Orain urtebeteko desastrea ez zen 2019 amaieran hasi Txinan. Hori da zuk sinestea nahi dutena. Desastrea XXIII. mendean hasi zen (tira, hasiko da, etorkizunean da eta), hain zuzen gurea baino zibilizazio aurreratuagoan, zeinetan robotak eguneroko ogia diren. Eta nor da XXIII. mendekoa? Hori da, Doraemon. Doraemon gizartearen kontrako eraso honen atzean dagoen buru pentsalaria da, eta ez zaitzatela marrazki bizidunek engaina: hori marketing eta publizitate kontua besterik ez da bere irudia zuritzeko. Doraemon katu kosmikoa beti Nobitari laguntzeko prest XXIII. mendeko tramankuluekin... Ja!
Doraemonen benetako forma ez da katu kosmiko batena, baizik eta birus batena da. Birus informatikoa, zehatzago izateko. Eta zein izaki bizi dira mundu informatikoan? Horixe bera, digimonak. Ez al duzu inoiz pentsatu Doraemon eta digimonen artean egon zitekeen harremanaz? Bi istorio ezberdinetan agertzen zirenez, lotura ez zen hain garbia, baina -mon bukaera hori bakarra da eta digimonei egiten die erreferentzia. Bai, arrazoi duzu, hori da inork jakitea nahi ez dutena: Doraemon digimonen enperadore ahalguztiduna da.
XXIII. mendeko laborategi informatikoetan garatu zuten (garatuko dute) COVID-19 izena jarri dioten gaixotasuna. Hain da aurreratua, birus informatiko izatetik agente infekzioso izatera transmutatzen dela. Eta horrek zer esan nahi du? Horixe: alkimiak zerikusia duela aldaketa horretan. Eta nor da alkimista? Edward Elric. Beraz galde dezakegu denaren atzean Aita dagoela? Bai, baina oker geundeke, Aita originala Doraemon baita. Doraemon gai da XXIII. mendeko teknologiarekin halako transmutazioak egin eta mundu guztia engainatzeko.
Baina zertarako kutsatu nahi gaitu Doraemonek? Lasai eseri, bere plan sekretuak zur eta lur utziko baitzaitu: birusak kutsatuaren arima eskuratu eta horrekin digimon berriak sortzen ditu mundu informatikoan. Bai, bere plana digimon armada erraldoia eratzea da pokemonen mundua inbaditu eta hainbeste gorroto dituzten izaki nardagarri horiek euren esklabo bihurtzeko. Batik bat Pikachu demonio hori. Zenbat gorroto duen Doraemonek.
Horregatik, ez pentsa txertoen atzean Bill Gates edo txipen bidez munduko hiritarrak kontrolatzeko asmoa izan dezaketen bestelako handi-mandiak daudenik. Txertoaren atzean Pikachu eta pokemon armada dago digimonen plan bihotz gabeari aurre egiteko. Ez al duzu inoiz entzun txertoa hartzen dutenek pare bat egun txar pasatzen dituztela? Hori txertoak ematen dizkien pokemon geneen albo ondorioak besterik ez dira: euren arima pokemon batean bihurtzen ari da.
Orain urtebete ez, gaurtik mende bete barru kataklismo izugarria gertatuko da: Doraemon eta digimonak Pikachu eta pokemonen aurka borrokatuko dira, eta guda hori orain hasi dira prestatzen euren armadak indartuz eta osatuz. Gaurtik mende bete barru Doraemonen edo Pikachuren bandoan egongo zara eta zure enperadore ahalguztidunari obedientzia eta leialtasuna zor beharko diozu.
Informazio hau ez dute zuk jakitea nahi. Ez duzu establixmentaren aldeko komunikabideetan entzungo Doraemonen eta Pikachuren artean eratu duten plandemia honi buruzko xehetasunik. Alferrik da konspirazio horretatik alde egitea, bandoa aukeratu beharra dago: edo Doraemonekin zaude edo Pikachurekin zaude. Ez dago beste biderik.
XXIII. mendean ikusiko gara berriz elkar, auskalo orpoz orpo edo aurrez aurre. Orain urtebete bihurtu ginen plandemia baten parte eta orain ihesbiderik gabe gaude. Hori da egia.