Noaua! #1 kaleratu zenean, inork gutxi espero zezakeen nondik joango zen istorioa. Protagonismoa herriari emateak, opera korala egin nahiak, berarekin hamaika arazo, buruhauste eta barne kalapita dakartza. Horren jakitun ote ziren istorioaren sortzaileak? Zalantzak ditut. Zalantzak ditudan bezala ea koherentzia sortzaile horien kaskezurrean sartuta ote zegoen. Editoreak ere zer hartu ote zuen Noaua! #2 argitaratzen uzterakoan?
Iraganeko hutsegiteak alferrik konpon daitezke egun, eta zama horrekin bizi behar izan dute proiektu honetara bildu dituzten idazleek. Sonata bat lau eskuetara jo badaiteke, sinfonia amaiezin hau auskalo zenbat eskutara jo ote den. Animaleko zorakeria. Hala eta guztiz ere, eta irakurleak senti dezakeen furia eta antsia nigana jaurti aurretik, utz iezadazu nire arrazoiketa hemen argitaratzen.
Koherentzia eza narrazioaren parte diren eszenek osatzen duten lotura lauso edota baldarretatik harago doan gabezia da. Pertsonaiak masa kaotiko bat dira, euren artean harreman absurdoak antzeman daitezke errealismotik deus edaten ez duen arketipoak eratuz. Hori ulergarria izan daiteke hasiberria den idazle-kolektiboarengandik; ez, ordea, bederatziehungarren kapitulua kaleratzera iritsi den titulu batengandik. Zerk mugitzen ditu? Zer mugitzen dute? Zein da euren barne-guda? Noizean behin pertsonaia berri bat agertzen da istorioan —narrazio nagusiarekin zerikusirik ez duena dena esaten hasita—, eta bere rolari buruzko pintzelkada ziztrinen ostean, desagertu egiten da auskalo noiz arte. Komedia merke batekoak dirudite, beharrezkoak direnean bakarrik agertzen dira eszenan.
UGAITZ AGIRRE
“Zerbait asmatu izan bada kontakizun honekin, hori izenburua izan da. Ezin aproposagoa nora doan ez dakien istorioarentzat”
Galdetu Noaua! irakurtzen ari den edonori. Galde egiozu ea pertsonaia karismatikorik oroitzen ote duen. Milara bidean, eta oraino ezin jakin nor den istorioaren protagonista. “Noaua! #589an agertu zen bat eta hark egin zuen zera...” Gezurra! Egiazki istorio hau ulertzeko saiakera egin duenak pertsonaia guztiak zaborrontzira botatzeko direla aitortuko dizu.
Alabaina, pertsonaiena ez da herren egiten duen hanka bakarra. Gertakarien hurrenkera sekula sekulotan ikusi gabeko harpa-jotzerik handiena da. Badirudi gertakariak zoriak erabakitzen dituela, eta bat-batean, aurreko kapituluaren ardatz eta lokarri zena, kontakizunetik desagertzen da ondorengoan irakurlearengan frustrazio gordinena eraginez.
Noski, kritikatzea edonoren esku dagoen gaitasuna dela aurpegira nazakezu, benetako lana hor buruari eragiten, pertsonaiei ustekabeko birak asmatzen egotean datzala leporatuko didazu. Arrazoi faltan ez bazara ere, bakoitzak du bere egitekoa: idazleak sormenaren fazeta eta kritikariak azterketa zorrotzarena. Eta ez narabil obra honekiko gorrotoak. Barka nazala hala bada. Haatik, azken kapituluan aurkeztuak izan ziren zenbat pasadizok izango ote dute jarraipena Noaua! #900 kapituluan?
Garaiz erretiratzea garaipen loriatsua omen. Errotatibak geldiaraztea mahai gainean jarri beharko luketen aukera izan behar da; eta ez diot literatura kritikaren pulpitutik hitz egiteak dakarren jakituria eta ezagutzatik, ez, baizik eta jendarteari egingo liokeen mesedea aitzakotzat hartuta eta lehenetsita.
Zerbait asmatu izan bada kontakizun honekin, hori izenburua izan da. Ezin aproposagoa nora doan ez dakien istorioarentzat.