Amaia Ezpeldoi pentsakor dago berriki mantu zuriarekin estali duten gorpuaren alboan. Horrelako kontuak egun grisetan gertatu ohi dira zeruak kolore bat edo beste izanda ere. Baina noir zinemako eszenen pare, egun honetan ere euri biziak blaitzen ditu dema plazako harriak egarriz diren loreen iraupena egun batzuk gehiagoz luzatuz.
“Susmagarririk?”. Zientifikakoen txostena irakurri berritan —tinta urdina euri tantek lausotzen dute—, inspektore laguntzaileak hasperen besterik ez du egin. “Etxebeste delako hori atzeman beharko dugu kontuak argi diezazkigun”. Alabaina, usurbildarrak ez dira aski enpatiko ageri egoerarekin. Desafiozko begiratuen atzean hartzen dute ezkutu beste babes neurri guztiak agortzen zaizkienean. Hitz gutxikoak dirudite, eta Ezpeldoi inspektorearen egitekoak behar baino gehiago luzatuko dituztela suma daiteke. Herri guztiek dituzte beren tabuak, isilpean gorde behar diren sekretuak. Eta itogarria suertatzen bada estrategia hori, beti dago amnesia kolektiboa praktikatzea, ez jakintasuna behin-behineko babesleku aproposa baita besterik ez dagoenean.
Kalez kale ibili da inspektorea. Mendebalde basati haren sekulako antza hartzen dio: etxe bakoitzean bandera bat eta lagun gutxiko jabea eskopeta batekin aterako balitz, Euskal Herria eta Diaspora nahastuko lituzke. Liburutegitik buelta bat eman du. Herriko informazioa eskuratu nahi du. Baina liburuetan idatzita geratu nahi izan dena bakarrik ageri da eta lerro artean irakurtzeko tarte gutxi uzten dute hain ondo borobilduta dauden esaldi ponposoek. Idatzita geratu nahi ez dena ezinezkoa da liburu artean bilatzea. Halere, Etxebeste baten oinatzak topatu dituelakoan dago Ezpeldoi.
Inperioaren zerbitzura lanean jardun eta Indietatik itzuli ostean, bere handitasunaren froga izango ziren donazioak egin zituen Usurbilgo herrian. “Baliteke haren ondorengo bat izatea oraingo krimenaren egilea”, pentsatu du ahots goran inspektoreak lokartu ezinean sabaiari begira. Atepetik sartu dioten eskutitza ikusi berritan, jauzi bizian joan da hura irakurtzera. Ez sartu muturrik deitzen ez zaituzten tokian mekanografiatuta. Norbaitek trapu zaharrak astin ez ditzaten nahi du. Ganbaretan edo garajeetan ondo gordeta dauden trapu zahar horiek hobe orain artean bezala pentsa dezake batek, baina Ezpeldoiri ez zaio halakorik aski. Gorpu bat agertu da elizaren dorre azpian eta aitzaki guztiak merke dira.
Biharamunean tabernan pasa ditu orduak. Idatzi nahi ez dena han ito nahi izaten baita. “Non aurki dezaket Etxebeste?” Inork ez dio erantzun. Orduen buruan galdegin du berriz, eta zoko ilunean ardo berotan gatibatuta dagoenak zera erantzun dio: “Etxebesteko jendea, Ezpeldoikoa bezain sentimendu gabea”. “Beraz inork ez daki ezer”.
Dorreari begiratu dio jada ilunduta dela. Behe laino sartu da eta fokuen argi laranja medio, badirudi sutan hasi dela eliz dorrea. Ilusio optiko bat besterik ez da, baina nahikoa izan da zurrutean zirenak kanpora ateratzeko. “Dorrea sutan dago!”, oihukatzen dute. “Indiarren maldizioa da!”, diote zoro moduan. Ezpeldoik zur eta lur begiratzen die herritarrei, ulertu ezinean zer geratzen zaien. “Ilusio optiko bat besterik ez dela”. Iskanbila handitzen doa, baina: ez da ilusioa. Benetan elizaren dorreari sua eman dio giza gaiztoren batek eta edergailu guztiak belzten doaz su garrak medio.