Takarpu

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2021ko ots. 10a, 14:21

Duela urte asko, denbora behe lainoaren atzean ezkutatzen zen garaietan, basurdeak ziren Andatza mendiaren jabe, eta denen buru Takarpu. Bere presentzia hutsak halako izua sorrarazten zuen ingurukoengan: zazpi gizakumeren altuera zuen, ile zuri lakarra, letagin ikaragarriak, matraila sendoa eta begirada hotza. Andatzara joaten ziren usurbildarrek bazekiten nondik ibili Takarpurekin ez elkartzeko.

Belaunaldiz belaunaldi etxeetan kontatzen zen Takarpuri buruz. Nola hark menditik zaintzen zituen inguruko lurrak eta herritarrek esker oneko izan behar zuten bere babesagatik.

Hala ere, neguko hotzak oraindik bere atzaparrak ezkutatu gabe zituela, sabel hutsarekin orroka hasten zen eta arrapaladan jaisten zuten mendia beheko lurretara gosea ase nahian. Takarputxoek buruzagiaren etorrera iragarriz, eroen abangoardia ziruditen, aztarrika eta orroka inguruko denak izutuz, umeak negar malkotan utziz eta helduak ikusten zutenaz atsekabetuz. Eta denen atzetik, Takarpu buruzagia.

Herrira iristen zenean, plaza bere egiten zuen eta bere gorteak iskanbila eta anabasari hasiera ematen zion. Usurbildarrak festa haren parte izan zitezkeen, baldin eta bere bufoi bilakatzen baziren: batzuk dantza egiten zioten, beste batzuk kantatu. Bazeuden txisteak ere kontatzen zizkiotenak. Soilik orduan ziren Takarpuren banketeaz gozatzeko gai.

Eta behin tripa asetzen zutenean, berriro ere Andatzara itzultzen ziren. Zaharrenek esan ohi zuten urte horretako zortea apaizaren ondorengo egunetako sermoien gogortasunaren araberakoa zela. Takarpu herriko buruzagi zen egunetan herritarren morala oso kaltetua suertatu bazen (beti ere apaizaren ustetan), uzta eta zori oneko urtea izango zen. Beraz, arrosario santua errezatzen egon beharra gaitz erdi gainontzekoa alde izanda.

Baina urte batean Takarpuren egonaldia betirakoa zela zirudien. Ez zen asetzen. Egunak joan, egunak etorri, berak herriko plazan jarraitzen zuen. Usurbildarrek ezin zuten gehiago, jada ez zitzaien ezertxo ere geratzen biltokietan. Zorionekoena izanda ere urte hura, ez ziren gai izango Takarpuren oturuntzetan eta festetan gastatutakoa berriro eskuratzeko. Baina nor zen gai halako piztitzarrari aurre egiteko?

Kontzejuan bildu ziren usurbildarrak egoera jasangaitz hark era batera edo bestera bukatu behar baitzuen. “Akabatu behar degu!”, zion batek. “Ta nola?”, galdegiten zion besteak. “Besterik ez badao, nere atzaparrekin!”, zen erantzuna. “Noaua? Etzaite babaloria izan ta etorri honea derrepentian!” Iskanbilaren erdian, errotariaren alaba txikia hurbildu zen gosez eta galdetu zien guraso biei ea aurkitu berri zituen fruitu haiek jan zitzakeen. Eskuetan haginaren baiak zituen. Orduan, arazoaren koska nola gainditu jakin zuten. “Zuk ez laztana, baño badakit nork jan ditzaken”.

Sekulako festa antolatu zuten orduan usurbildarrek Takarpu bera ere harritu zuena. Inoiz ahaztuko ez zuten askaria zerbitzatu zioten buruzagiari eta baita bere takarputxo guztiei ere. Lehen mokadua eman eta bigarrena emateko ez ziren gai izan. Hura festa egin zutena usurbildarrek gau hartan. Denboraldiko ia sagardo guztia edan zuten gau bakar batean.

Zoriontasunak ez zien luze iraun, ordea, usurbildarrei. Zorigaitzak kolpatu balitu bezala, burua ezin altxatuz ibili ziren: uztak ez ziren emankorrak, sosak desagertu ziren, lurrak lehortzen ziren eta uholde basatiek zoritxarra besterik ez zekarten. Zaharrek hitz egin zuten: “Takarpu berpiztu behar degu, bestela jai degu”.

Gose orroak entzuten dira Andatza aldetik eta zerbait arrapaladan datorrela dirudi.