Biharrak inoiz ez daki (4)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2023ko urt. 3a, 08:09

Julenek deitu dit, Bartzelonara datozela Realaren kontrako partida ikustera. Bale. Igandean da. Bale. Hiria ezagutu nahi dute. Bale. Gida lanak egingo zenituzke, Laura? Bale-zer?

Ustekabean harrapatu zintuen proposamenak.

Gaur asteazkena da, noiz datoz ba?, larunbat arratsaldean erantzun nizun.

Eta partida noiz da?, igande bazkalostean erantzun nizun.

Joder, nik zurekin pasa nahi nuen igandea. Gironellara joatea pentsatzen nuen. Horrela, bertatik bertara ikusiko zenuen zure protagonistaren herria.

Ez nekien horri nola eman buelta. Tximeletak bizkarrean eleberriari buruz hitz egin nizun lehen egunetik aurrera, liburua irakurtzeko gogoak azaldu zenizkidan hamaika maneretan. Itzul nezan ere proposatu zenidan. Hori zaila zegoen, baina Bartzelonan eta Katalunian Sarak egiten zuen ibilbidea elkarrekin egin genezakeela iradoki izan nizun behin baino gehiagotan. Eta behin Gironellara joatea planteatuta, ezin nizun ezetz esan. Nire buruarekin haserretzen ari nintzen.

Gironellara guztiok joan gaitezke, bota nuen pentsatu gabe. Erabat irreala zen. Gezurra izanda ere lagunak zihoazela, ez litzaieke horrelako planik interesatuko.

UGAITZ AGIRRE

“Egina eginda zegoen, atzera kontua martxa jarri zen, eta ez zegoen beste irtenbiderik jolasari jarraipena ematea baino”

Baina nik zurekin bakarrik joan nahi dut, erregu tonuan. Begiak dirdizka zenituen eta ume mutur hori.

Sukalde txikian sartu nintzen bazkaria prestatzeko intentzioarekin. Plana ez zen nahi bezala atera. Ez, zinez gaizki atera zen. Gezur kumulu bat eraiki nuen zeina ez zen bere pisua sostengatzeko gai. Realak ere ez zuen eta bertan jokatzen!

Egina eginda zegoen, atzera kontua martxa jarri zen, eta ez zegoen beste irtenbiderik jolasari jarraipena ematea baino.

Lagunek ustez lurrartzeko 72 ordu inguru faltan, zentrora jaitsi ginen. Rambletako turista saldotik ahalik eta urrunen, iparralderantz abiatu ginen. Zabalguneak alderatuz, Gracia pasealekuaren eta Dublingo O’Connell Street-en antzekotasunak xuxurlatu nizkizun, baina zure interesak beste nonbait zeuden, ez nire azalpen pedanteetan.

Dublinera joan gaitezke, esan zenidan segituan.

Gorputzak akzioa eskatzen zizula zirudien, eta nik, nire ergelkeria eta banitatea tarteko, ezetz esan nizun erronka absurdoa tarteko. Graciako luxutik aparte geratzen zen taberna-kafetegian azaldu nizun zorakeria: James Joyce idazlearen Ulises irakurri behar nuen Dublinera itzuli aurretik.

Ze ergelkeria!, eta interneten zein libururi buruz ari nintzen hizketan ikusi ondoren, hizki larriz errepikatu zenidan. Bizitzan zenbat ergelkeria egin ote dituzu pentsatzen duzun guztiaren erdia egitera iritsi bazara Ugaitz?

Bartzelonara joatea zaku horretan sartzen zela aipatu, eta zuk:

Baina hori polita izan zen.

Lagunek ustez lurrartzeko 48 ordu inguru faltan, metroak begien aurrean itxi zizkigun ateak. Hurrengoa hiru minutu barru zetorren, baina zuk kendu zizkizuten hiru minutu horiek eskatzen zenizkion tren-konpainiari. Estu besarkatu zintudan entretenigarriago egiteko esperoa. Zuk igarri, nahiz eta aprobetxatu. Sagrada Familiatik gertu jan genituen pizza haiek berriro dastatzeko gogoa sartu zitzaidan. Berriro joan gintezkeen hara afaltzera.

Gironellara joan nahi zenuela han esan zenidan, oroitzapenak freskatuz. Zure lagunek ostatu non hartu duten badakizu? Horrela inguru horretara joan gaitezke eta zer dagoen begiratu. Denbora aurrezteagatik.

Azaleko zeluletan nabari ez bazen ere, guztiz urduri nengoen. Kalanbreak ustekabean, orroak sabelean. Ez nekien nola jarraitu gezur hura, jadanik fikzioa ere ez zena, ez baitzen sinesgarria. Hegaldia atzeratu zutela esan behar ote nizun hurrena? Suma ez zenezan, zu besarkatzeari utzi nion.