Zu ere harritu zintuen erantzun hark. Nire umorearekin kutsatzen ariko zinen, segurki.
Orduko hartan, paisaia idorrak inguratzen gintuen. Muino higatuak, borobilduak eta sastraka lehorrek estaliak monotonia aspergarria ziren. Ezker-eskuin batak bestearen kopia zirudien. Begiak itxi eta negu hotz hartako eguzki printzek aurpegia goxatzen zizuten. Nahikoa ez. Autoak berogailua matxuratuta zeukan, eta zuk beroki gorria zeraman soinean. Bufanda koloretsua, artilezko txanoa eta eskularruak ere ez zitzaizkizun falta. Txaketaren kremailera ezpaineraino igota gidatzen nuen nik.
Zigarreta egin eta pizterakoan, leihoa zabaldu nuen keak alde egin zezan.
Erokeriak egiteko dira, erantzun zenidan ohi bezala.
Ez al zen izan halako zerbait gure lehen lurrartzea? Erokeria diot. Bartzelonako aireportu kanpoaldean besarkatu ginen bizitza osoa haren irrikan egon diren biren pare: pelikula sentiberetako eszena. Gerritik gogor heldu, estutasunean goxo, bigun, atsegin. Berokipean haragia bilatzen genuen humanoak ginela ziurtatzeko. Ohitura hori sarritan praktikatu zenuen: ipurdia ukitzeko tentazioa eutsi ezin, eta arrimatu bezala joaten zitzaizun eskua hara. Kasu egiteko eskatzeko, bi kolpetxo: tas, tas.
Ei, Ugaitz, egun on! Zer ari zara orain ere pentsatzen?
Saltotxo bat eta guzti eman nuen ustekabe haren erruz. Irri egin zenuen, irri txikia, eta ez zinen bakarra izan. Metroko besteren batek ere barre egin zuen nire izuaren kontura. Detektibea ezkutalekutik aterata bezala sentitu nintzen, biluzik, ahul, zaurgarri. Bidaiariak jabetu ote ziren zertan ari ote nintzen?
Ze, beste istorio bat?
Zu bai, antza zenez. Istorio baterako pertsonaien bila, zehatzago esanda.
Fisikako tratatua irakurtzen ari zen agureak bizitzaren deprimentea eta goibela kontatzeko balio zezakeen. Iraganeko modara jantzita eta errutina grisari lotuta, denbora tarte iheskorrak besterik ez zituen, agian, nerabezarotik ate joka zeuzkan pasioez gozatzeko. Horrelako liburua irakurtzeko lekua ez baitzen bagoi estu eta zaratatsua. Une oro hurrengo geltokiaren berri ematen duen ahots mekanikoa eta diru eske zebilen gitarra-jole andetarraren maitasun abestiak, jende gehien ibiltzen zen bide tarteetan.
Zer esan gaztaro betean bizarra zatika ateratzen zitzaion mutil beltzaranari buruz? Ez zion begirik kentzen mugikorrari. Hiriko planoa antzeman nion. Bitartean, hankekin kartoizko kaxa inguratzen zuen altxorra bailitzan. Egunean zehar esertzeko zituen momentu eskasetakoa izango zen bidaia hura. Segundoen balioa nik neuk baino gehiago apreziatzen zuen.
Gominarekin ilea atzeraka orraztuta zeraman tipoak gaizki begiratu zituen bere ustez maitasun keinu gehiegi egiten ari ziren bi mutil. Ez zitzaidan inolaz ere erakargarria egin ez pertsona, ez pertsonaia bezala.
Beste hainbat pertsona zelatatu banituen ere, han, erakargarriena zu zinen. Nire gorputzera helduta zinen eta ilea garbitzeko erabili zenuen xanpua usaintzen nizun. Laranja usaina. Bagoiaren dardarak medio, gogorrago heldu zinen. Estutasun hartatik askatu nahi ez, eta nagikeriaz hitz egin zenidan, erdi marmarka, erdi lo bezala. Lanera joateko ez zeneukan gogorik, eta are estuago heltzen zinen nire gerrira. Proposamen bat bururatu zitzaidan:
Laura, erokeria bat egin nahi?