Biharrak inoiz ez daki (6)

Nitaz idatziko duzula?, pentsatu dut nire baitarako. Berokian ondo bilduta, begirasuna denborak nostalgiaraino higatutako paisaietan iltzatuta jarraitu dut. Kantu bat egongo da hor nonbait halakorik adierazten duena, ze irrati kateko azken booma isilik hobe legoke. A, zerbait erantzutea nahi duela? Ea, nitaz idatziko duela, ba...

Uste duzu nitaz edozer dakizula larrutan egin dugulako?

Igual pasa egin naiz? Denbora gehiegi pasa dut zure umore absurdoarekin. Begiak ixten zaizkit eta orduan indartsuago jotzen du zentzugabeak. Zigarreta bat egin dut esnatze aldera, eta piztu orduko zabaldu duzu auto matxuratu honen leihoa. Are hobeto jarri dut beroki gorria, eta bufandarekin kokotsa ere estali dut. Zigarroak, baina, ez du deus berotzen, eta hotz sentsazio hau gainetik kentzeko desiratzen nago. Hara! Atsedenleku bat bost kilometro eskasera. Hatz erakuslearekin zerbitzugunerako irteera erakusten duen kartela erakutsi dizut, keinukariarekin eskuinetara eta esku frenoari gora.

UGAITZ AGIRRE

“Behin bakarrik bizi gara eta gozatu behar da. Agian, horregatik halako goxotasuna sentitu nuen zure eskuekin nireak bildu zenituenean hiri-autobus hartan”

Hotza egiten du negu gorri luze honetan, cullons! Besotik heldu zaitut eta zerbitzugunean estu-estu sartu gara. Barruko berogailuak ia arropa guztia eranztera behartu gaitu gero. Ez harritu bihar eztulka hasi eta etzi sekulako sukarra izatea ere. Eguraldi aldrebesa jendarte aldrebes batentzat.

Nola ez, zuk kafea eta nik txokolate beroa eskatu dut. Mahaiaren bueltan jarri eta eskuak nork hotzagoak izan jolasten hasi gara bata bestearenak berotzeko ariketan. Eta soa begiradan harrapatuta, hitzak soberan daudenetan bezala.

Lehen enkontruan ere mutu geratu zinen. Besarkada estu bat, hori egiteko desiratzen baikinen biok ala biok, eta jaitsi berri nintzen autobusera igo ginen metropolira hurbiltzeko.

Bost gidariak zer pentsatzen zuen, bost zigun bezala aurreko bikotearen iritziak, hegaldi-laguntzailearen usteak eta agurearen susmoak. Horrek guztiak axola beharko baligu, besteen esanetara biziko ginatekeen bi ginateke. Eta ez. Behin bakarrik bizi gara eta gozatu behar da. Agian, horregatik halako goxotasuna sentitu nuen zure eskuekin nireak bildu zenituenean hiri-autobus hartan.

Eskuak. Gure heldulekurik behinenak beharbada? Bitartean, heldu eskutik zioen poetak. Zuk halako esaldirik egin gabe heltzen zenidan, edota eskuek elkar jolasten zuten ahurrean laztanak eta kilimak tartekatuz. Bizkarrean ere nabaritu nituen, bisaiaren mugetan, ilean endredatuta. Gorputzaren geografian esploratzaile. Eta zuk kasu egiteko, ipurdian nabaritzen zenituen nireak bi kolpetxo ematen.

Zergatik bahitu nauzu?, zer-nolako erantzuna botako didazun jakin guran.

Barre egin duzu, antza, ezpain gaineko txokolatezko bibotea tarteko. Neska bibotedunarekin argazkia atera duzu, eta behin zure aulkian atzera, pantomima guztia hankaz gora jarri duzu. Nik banekiela dena, eta seguruenik, nire nahieran moldatu dudala guztia. Aitortu dizut, bai, jai egunak hartu nituela zurekin egoteko aitzakian zuri esan gabe. Zuk, bitartean, aitortu didazu Jose Javierren burutazioak nola jarraitu dituzun, jakin gabe emaztea berriki hil zaionetik, ez dela gai bere burua zaintzeko.

Eta zergatik nitaz idatzi?

Kafeari putz egiteak ez dizu balioko.

Ez daukat bizitza izugarria, ez ditut sekulako abenturak eta ez zait iruditzen ezer handiari buruz idatz dezakezunik ni bezalako bat istorioaren gidari izanda.

Zerbait idaztean, hasi zara, barrutik ateratzen zaizulako da. Eta zure barruan dagoena, benetan axola zaizuna izaten da. Zure hitzak zeuk sinesten badituzu, guztiek sinetsiko dituzte, eta orduan, gauza txikienak handi izango dira irakurlearen irudimenean.