Horrelako mezu batek broma behar du izan. Nori bururatuko zaio, ordea, halako istorio bat? Bestelako lanak albo batera utzita, mahaiaren bueltan jarri dira bi kazetariak gaia ondo aztertzen. Hainbat deiren ondoren, urgentziazko udalbatza deitu dute gonbidatuta Sagardo egunaren antolaketan aritzen direnak udal aretora. “Hau zer da, txiste bat?” bi kazetarien azalpenak entzutean han bildutako batek. “Seguru talde klandestino parrandazale batek bidalitako mezua dela, Baxurdetan egositako konspirazioren bat”.
Bat-batean, danba! Joxe Martin Sagardia enparantzan lurrartu du altzairuzko zaldiek —zeinei sua darien sudur zuloetatik— bultzatzen duten gurdia. Udaletxeko balkoian denak harri eta zur. Gurditik martitzarrak jaitsi dira: bi metrotik gorako izaki arrosak, antzinako mitologia batetik ateratakoak dirudite.
“Arratsalde on usurbildarrak”, hasi da hizketan denen burua dirudienak. “Badakigu goiz iritsi garela. Kontua da hona gentozela aprobetxatuz, gure arbasoen planetan bueltatxo bat eman nahi genuela. Baina tramankulu arraroak ikusi ditugu, eta badaezpada, alde egin dugu handik”. “Ez, hau ez da Baxurdetan egositako konspirazio bat”.
Udaletxean bildutakoek egunaren antolakuntzaren azken ñabardurak zehazten ari direla esan diete bisitariei. Hamar martitzarreko ostea herritik barrena ibili da udal-korporazioak lagunduta, eta kaletik dabiltzan usurbildarrak flipatuta geratzen dira —“Zer zeraman zurito honek?”. Martitzarren buruak galdetu du ea zergatik daramaten maskara. Pandemia batean daudela erantzun diote. “Baina Sagardo eguna egingo da ezta?” Korporazio guztiak burua gora eta behera mugitu du antsiaz. “Eskerrak, lan ederrak izan ditugu eta abestia ikasten. Joder... nola hasten zen?” “Dezepzio handia litzateke halako lanak hartu eta ezertarako balio ez izatea”, beste martitzar batek.
Sagardotegiei deitu, bazkaritakoei, txaranga, karpa, edariak, kontzertuak, hizlariak, Jakoba Errekondo, izotza, trapuak, edalontziak... Inoiz ez da hain azkar antolatu Sagardo eguna. Eta bitartean, Labitik deika ea zer egiten ari diren Usurbilen. Martitzarrena azalduta ere, inork ez du sinesten. Hala eta guztiz, halako batean sinestera iritsi dira, penaz edo. Baina osasun-hesia jarriko diotela herriari: erabateko konfinamendua Israelek Palestinari jarritakoaren parekoa.
Azkenerako iritsi da igande preziatua. Goizean goizeko muntaketa lanak. Gero hamaiketakoa eta lehen botila irekitzea. Hasi da festa! Patxi Zorrotzek oholtzara igo arazi ditu martitzarrak eta kantuan hasi dira usurbildarrak daukate sagardo alkate. Ostean, postuz-postu joan dira ea ze sagardo dagoen hobea dastatzen. Edan eta edan, eta hasieran bezala jarraitzen dute. “Hauek ez al dira mozkortzen?” galdetu du batek. Bazkaritan ere beste horrenbeste dzingi-dzanga, eta gero txarangarekin poteoan tabernaz taberna. Gibela egin gabe pandemia eta pandemia-ondo tarteko, usurbildarrak gudako soldadu eroriak dirudite, edandako dena sartu tokitik botatzen: soinu ezatseginak.
Begiak zabaldu ditu Imanolek, izerditan blai. “Amesgaizto madarikatua!”