Emaztea gorila edo antzerako zimino bati eskua emanda ikusi omen zuten kalean. Fidel ez izateak ez zuen kezkatzen, horregatik deitzen zen Eva, eta tradizio judeo-kristauak eta katekesiak zerbait erakutsi badute, zera da: emakumeak aukera baldin badu, gizonezkoa tentatuko du. Halere, inolako testu sakratutan ez da ageri zimino bat limurtzeko gai denik. Ez zeukan zalantzarik: limurtze asmorik egon bazen, Eva hain izan zen inozoa, ezen tximu batek zoratu zuela.
Ei Ugaitz! Baina zer demontre ari zara idazten? Surrealismoak ere bere mugak ditu, alajaina! Eta garrantzitsuena dena: zer titulu klase da hori? Non daude bia eta hirua? Estrabiatuta?
Arazo teknikoak egon dira. Hasiera batean baloia hitz txostenaren bigarren atala aurreikusita zegoen, baina oporrak edo eguraldia tarteko, sistema zoratu egin da.
Nola sistema zoratu?
Itzuli zenean, beste bat irudien Anek. Selektibitateko emaitzak jakin zituenean bertan bazekien ez zela medikuntzan sartuko. Aurpegian nabari nion, eta bestelako ezer aipatu aurretik, motoan buelta bat ematera gonbidatu nuen.
Hondartzara joan ginen ilunabarraren presentzian isilik egotera. Freskagarri pare bat erosi nituen makinan eta uda aurreko gau udatiar hartan ilargiak distira bereziarekin argiztatzen zuen iluna.
Baina zer ilargi eta zer ilargi ondo? Eta nor da Ane? Amaiaren laguna? Portzierto, aurkitu al dute azkenean edo oraindik gaztelaniaz esan ohi den bezala busca y captura egoeran aurkitzen da? Jendeak oraindik ez daki nor den ere Amaia.
Hirukote pedante hura entzuten barrua sutan jartzen zitzaion polizia ohiari. Bere etxeko bakardadean jarrita hitz bakar bati ere ez zion ihes egiten uzten. Lerdokeriak bata bestearen atzetik. Zer demonio zen jainko berrien ergelkeria hura? Euskaldunek jainko batzuk izan dituzte eta zuten berrien beharrik. Gauzak nahasteko gogo nardagarri hori, gazte axolagabe eta kaskarin horiek dena hankaz gora eta zentzugabe utzi nahi zuten. Eta okerrena zen administrazio publikoaren onarpen osoarekin ari zirela horretan.
Ugaitz Agirre
"Baina zer zorakeria klase da hau Ugaitz? Merezi duzu Noauatik ostikada batez bidaltzea. Nola ulertuko du irakurleak zuk zerorrek ere ulertzen ez duzun zerbait?"
Norbaitek geldiarazi behar zituen deskalabru handiago bat egin aurretik. Nor izango zen, ordea, halako enpresa abiaraziko zuena muga gorriak edonon jartzen zituen gizarte batean? Tolerantzia zela, askatasuna zela, errespetua zela... Galbidera zihoan gizartea, eta horren jakitun zen Berasategi inspektore ohia.
Eta orain inspektoreen kontua? Baina zer zorakeria klase da hau Ugaitz? Merezi duzu Noauatik ostikada batez bidaltzea. Nola ulertuko du irakurleak zuk zerorrek ere ulertzen ez duzun zerbait?
Oporrak behar ditut.
Hori ez da aitzakia horrelako kuxidadea egiteko! Zer pentsatuko dute hau irakurtzen dutenean erredakzioko kideek? Seguruenik ea zein droga klase maneiatzen den zure inguruan, zeren eta koherentzia gabezia hau ez da normala ezta zirkulu abangoardistenetan ere.
Zin dagit ez dela berriz gertatuko, emadazue beste aukera bat.
Aukerak garesti ordaintzen dira hemen. Zer uste duzu dela Noaua, hirugarren mailako libreto bat? Hemen ere errespetu bera eskatzen dugu.
Uda ostean indarberrituta azalduko naiz eta inoizko istorio interesgarriena idatziko du. Denak zur eta lur utziko dituena, eta hilabetero zain egongo dira ea nola jarraituko duen jakin nahian.
Hori da hori egoa.
Uda ostean, zin dagizuet!