Ez da bakarrizketa (edo bai?)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2021ko eka. 16a, 08:29

Non dago Amaia? Axola al du horrek? Axola behar luke. Nori? Niri ez. Zergatik ez? Zu hasi zinen bere atzetik bila eta bila. Bai, eta alferrikako denbora galtzea izan zen. Hain erraz eman behar duzu amore? Ez da amore ematea edo ez ematea. Errealitatea den bezala onartu behar da.

Harritzen nau halako hitzak zure ahotik entzuteak. Zergatik diozu hori? Bizitza osoa amets sortzen ibili den baten partetik patetikoa iruditzen zaidalako. Dena haur ipuin bat zelakoan jardun ohi genuen orduko garaietan, baina begiak argitzeko gai izan gara denborarekin. Kar-Kar-Kar. Bizitzaren esperientziarekin ikasi duen bat dirudizu. Akaso zuk ez duzu horrelakorik egin? Kolpeak berdin-berdin jasotzen dira eta ozeanoak batera edo bestera irentsiko gaitu. Bizi-ikuspegi horrekin uste baino lehenago irristatuko zara zoru labainkorretan eta amildegian behera eroriko. Erorketa infinitua izango da, ordea. Eta horrekin zer esan nahi duzu? Kezkatu behar gaituen bakarra gure hauskortasun gaitasuna dela. Grabitatearen inperioan axola duen ahulezia bakarra. Horregatik sortu genituen pantailak. Beraiek apur zitezen gu baino lehen? Bai zera! Gure harresi, babesleku eta paradisu bihur zedin gure bandoa. Eta zein bando da hori? Ez jainko itxurako salbatzaileena. Ezta zaldi zoro nomadena ere. Norenean aurkitzen gara bada? Zirkuarenean. Zirkuarenean? Ze bando klase da hori? Espektakuluarena, show-must-go-onarena, fokuena, garrasiena, intziriena, maskarena, magiarena, zoramenarena, eskizofreniarena, irudiarena. Ez al da hori bizi gaituen errealitatea? Halaxe da. Orduan gu zer gara, bando errealistaren militanteak? Beste maneraren batek egon behar du hain deprimentea ez izateko tokatu zaigun denbora. Atzera kontu etengabean bizi gara. Geratzen zaiguna erritmoa jarraitzea besterik ez da. Eta nork jartzen du erritmoa? Ordulariak. Ez. Hori gehiegi da. Ez dut bizi izandakoaz jabetu nahi behin argazkitan ikusten dudanean. Nostalgiaren sintomak izan ohi dira horiek. Jendea intoxikatzeraino ailegatu da turbo garai hauetan, autobideak nahiago baititu gurdi-bideen aldean.

 

UGAITZ AGIRRE

“Ez al zara konturatzen alferrik zabiltzala? Zergatik? Jolasa amaitu delako. Ze momentutan amaitu da? Hastea erabaki zenuen momentuan bertan. Kar-kar-kar”

 

Nork tiratuko duenik ere ez da egun. Aski da zilborra bistan joatea konturatzeko norberak zer nahi duen konprenitzeko. Eta bitartean ordularia tik-tak-tik-tak-tik-tak-tik-tak. Atseden hartu nahi dut. Ezin da. Zergatik? Ezin delako. Baina zergatik? Zergatik ez duzu pixka bat pentsatzen? Beti dena mastekatuta irentsi nahi. Beste modurik ba ote da kontsumitzeko? Latetako maitasunak naturalaren zapore bera omen du. Eta hori ona da? Iragarkien arabera bai. Heriotzak bera izaten jarraitzen du halere. Latetakoa zein naturala, biak ala biak dira heriotza. Zergatik diozu hori? Nekatuegi nago. Geratu nahi dut. Ez dago geldialdirik. Non dago Amaia? Ez dakit. Lurrean etzan nahi dut. Hoztuko zara etzaten bazara. Zergatik? Elurra mara-mara ari du. Udaberrian esna nazazu. Udaberriak iazkoaren iazkoak dira, geroz eta zaharragoak. Utzidazu zure silueta irudikatzen. Desagertu dira zidorrak eta tren-bideak. Nora joan nahi duzu? Horrek gutxi asko inporta du nora joaterik ez dugunean. Amaiarengana? Guk ohartzerako aurkituko gaitu berak. Neskato bat da eta. Nola dakizu neskato bat dela? Noizbait ikusi duzu? Bai, edo hori uste dut behintzat. Zenbatzen hasterako joana zen ezkutatzera. Non dago Amaia? Inork ez daki, ez al zara oraindik ohartu? Nonbait egongo da pistaren bat. Ez al zara konturatzen alferrik zabiltzala? Zergatik? Jolasa amaitu delako. Ze momentutan amaitu da? Hastea erabaki zenuen momentuan bertan. Kar-kar-kar. Nitaz trufatzen ari zara? Pitzatuegi gaude trufatzen ez ibiltzeko.