Eromerian

Asteroideak elkarren artean orbitan talkan igurtzian. Gaua aspaldi jausi baita bere izara azpian jolas dezaten izara zurien pean sartu ez diren horiek. Soilik argi elektriko lotsatia ausartzen da aurpegien silueta lausoak marraztuz formak iradokitzera.

Udako gau giro paregabea. Akaso norbaitentzat beroegi? Hemen dagoena ikusi nahi ez duenak, itxi ditzala leiho-ateak! Noizbehinka ufaka hurbiltzen den haize finak hozkirri atsegina eragiten du lepo atze biluzietan. Garagardoaren freskotasuna zintzurretik behera barne beroa bare dezan, oraingoz behinik-behin. Hau ote larunbat gaueko sukarra?

Erromeriaren anabasan tan-tarratapatan-tapatan jira eta oin arinen artean tan-tarratapatan-tapatan begirada baten distira nabaritu du Maialenek. Bere galaxiatik harago egonik ere, zeinen distiratsuak, eta lotsa gustagarriak lagunetara itzuli badu ere, han jarraituko ote duen desiran tan-tarratapatan-tapatan altxatzen ditu berriro ere begiak bere zirkulutik harago. Han dira oraino eta desiraren desiraz barne poztasuna irribarre bihurtu da ezpainetan.

Nor ikusi dun Mai?

Ainara ere ingurura begira hasi da lagunari barrea nork eginarazi dion ezagutu nahian. Maialeni dion estimuagatik egiten du. Bilaketan dela, baina, ipurdian jo du alboan duen lagunak tan-tarratapatan-tapatan dantzarako gonbita luzatuz.

Zertan habil Maider?

Lagunaren deskuidua probesturik bere galaxiatik urrundu eta barrarako bidea hartu du Maialenek. Bi garagardo eskatuta ditu urrunean ikusitako mutilak eta eskuetara botila hotza emanik, zure zain nengoen batekin agurtu du.

“Erantzuna emateko astirik izan gabe, bozgorailuetatik aditu da tipi-tapa-tipi-tapa KORRIKA! Lekukoa airean daramate kilometroak, elurteak eta gau hotzak atzean utzita”

Oraindik epeltzeko denborarik ere ez dute izan ba.

Botila ahora eraman dute biek ala biek begiak ezin kendurik batak besteari. Tan-tarratapatan-tapatan motelduak eskuak neskaren gerrira hurbiltzera eraman du. Maialenek, gonbita onartuz, sorbaldan jarri du berea eta bi garagardo botilak elkarren aurka kolpatuz, topa egin dute bat-bi-hiru bat-bi-hiru bat-bi-hiru horretan.

Begi-jolasean, izenaz galdegin dio. Hark, neskatxak nahi moduan deitzeko erantzun, eta Maialenek anonimoekin ez duela jolasten belarrira xuxurlatuz bat-bi-hiru dantzarekin amaitzeko keinu egin du.

Oier, ahoskatu du presaka eta beragana hurbilduz beste behin ere.

Musikak, aldiz, bat-bi-hiru bat-bi-hiru bihurtu du tarratapatan-tarratapatan-tarratapa. Maialen askatu da Oierrengandik eta bere aurrean hasi da dantzan oinak arin tarratapatan eta Oierrek neska imitatuz mugitzen ditu aldakak gora eta behera eta hatzetan hots berriro ere iji eta aja begien-jolasa.

Beste bikote bat gehitu zaie. Oierri ez zaio hainbeste gustatu ere, baina nor da dibertsioaren mugak ixteko? Ezker-eskuin mugimenduan ohartu da mutila sartu berri den neskak disimuluan nola begiratzen duen. Beltzaran liraina, xarmagarria, tarratapatan eta Oierrek erantzun dio irribarrearekin jakinik bere begiak Maialenengan daudela. Behinik gau honetan. Arrimatzen saiatu zaionerako, baldarkeria irudi ez dezan moduan hartu du Maialenenganako bidea tarratapatan eta jarri zaio alboan, ipurdia ipurdiarekin.

Ba niri neska polita iruditzen zait, pegatzen duzue, aitortu dio irribarre handiarekin Maialenek.

Gaur gauean begiak batentzako bakarrik ditut.

A bai? Eta esan, nor da zortekoa?

Erantzuna emateko astirik izan gabe, bozgorailuetatik aditu da tipi-tapa-tipi-tapa KORRIKA! Lekukoa airean daramate kilometroak, elurteak eta gau hotzak atzean utzita. Korrikaren euforiara batu dira tipi-tapa tarratapatanaren erritmora zeuden guztiak. Hamaika egunez eta harago, erritmoa zein doinua izanik ere hau hori hura.