Etxebestetarrak III

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2021ko urr. 27a, 00:06

Pospolo bat aski izan da udaletxe osoak behetik gora su hartzeko. Ez da errefusetarako ez den beste ezer geratu. Bitartean, Amaiari kasuak ihes egiten diola dirudi, amaierara ailegatzen den orduko ihes egiten baitio ditxosozko puntuak. Gainera, herri demonio honetan denari su emateko jarrera patologikoa dago eta hori ez da homizidio-ikerketa baterako inondik inora lagungarria. Udal dekretu batez debekatu beharko lukete metxero eta pospoloen komertzializazioa. Baina udalak su hartu du.

Amaia Etxebeste atzemateak bakarrik kezkatzen du dagoeneko, eta beste eraikinen batek su hartzen badu, albo kalteen zerrendara gehituko den enegarrena izango da. Gerta daitekeen okerrena berak ere hasierako biktima bezala bukatzea litzateke, eta bere bizitzari estimu neurtua badio ere, ez dio axola demonio zerri hori harrapatzeko balio badu. Iraganeko trapu zikinengatik herri oso bat krimen baten konplize egin liteke, galdetzen zion kuxinari loak bere erresumara eramaten ez zuela ikusita.

Horregatik atepetik gonbidapena jaso zuenean esango ez dudan helbide batean hitzordua eginda, bihotza ohi baino azkarrago hasi zitzaion taupaka. Beharbada, aurpegia urratu zien neska hark ere emozio bera sentituko zuen misterioa argitzetik hain gertu izanik.

AMAIA INSPEKTOREA

“Krimen guztiak argitzeko eginkizuna hartu nuen inspektore egin nintzenean”

Erdi ilunpetan, argizari argiak beltza urratzen duen gela hartan, edateko likoreak eskaini dizkio maiordomoak. Amaiak denak ukatu ditu hara ez dela zurrutera joan argudiatuz, baizik eta Usurbilgo misterioen eta trapu zaharren atzean dagoen Etxebeste demonioari esku-burdinak ipintzera. Desesperazioak egoerak idealizatzera eraman du eta benetan inguratzen duen arriskuaz ez da ohartu ere egiten.

“Zergatik nahi duzu inori axola ez zaion krimena argitu?”, galdegin dio mafiosoak. Tonua barea izanda ere, hitzen bortizkeriak sekulako barne-dardara eragin dio Amaiari. Halere, adore partikula oro bildu du bere zelula bakoitzetik eta erantzun dio:

“Krimen guztiak argitzeko eginkizuna hartu nuelako inspektore egin nintzenean”.

Emaztearen konbentzimenduak gauzak ezkutatzea alferrik zela ohartuta, etxebestetarrek ezkutatzen zuten hari buruz hizketan hasi da Etxebeste jauna. Txanponak beti egon ohi dira likidoz bustiak. Agian bere sortze prozesuan likido izatearen nostalgiaz. Baina izerdiak ez badu bustitzen, odolaren gorriak busti ohi ditu. Eta guk, hain harro begiratzen ditugunean 47 metroz zerurantz altxatzen diren harri blokeak eta haien edergailuak, hori dena ahaztu egiten dugu. Normala da, loriaren argia itsugarria izan ohi da, hain itsugarria, ezen argitasun horrek itzal eta iluntasun guztiak ikusmiratik desagertzen dituen.

“Hain zikinak al dira ba etxebestetarren trapuak? Beste edozein herritarrenak bezainbat izango dira”, Amaiak.

“Herri bakoitzak bere heroiak eraiki bezain garbi mantendu nahi izaten ditu.”.

“Garaiak joan eta etortzen dira. Heroiak ez dira betirako”.

Nork hil nahi ditu, baina, heroi zaharrak? Nor da Nietzsche bezain ausarta (edo zoroa) haien heriotza aldarrikatzeko? Ezer egitea hobe da, gauzak isilik utzi, jendeari ahaztuko zaio pixkanaka beste mila buruhausterekin bonbardatu ostean. “Hori da estrategiarik hoberena. Orain artean funtzionatu du neska hark behar ez zuen tokian muturra sartu arte. Eta bere atzetik zu Ezpeldoi inspektorea. Esadazu, zer egin behar ote dugu zurekin?”

Amaiak bazekien gela hartan sartzen bazen, aukerak zituela hankak aurretik ateratzeko. Etxebestek, ordea, berean jarrai dezala esan dio. Albokoak, urduri, ea zertan dabilen galdetu badio ere, honek aipatu dio: “Ikus dezagun zenbat axola zaion munduari hau jakitea”.