Hogeita hemeretzigarrena iritsi da kunplitzera, ta han gertatuak ta kontuak nator zuri kontatzera. Goizian goizik dena prestatzen bazan nahiko jaleua, sagardo kajak hara ta hona:
“Zertan ai haiz?”
“Noa hua?”
Hamaika terditan hasiera, ordurako asuntua prest eon bihar du ez badegu gaizki hasi nahi kontua. Botatzalliak beyen tokitan argazkiya eta gero, Noauako Itxaso t’Aritz oholtza gañian zihero urduri zeuden festa hasteko geratutzen baitzan zero. Usurbildarrak daukate kantau, “Txotx!”, esan ta denak ero.
Zoramen haren erdi-erdiyan aurkitutzen zan Izaskun bere lagunekin postuz postu ta edalontziya eskun. Bapatian mutil kazkamotz bat jantzita zegona txukun parez pare tokatu zitzayon: «Gaur zerbait dakau jokun». Etziyon begirikan kendu, ez, mutillari goiz osuan. Gutxienian hamaika trago berak botiak basuan edan zituen, baita probestu galdetzeko nola zuan bere izena ta honek Xabi.
“Gero gaude deskansuan.”
“Ze ordutan bukatuko dezu? Ez bada atrebentziya.”
“Ordubiyak pasata seguru, ba al dezu pazientziya?”
“Itxarotiak ez du grazirik. Zatoz nekin, hoi utzi ya!”
Xabik buruakin ezetz. Latza Izasen penitentziya. Ta ikusiko ziralakuan berriro ere frontoira. Bero zapa itogarri hartan falta zan haize firfira. Hori ezian sagarduari ahal zan guztiyetan tira ta elizako orratz txikiya pasa zan batetik bira.
Goizeko festa bukatutzian neskak topatu nahi posta, frontoyan ez, Askatasunan ez. «Nun sartu da ba artista? Pentsatu Izas, pentsatu Izas, ez al ziñan horren lista?» jende artera berriz begira zorrotzago zula bista.
Usurbilgo plazako jendiak zeukan aurpegi gorriya. Hala egotiaren motibo sagardua, eguzkiya. Itzaletara erretiratu, deskantsuaren premiya batek baño geyok zuan ziplo erortzen baitziran iya. Izaskunek ta bere lagunek gauza bea zuten egin, nahiz ta lehenenguari hautua askorikan ez atsegin. Iratik mozkortuta erregu pixkaten eseri zedin. Eserita’re Xabiren billa jun ber zula berdin-berdin.
“Zer ikusi diyozu Izaskun lehenagoko mutil horri?”
Pentsatzen jarri ta berihala aurpegiya gorri-gorri.
“Hurbildu zaitez, sekretua da ta ez kontatu iñorri. Internetez hitz egiñak gea, horratik nahi nun etorri.”
“Ze esatezu? Benetan Izas?” Zutaz enuen espero. Lotsati xamarra zirudien... Beste bat izan ezkero...”
“Ezetz ba Ira, beakin hitz ein det iya-iya gauero. Pentsatzen jarri ta derrepente nabari naiz bero-bero”.
Bokadilluak Bordatxotikan hartu eta errotondan bi mokadutan irentsi zuten eta handikan segidan berriro ere botatzallia nun zegoenaren miran elkartu ta inprobisatzeko irrikaz eta desiran.
Sagardotikan garagardora jauzi eiteko denbora txarangaren burrunba entzun ta kalian behera ta gora arrapaladan jende mordua ondo jakin gabe nora. Baten baten eskua gerriyan, etorri zayo gogora: «Xabi izan dadilla mesedez, izan dadilla mesedez». Burua biratu du Izasek desiyoz, eziñegonez. «Jode bera da, jode bera da!» Bere baitarako pozez, ta agurtu zun berriz mutilla ipurdiko bat emanez. Mutil kazkamotzari gustatu neskaren ipurdikua eta honek izan nahi zuenez baita demokratikua beste ipurdiko bat neskari, gehi opari zimikua. Horrela segi zuten jarraituz txarangaren erritmua. Ta txoznetara allatutzian hartu zuten txupitua eztarriya ta sabel aldia erretzeko modukua. “Kaixo” “Kaixo” “Zemuz?” “Ondo ta zu?” “ondo, pixkat mozkortua”. Gerritik heldu, mingaña sartu: han bukatu zan kontua.
Muxu bat lehenengo ta jarrayan ukituak, igurtziyak. Askorako ziyen emateko zeukaten beroaldiyak. Arnasa hartzeko denboaik ez zuen biyak ala biyak, lehentasunak aldatutze ditu holakuetan biziyak. Eguraldikuek esan zuten galerna sartuko zala, ohartu ere etziran goitik behera bustita zirala. Kontu geyo’re gertatu ziran, galdu ziran hainbat bala, baño entendituko dezu hoik kontau eziñak dirala. Pandemi ditxoso hori hasi ta handikan bi urtera Usurbilgo sagardo eunen batera eta bestera ibilitako bikotiari jazotako gertaera egiya edo gezurra ote? Hori ya zure aukera.