Biharrak inoiz ez daki (5)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2023ko ots. 3a, 06:09

Lagunak ustez lurrartzeko 24 ordu baino gutxiago, eta gogoa helbide batera joan zitzaidan: Carrer de la Diputació, 296, Bartzelona. Bigarren eskuko liburu denda bat. Zer egin ez dakidanean liburuetara joan ohi naiz, ez erantzun terapeutiko eta miragarririk topatuko dudalakoan, baizik eta bideari beste argi bat ematen diotelako. Liburua benetan ona, eta gainera bere orrialde artean harrapatu bazaitu, magikoa izango da. Pertsonaiak ulertuko dituzu, haien konplize bihurtuko onean eta txarrean, eta orduan, orduan bai, zureetan konplize izango dituzulakoan, aurre egingo diozu errealitateari fikzioaren olan forjatutako estrategiekin.

Apalategiak banan-banan begiratu nituen, liburu bakoitzaren bizkarrean agertzen zen titulua eta egilea identifikatzeko asmoz. Noizbehinka, bat hartu eta esku artean sakonagotik begiratzen nuen, ausazko esaldiak irakurri, sinopsiari begiratua bota, egilearen argazkiari, biografiari. Beti daude sorpresatxoak, ezustekoak bat-batean erakargarri bihurtzen dituztenak aitzitik aparte utziko zenituzkeen liburuak. Bizitza ere hori izan ohi da askotan, ezusteko kate bat jarraitzea non amaituko duzun gutxi asko dakizuna, baina inola ere ez nola.

Ongi zaindutako lokala zen, berria zirudien bere zuritasunaren kariaz, eta bertan islatzen zen argiak ez zuen itzalik egoten uzten. Argi zitezela dendako liburu guztiak, erabiliaren erabiliaz urratuak, horituak, zarpailduak!

UGAITZ AGIRRE

“Zer egin ez dakidanean liburuetara joan ohi naiz, ez erantzun terapeutiko eta miragarririk topatuko dudalakoan, baizik eta bideari beste argi bat ematen diotelako”

Zabaldutako batek oraindik bere aurreko jabearen notak zituen gordeta: zugan pentsatuta erosi dut. Imajinatu nituen esaldi bakan haiek ezkutatutako paisaiak, atmosferak, harremanak, leporatu zenidan arte hiperbolazko bost ordu neramatzala han sartuta.

Baten bat gustatzen zaizu?, zirraraz galdegin nizun. Utzidazu liburu bat oparitzen!

Egia esan ez nekien zein ziren zure gustu literarioak. Pertsona bati buruzko informazio asko lor daiteke etxean dituen liburuetatik. Zure gelakoak gogoratu nituen, apalategian txukun jarrita zeuden. Tituluak ez nituen oroitzen, akaso Jules Verneren bat zegoen?, baina bai amarenak zenituela. Liburuen aurrean bere argazki bat zegoen. Eskutan hartu zenuen. Buruz behera ipini zenuen eta ezpainak muxukatu zenizkidan segidan.

Bihozkada bat duzunean, segiozu.

Eta bihozkada hori literarioa bada, ez utzi joaten. Heldu gogor eta bota barruak nahasten dizkizun guzti-guztia. Eskergarria da pertsona horri eskainitako hitzak berari irakurtzeko ematea, eta benetan zintzoak badira, berak ere eskertuko ditu.

Horregatik zara hitz hauexen protagonista.

Hori dena izan zen lanera lagundu nizun gauean argi eta garbi geratu zitzaidana. Gainerako guztia nahas-mahas nardagarria zen. Ez nion zure nagusiari deituko familia ezkontza faltsu bati buruz hitz egiteko: nor da hain inozoa horrelako zerbait denborarekin planifikatu behar dela ez pentsatu, eta baimena emateko?

Zure ate soinuak berriro ere sofan botata harrapatu ninduen.

Begira Ugaitz, begira ze topatu dudan hona bidean?

Perikito zauritua zeneraman besoan bilduta. Eta orduan bai, orduantxe ulertu nuen nire egitekoa: bahitu behar zintudan.

Lo pixka bat egin eta bazkalosteko kafearekin, lagunak atzeratzen ez ote ziren ari iradoki zenidan. Baiezkoarekin erantzun nizunean, Gironellako plana mahai gainean jarri nuen berriz. Biok eguna elkarrekin egoteko genuen, merezi genuen. Idatzi ere egingo ez nuen mezua bidali niela esan nizun, gauean elkartuko ginela.

Begiak zabaldu zenituenean, Lleidarako hogei bat kilometro falta ziren. Zuri ez zitzaizun harrigarria egin, eta paisaia idorra kontenplatzen hasi zinen.