Neguko gau hotza gizakiaren esku hartzerik gabeko desolazio hartan. Urrutiari so geunden kotxearen fokuak baliatuz zerbaitek mugiaraziko gintuen esperantzan. Haize hozkirriak sartu gintuen berriro ere autora.
Lotarako tokia bilatu behar dugu, erantzun zenidan nora gindoazen galdegin nizunean begirada hutsarekin.
Aragoiko lurretan, jaun feudal baten tiraniatik ikasitako gazte mozoloak eman zizkigun gure logelako giltzak bere izenaz gogoratzen ez naizen herrian, ez hostalean. Gurutze bat zintzilik zegoen paretan, eta eror zitekeen beldurrez, gau mahaitxoko tiraderan sartu genuen.
UGAITZ AGIRRE
“Baina ustekabean, ihes egiteko gai izango bagina, hasi nintzaizun galdezka,
zer eramango zenuke?”
Mende bat atzera egin genuelakoan, haragizko ametsak egikaritu genituen orainaldian ginela ziurtatzeko. Sexu osteko zigarroa leiho ertzean jarrita erre zenuen, nik ohetik zelatatzen zintudan zure figura biluzia miretsiz.
Izterrean esaldi bat zenuen tatuatuta, eta nik Sarari marraztu nizkion tximeletak nituen buruan, zeinak hasiera batean hatz puntarekin azal gainean marraztutakoak besterik ez ziren. Denboraren joanak eternoak egitera bultzatu ninduen, ordea. Ez zen aski une bateko sentsazioan geratzea, are azala zartatu behar zen, zauritu, min egin eta tinta bertan isuri.
Gorputz bero horretan zer marraztuko ote nizukeen nik, baina? Ez ziren tximeletak izango ez. Esaldiak ere ez ditut sobera maite azalean. Zigarretarekin erretzen zarela imajinatu dut une batez, azal gainean erretura. Askatu, eta lurrera eroriko zen egundainoko suteari hasiera emanik. Erre orbana azalean eta inguruan garrek antigoaleko gela hura errauts bilakatu arte kiskaliko zuten. Han harrapatuta geratuko bagina, inork jakingo zuen bertan topatzen ginela, harrerako mozoloa izango zen testigu bakarra.
Baina ustekabean, ihes egiteko gai izango bagina, hasi nintzaizun galdezka, zer eramango zenuke?
Sua etxekotu zenezakeela aipatu zenidan, nahiz eta beti pizti izaten jarraituko zuen. Gorputza nekatuta neukan, ordea, eta ez nengoen filosofiarako. Ergelkeriarik handiena bota nizun:
Salbatu beharko zenituzke untxitxo txuri guztiak, bestela haien erradikazioan konplize izatea leporatuko zintuzke fiskalak.
Leihoaren ertzetik so geratu zinen. Zerbaitekin jarraitu nahi ez nuenean, kale itsuetara eramaten nuen elkarrizketa, eta ordurako ondotxo zenekizkien jokoaren arauak nola ziren.
Eta ez dit ezer galdetuko zure hilketari buruz?
Hori inspektorearen galdeketan lanpara argi itsutan.
Heriotza ez, baina hutsunea gorputz zulatuan eramaten jakin behar dugun inebitable horietako bat baita. Izara oraindik beroetan bakarrik esnatzeko izua. Baina izua ezin denez kuantifikatu, inspektoreari gutxi asko axolako dio, ez bada gainditu gabeko patologia bat txosten psikologian apuntatzeko.
Egunsentiak begietara so harrapatu gintuen, esperoan bagina bezala. Zure atzean ipinita, gerritik besarkatzen zintudan, eta gure aurrean paisaia amaigabea esnatzen zitzaigun. Behe laino urdinak isil zeuden soroen gainean atseden hartzen zuen, harik eta eguzki izpiek nebulosa atomikoki desagerrarazteari ekin zioten arte. Goizeko ihintza tanta ia kristalezkoak izan ziren krimenaren froga bakar.
Txoriak kantuan hasi ziren. Hotz egiten zuen eta sabelpean eskuak irmoago elkartuta, lepo ertzean muin eman nizun.