Kendu zizkioten esku-burdinak eta akusatuaren aulkian eseri zen. Adinean aurrera egindako gizona zen, bere bizi-esperientzia guztiarekin zenbait tomotako memoriak argitaratzeko moduan zegoen. Aurpegia apaintzen zioten zimurrek sekulako segurtasuna irudikatzen zuten eta aurrean jarri ziezazkioketen oztopo guztiak gainditzeko indar sobera zuela nabari zitzaion. Fiskalaren eta abokatuen galderak aho-bilorik gabe erantzun zituen. Herritik forma klandestinoan zabaldu zen olerki hark arrazoi guztia zuen, amerikarren sufrimenduarekin egindako aberastasunak eraiki zuen dorrea eta bere apaingarri bakoitza. Eta hura eraikitzen gertatutako istripu, arduragabekeria eta zapalketa Jainkoari eskainiko zitzaion dorre dotoreak zilegitzen zuen.
“Zer nahi duzue? Akaso gure ikurra den eraikina lurrera bota?” Zeinen harro abesten zuten etxebestetarrek “Usurbilgo elizaren hormak” olerkia, gaineratu zuen Etxebeste jaunak. Horma sendoak bai, zertarako dira baina horma sendoak? “Ez erortzeko?”, galdegin zuen Etxebeste jaunak bakarrizketa galantaren erdian. Bai eta bere buruari erantzun: “Erori baikara ez-jakintasun eta ignorantzian. Eta ez al da jendeak nahi duena, buruhauste gutxienarekin bizi eta horrelako trapu zaharrak ganbarako kutxa ilunetan gordeta jarrai dezatela erregutu? Okerrenak zuek zarete —zuzendurik zurrumurruak eta beste zabaltzen zituztenei, tartean olerki famatuaren egileari—, iraganeko krimen horiengatik ez balitz, miseria gorrienean egoten jarraituko baitzenuten”.
Eztabaida sutzen joan zen epaitegiko sala hartan. Amaiak geroz eta garbiago ikusten zuen Etxebeste jauna eskuak garbituta irtengo zela handik eta agindutako erailketa bakoitza, krimen bakoitza, ezerezean geldituko zela. Zenbat neska mutil aurpegi bakoren memoria galduko ote zen zorigaiztoko erorketa, bihotzeko, infekzio, neke, zapalketa kausa? Hamaika eta hamaika gehiago, eta halere, ez aski.
Eta Amaiak izandako susmoak bete-betean bete ziren. Esku-burdinekin sartu zena, gabe atera zen. Herriari egindako ongintza guztiak nahikoak izan ziren zenbait hilketa funtsik gabe artxibatzeko.
UGAITZ AGIRRE
“Esanak dioen bezala, txin-txin txin-txin diruaren hotsa. Indigenek aginduko balute, agian diru-zorroak egingo lituzkete gure larruarekin”
Handik urte askora, Amaia Ezpeldoi berriro ere Usurbilera gerturatu zen ea Etxebeste eta etxebestetarren kontuak nola jarraitzen zuen ezagutzeko. Ardo kopa bat eskatu zuen hara egun euritsu batez eramandako krimena gertatu zen lekutik hurbil. Odol arrasto guztiak desagertu ziren, baita suaren belztasun markak ere. Etxebestek jarriko zituen sosak herriaren ikurra zena berritzeko eta begien aurrean txukun egoteko. Udaletxea ere berreraiki zuten, ez baina han erretako dokumentuak.
Bi mozkor pasa zitzaizkion paretik. Hala moduz abesten zuten “Usurbilgo elizaren hormak ze horma sendoak”, nahiz eta lerro artean zegoena ulertzeko gaitasunik ez izan. Eta pentsatu zuen: hau bai ditxosozko mundua. Denborak gaiztakeriak preskribatu arazteaz gain, on egite ere bihurtzen ditu.
Gure gorputzeko orban horiek ez baitira kezkagarriak. Hori diote dermatologoek. Eta esanak dion bezala, txin-txin txin-txin diruaren hotsa. Indigenek aginduko balute, agian diru-zorroak egingo lituzkete gure larruarekin.