Nire galderari emandako erantzunak barregura eragin zidan, eta horrela zela bermatzeko, begiak ireki nituen. Bat-batean izan zen, zer nolako izua. Parez pare, beso bateko distantziara, hirurogeita hamarrak erraz zituen agurea topatu nuen. Kolonia usain indartsua nabaritu nion. Ez zuen kantitatearekin asmatu. Ondo nengoen galdezka nuen. Hortz horiak, baten bat faltan, eta ahoa zabaldu bakoitzean, sekulako ardo kiratsa. Deserosotasunaren hotzikarak bizkarrezurra gurutzatu zidan.
Ezinegonak jota, kafe hotza hurrupa bakarrean bukatu nuen. Hark, sentitzen hasi berri nintzen ezinegona lehendik nuenaren beste sintoma bat zela ulertuta, tematiago galdetzen zidan ea ondo nengoen. Ez dakit nola iritsi nintzen ondorio hartara, baina balio izan zuen. Eduardo Mendoza idazle kataluniarraren fikziozko Bartzelona horretan agertzen diren pertsonaia bat zela pentsatu nuen. Sinesgarria, baina fikziozkoa. Eta fikziozkoa izanik, ezin zidan ezer egin. Hala, beste modu batean ikusteko gai izan nintzen: pertsona pertsonaia literarioa.
Orduan, bere zimurrak ez zitzaizkidan hain makurrak iruditu, ez eta begiradaren joana horren zoroa.
Distantzia laburtzen joan zen nire arazoa planteatzearekin batera. Astebetekoa zen bizarra igurzten pentsatzen zuen izena ez esan, ezta galdetu ere ez nion agureak. Taberna zoko ilunetako zoro jakintsuen parekoa zen, alegoriazko erantzunak ematen dituzten horietakoa. Eman zizkidan irtenbide posible bakoitza aurrekoa baino eroagoa eta aldrebesagoa zen.
#1 (Bahiketarena): Laura lanetik etxerakoan harrapatu beharko nuke. Badaezpada ere atetik hurbil inolako eskandalurik ez eragiteko. Garrantzitsua aurpegia estalita izatea. Autoaren atea ere zabalik egon beharko litzateke, gauzak azkarrago egiteko. Baina, kasualitatez, norbaitek ikusi eta poliziari deituko balio? Nou Barris auzunetik mossoak pertsekuzioan. Elkarrekin ikusi genuen komedia frantsesaren geroz eta antza handiagoa du. Hirugarren bati, agureari berari, filmatzeko eska diezaiokegu.
#2 (Txori erituarena): Plan honetarako perikito torreko bat harrapatu beharko nuke. Zauritua badago, egiazkoa izango da, baina kontua bere egoera penagarria simulatzea litzateke, alegia, ia hilzorian. Albaitariarenera urgentziaz eraman behar dugula esango nioke Laurari, eta bera ezagututa, ziztu bizian joango ginateke. Behin kotxean sartuta, autobidera abiatu beharko nuke. Momentu kritikoa, ze Laura konturatzen bada perikitoa sano dagoela, akabo.
#3 (Anaiaren ezkontzarena): Lantegira deitu eta aitzakia on batekin libratu beharko nuke. Anaiaren ezkontza. Horrelako ospakizunek aitzakia on bezala balio dute, ezta? Ahalik eta ponposoena iruditu behar du, ordea. Han, Euskal Herrian dela ezkontza, eta familiari egundoko ilusioa eta poztasuna eragiten diola Lauraren presentziak. Inspektorea bailitzan frogak eskatzen baditu, argazki saio eta eskulanak egingo ditugu.
Laugarrena aukeratu nuen: Bartzelona-Reala partiduarena.