterketa egitera bidali ohi zituzten, batez ere irtenbide bat baitzen inguru haietako pobrezia eta langabeziatik ateratzeko. Gaindituz gero, estatuaren parte bihurtzen ziren eta aurrera egiteko baliabideak ugaritzen zitzaizkien gehienetan ahaztuz nondik zetozen. Hala ere, gainditu ezean esklabo bihurtzen ziren.
Iruñera bidali zuen aitak egun batez, urteko merkatuan saldu zitzan gazta eta ardikiak. Bide luzea zuen aurretik, eta Erronkari bailara atzean uzterako elkartu zitzaizkion bidaide Maialen eta Peio euren heroi mozorroekin.
“Zergatik ezin zarete pertsona normalak bezala ibili?”, kexu zen Mikel. Efektu eskasa zuten bere hitzek, ordea.
“Eta bide-lapurren bat azaltzen bazaizu?”, “Eta astoa galtzen baduzu lo egiten duzun bitartean?”, “Eta putreak etortzen badira eta erasotzen badizute?”...
“Putreek sarraskia bakarrik jaten dute, ez al dakizue hori?”
Bidaiaren luzea horrela joan zen, eta Mikeli gustatu ohi zitzaion bidaia bakartia, anabasa eta jolasean bilakatu zen. Hasieran pixka bat molestatu bazion ere, azkenerako harekin gozatzera iritsiz. Ahaztu eta dena egin ziren zertara atera ziren bidaia hartan, eta bat-batean Peioren aipamen batengatik Iruñera berandu iritsiko zirela ohartu zen.
Iritsi ziren izerdi patsetan. Iritsi ziren eta merkatu nagusia jasotzen ari ziren dagoeneko. Hura amorru garrasiak Mikelenak kulpa guztia bere bi lagunei botatzeagatik heroietara jolastera ibiltzeagatik. Kale izkina batean gelditu ziren hirurak eta astoa etxeko produktu guztiak saskian zituztela eta orduan, gizon handi bat agertu zitzaien parean.
“Zuek ez zarete hemengoak? Laguntzarik behar al duzue?”
Bi lagunak harri eta zur zeuden. Aurrean zuten gizontzarra Xan heroia zen, heroietan heroiena, Super aldizkariko izarra, denek miresten zuten heroia. Horregatik, ez Maialen eta ez Peio ez ziren gai hitz bat bera ere ahoskatzeko. Mikelek esan zion berandu iritsi zirela merkatura eta ezin izan zuela berriz ere Erronkari ibarrera produktu haiekin guztiekin itzuli. Gazta zati bat probatzeko hartu eta gero, urre eta zilarrez betetako zakutoa atera zuen eta dena erosi zion kolpean. “Beti laguntzeko”, erantzunez joan zen.
Egun hartan erabaki zuen Mikelek heroi izan nahi zuela.