Gaua jauzi zen eta Jon zaharrak Norvegiako printzesa salbatu nahi zuen. Hura inoiz esan zuen txepuka handiena zen, eta hala ere, ez zion inork burutik kenduko halako inozokeria. Baina bera zen gure gidaria, eta ez ziren merke ordaintzen halako aurpegiratzeak. Metropolian Norvegiako printzesaren bila hasi ginen Jon zaharraren jopuak.
UGAITZ AGIRRE
“Sartu ginen autoan. Ni bolantean, Jon zaharra alboan. Eta atzean beste hiru jopuak, zein baino zein perbertsoagoak”
Benetan horrorxou izaten zen gaua baldin eta Jon zaharraren burutazioak surrealismoa gainditzen bazuten. Norvegiako printzesa haren aita izango zen erregeak bahitua zuela esan zigun moloko likoretan itota ia. Norvegiako erregea akabatu behar genuen, gizatxar sasikume lodikotea. Sabela asetzen aski lan zituen, eta seguru ezin izango zuela gaua bere gaztelutzarretik irten gabe geratu. Koipeak ezpain ertzetatik behera behar zuen izan, irudietan higuingarriena eginik bere aurpegi nardagarria.
Sartu ginen autoan. Ni bolantean, Jon zaharra alboan. Eta atzean beste hiru jopuak, zein baino zein perbertsoagoak. Jon zaharrak horrela nahi izaten zituen, moloko likorez lepo, itsu parean izango zutena jipoitzeko eta dantza eta irri artean txiza egiteko jipoituen gainean. Jopuak jipoira lotuak baikinen. Aitzur, aizkora, kate edota auskalo zer gerriaren bueltan, gauez metropoliko kaleak hartzen genituen gure bortxa ase-ezina askatzeko.
Autoa kolpean geratzeko agindu zidan Jon zaharrak janari-lokal batetik tripa erdia kamisetaren kanpoan zeraman gizonkotea atera zenean lursagar frijituen koipea oraino saltxitxak ziren hatzetan irristan behera. Norvegiako errege doilorra hura zela-eta, autotik atera zen. Erreberentzia ironikoan itaundu zion ea non ezkutatzen zuen alaba maitea. Lodikoteak mozkor zorotzat harturik Jon zaharra, harpa jotzera beste norabait joan zedila iradoki zion. Jon zaharrak bere pantomiman jarraitu zuen, baina, geroz eta hurbilago monarkagandik, eta hirugarrenez popatik hartzera bidali zuenean, bizkar atzean gordetzen zuen aitzurrarekin danba kolpatu zuen lehenik, eta lurrera eroritakoan, boten metalezko puntarekin. Zinez horrorxou pasatzen zuen horrelakoetan, eta bere abisuarekin, beste jopuak festara batu ziren. Nik autoan jarraitu nuen, erne, poliziaren sirena hotsak entzunez gero, kideak bildu eta ihesari ekiteko.
Gauak aurrera egin bezala, jipoitu genituen Norvegiako errege titulua izan zezaketen sei gizajo. Tartean emazte bat Jon zaharrak aitzurraren makilaz gain jo zuena. Hura zen gure errutina: eguna joan eguna etorri jipoitu genituen izatearen perfumerik merezi ez zituzten denak. Halere, ez ginen asetzen. Bandoa aukeratzeko eskatu ziguten eta guk gure propioa sortu genuen. Munduak ez zuen gure izate axolagabearekin ezkontzen, eta gure axolagabekeria ipurdiko grano batean itzultzen zen. Bortxa oro kondenatzera gonbidatu gintuzten podiumera, baina parafernalia guzti hari kiratsa zerion eta behi gorotza jaurtiz egin genuen gurearen apologia.
Norvegiako printzesarik ez genuen aurkitu gau hartan, eta moloko likorearen efektua lausotzen joatearekin batera, etxerako bidea hartu genuen jopu bakoitzak. Eguzki printzak nabari zitezkeen urrunean, eta Jon zaharra bere etxean utzitakoan, irri artean zera esan zidan: “Bihar ere ilunduko dik, oi lagun maitea, eta izango duk printzesarik salbatzeko”.