Biharrak inoiz ez daki (2)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2022ko urr. 26a, 00:46

Joaneko txartelarekin bakarrik joan nintzen Bartzelonara. Aspertzen nintzenean, bururatuko zitzaidan moduren bat itzultzeko. Merke esan nahi dut. Askatasunagatik zen. Opor luzeak nituen, eta zure lanak nahi bezain sarritan elkarrekin egotea izorratzen zigunez, manera aproposa iruditu zitzaidan.

Okina baitzinen. Gogoratzen ze ilusioa egin zizun hitz hori euskaraz ikasteak? Ikasi zenituen ere irina, legamia, ura eta gatza. Ogia. Behin, etxean egin zenuen niretzat. Ogi egin berriaren usainak etxe osoa inbaditu zuen, eta zer den pazientzia eza, mingaina erre nuela.

Eroa!

Ez al ziren erokeriak egiteko?

Minik ematen ez dutenean, memeloa!

Nik umorez ikusten banuen ere, benetan larritu zinen beroagatik garrasika hasi nintzenean. Ur txorrotadaren azpian mihia jarri nuen zure aholkuz. Bitartean, ze tontoa izan nintzen adierazteko zenekizkien forma guztiak zerrendatu zenizkidan.

 

UGAITZ AGIRRE

“Pentsatzen nuen: nola ostia konbentzituko dut Lau lauzpabost eguneko bidaia egiteko?”

 

Aldiz, bidaiarena inori min ematen ez zion erokeria zen. Bizitza hankaz gora jarri nizula esatea gehitxo bazen ere, grazia askorik ez zizun egin. Ez ideia txarra zelako, sekulako irrika eragiten zizun nirekin bidaiatzeak. Lan egutegia zen arazoa, ordea. Okinaren galtza zuriak janzten ari zinela proposatu nizun berriz ere.

Zoratu al zara?

Aitortu behar dizut baietz, nik sofatik. Zer da bizitza erokeriarik gabe?

Agurreko muxua ematera hurbildu zinen.

Ez nago txantxetarako, Ugaitz, esan zenidan erdi serio. Kolperik jotzen ez duen lankide babo horrek lan gehiago jartzen dit gainera. Asteburua iristen denean, lasaiago hitz egingo dugu.

Kanpotik lasai banintzen ere, barrutik haur mukizu bat nintzen nahi zuena ez lortzeagatik erretxinduta. Zurekin bidaiatu gura bainuen, zu zeu ezagutzeko, are gehiago, zure baitan murgiltzeko. Elkar egote intermitenteak ez zidan laguntzen zure barne erraiak ikusten. Larrutarako biluzten ginenean ere, nire izena jarri zenion argi urdinak bustita ikusten zintudan. Bai, esan ohi dudan bezala, ze sunormala nintzen hala pentsatuta, ze begiek denaren berri ematen dute!

Loak hartu ninduen ni neroni madarikatzen ari nintzenean, eta begiak zabaldu nituenean, nire baitan bilduta zinen koala bat zuhaitzera nola. Ez zintudan esnatu nahi, eta, halere, esnatu zintuen nire betazalen mugimenduak. Oraindik irin pixka bat zeneukan masailetan.

Egun on, Lau, zer moduz joan da gaurkoa?, xuxurlaka.

Ezpainak hurbildu zenizkidan eta pa baten ostean, berriro ere bularraldean jarri zenuen burua loak hartzeko. Barkatu izkinaren batekin jo bazenuen ohera eraman zintudanean. Sofa ez da atsedenerako leku erosoa.

Isilean gosaldu, eta kalera irten nintzen ahal bezain pronto. Bizarra ere ez nuen egin, nahiz eta azkura izaten hasi eta zuri ez gustatu muxu ematerakoan. Sudur puntak sufritzen zuen gehien. Bueltan moztuko nuela esan nion nire buruari. Ez zintudan esnatu nahi.

Ibiliaren ibilian, eramateko kafea hartu nuen auzoko kafetegi txikian, eta urrats desbideratuek memorian iltzatuta geratu zitzaidan parkeraino itzuli ninduten. Lehengo hartan musika bandak girotzen zuen, eta sardana baten erritmora dantzan jarri ziren bertaratuak. Zuk krokis bat egin zenidan nola dantzatu esplikatzeko.

Itzulera honetan ez zen ez musika bandarik, ez sardanarik dantzatuko zuen dan–tzaririk. Erretiroa hartutako jendea, erosketak egitera zihoazen etxeko andreak, zakurra paseatzera atera zutenak... eta ni. Pentsatzen nuen: nola ostia konbentzituko dut Lau lauzpabost eguneko bidaia egiteko? Gaur bezala sofan lotan itxarongo diot eta nire alboan lokartzen denean, besoetan hartu, eta kotxean sartu. Bejondeizula Ugaitz! Irtenbideak aurkitzen onena zara.