Biharrak inoiz ez daki (8)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2023ko mai. 10a, 11:24

Errepiderik abandonatuenak, pitzatuenak, basenak jarraitu zenituen. Orein batek gure aurrean gurutzatu zuen asfaltoa. So geratu zitzaigun zerbaiten beha balitzan. Motorra itzali zenuen eta adi-adi segitu animaliaren mugimenduak. Baita keinurik ñimiñoenak ere. Aztoramenduaren zaratarik gabe ginen, eta badakit, orduan nekien bezala, kanpora atera nahi zenuela, eta kotxearen kapot gainetik zelatatu bidaia oztopatzen zigun biziduna.

 

Ondotxo genekien, baina, mugimendurik txikiena mehatxutzat hartuko zuela, eta jauzika, brinkoka, ihesi joango zela zuhaitz artean ezkutatzera. Horregatik, bigunaren gainean mantendu zinen begiak adi buruz ikasi nahiko bazenitu bere ezaugarri eta ñabardura guztiak, hurrengo batean berriro topo eginez gero, Ei! Gogoratzen nitaz? Nire bidaia oztopatu zenuen, baina nik ez nizun inoiz horrelakorik leporatuko, seguruenik ni izan bainintzen zure jolasa moztu zuena, esateko.

Alde egin zuenean ere, motorra itzalita eta isilik mantendu ginen errepidearen erdian. Tiro hots bat entzun zen oso urruti. Ehiza garaia izango ote zen?

UGAITZ AGIRRE

“Zure atsedenlekuan irudikatu nuen nire burua. Ihesari azken puntua ipini eta beste kapitulu bati ekiteko unea”

Mendialdera gindoazen, Jakara agian? Ez zen axola zuen zerbait. Herri txiki batetik igaro ginen, harrizkoa. Aldaketa eskatu zenidan kafea hartu genuenean. Kafetegi txiki batean zen, horman zintzilik zeuden sarde, zintzel, aitzur, ingude eta saskiak. Beheko sua piztuta eta oraindik temati eusten zion negu gorriari aurre egiteko egur pila ondoan. Mostradorearen atzean txokolatea, gailetak, ogia, arrautzak eta abar. Balantza zahar bat eta bakailao gatzatua buztanetik zintzilik mantentzen zituen denda-kafetegi horietakoa zen, aire bukolikoa zerion.

Nola imajinatzen duzu etorkizuna?

Derrepentean harrapatu ninduen zure galderak, Lau. Erantzunik eman aurretik bota zenuen zeurea:

Nirea ez dut oso garbi. Haurrik ez dut nahi, garbi dudan bakarra hori da. Baina imajinatzen dut nire burua horrelako toki batean, ogia lehen egiten zen bezala egiten, eta herritarrei eta bidaiariei salduko nien. Baratza bat banu, barazkiak eta fruta arbolak jarriko nituzke, eta haiekin marmeladak eta gauza goxoak eta orain imajinatzeko gai ez naizen beste mila gauza egingo nituzke. Eta zuri probatzeko emango nizkizuke.

Zure etorkizunean nago, beraz?

Hasierako harridura laster bilakatu zen ondorio zentzuzkoa: konpromisoari beldurra niola. Begietara adi begira jarri zintzaizkidan. Orein hura nintzen. Ihes eta ihes jada zertaz ihesean ari den ez dakiena nintzen. Eta bat-batean auto batekin topo errepidean. Pausa. Obserbazioa. Pentsatu: zeri ari nintzaion ihesi? Galdegin gabe ere galdegiten zenidan, galdera batzuk ez baitute hitzik behar eta keinu batzuk galdera logikoenak baitira.

Beti baldin badago ere iheserako motibo bat, azkenean, beti, geratzeko toki aproposa aurkitzen denean, batek ez du handik alde egin nahi izaten. Bere ihesaren akabera, atsedenleku behinena.

Zure atsedenlekuan irudikatu nuen nire burua orduantxe. Ihesari azken puntua ipini eta beste kapitulu bati ekiteko unea. Atsegina zen, goxoa, usain erakargarrikoa zen, ogi egin berriarena zegoen. Bazkaltzen ari ginen.

Memoriak jauzi egin zidan elkartu ginen gauean pizza jan genuenekora. Ahaztu ezin gazta urtua zeinen malgu irristatzen zen airean eta zure hortzekin koxk ez zedin mahaira eror. Zeinen irri kutsakorra bezain eternoa zurea! Gure atzeko autoek zarata jasangaitza egiten zuten; halere, zure baitan harrapatuta nengoen. Aurrez aurre baino, orpoz orpo hobe, besoak elkar itsatsita eta zure eskuak nire izter gainean.

Nik ipini nizun eskua izterrean mendialdeko herri hartan.