Biharrak inoiz ez daki (9)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2023ko eka. 9a, 17:07

Herri txiki hura bisitatzen, kale estuak zeharkatu, eta ohartzerako, maldan gora jarri ginen. Okre eta gris koloreko harrizko etxeak geroz eta urrunago ikusten genituen gure bizkarrean, tximiniei zerien kea geroz eta gorago zihoan. Zerua urdin-urdin zegoen, egun txundigarria zen.

Zuhaitz artetik, erdi galduta, erdi galdu nahian, zelatari basak adaxka artean ezkutatzen ziren. Errekasto baten pista jarraitu, haren melodia jostaria salatari, eta berrehun metrotara harri higatu, borobildu artean jauzika topatu genuen. Izokinak legez, korrontearen kontra eta aldapan gora, fabrika abandonatura ailegatu ginen. Akaso armak egingo zituzten iraganean, akaso zurgintzari lotua egon zen. Poetikoagoa baitzen hori pentsatzea: zuhaitz gazteek, goroldioak eta huntzak bere egindako harrizko hormak naturak mendeetan egositako mendekua zen.

Dantzatu nahi?

Musikarik gabe, Ugaitz?

Zergatik ez? Nahi?

Gerritik heldu nizun. Eskuin-ezker balantza. Eta bat. Eta bat bi. Eta bat bi hiru bat bi hiru bat bi tupust! Indarrez heldu ninduzun sorbaldatik, ez erortzeko.

Ondo zaude?

Emeki, bi oinak nireen gainean ipini zenituen. Bat eta bi. Zure ezker hatzak eta nire eskuinak korapilatu ziren eta gerritik eusten zintudan bitartean, nire bizkar atzean pausatuta zenuen zurea. Burua bularraldean.

Gorputza arin zihoakizun fabrika zaharraren erraietan, ia-ia airean.

Gironellara eraman ninduten pentsamenduek. Fikzioaren urratsak jarraitzeko asmotan joan ginen, nire kreazio baten ehizan. Esplikatzea nahi zenuen zer egiten zuen han Sara Ballet izeneko protagonista hark, zerk atera zuen handik, zerk eraman zuen hara. Ez zitzaidan modu aproposagorik bururatu txinoetan garagardo latak erosi eta ibaiertzeko pasealekuan edatea baino. Zuk ez duzu edaten, baina Coca-Cola batek berdin-berdin balio zuen.

Mediterraneoko eguzkiak goxo berotzen zuen, eta memoria egiten saiatu nintzen: eszena hark zer esan nahi ote zuen? Latarekin jolasten nuen, ireki gabe.

Sara eta Xavi hemen esertzen direnean, hasi nintzen kontatzen, gaua da. Xavi bere txikitako laguna da; orain, abokatua. Aitaren hiletagatik itzultzen da Italiatik hona. Hurrengo egunean da hileta. Akaso, sentitzen duenez hura ez dela gogoratzen zuen Gironella, dena erabat aldatu aurretik, iraganeko ohiturak inbokatu nahi ditu garagardo latak ibai ertzean edanda lagunarekin.

Ez nuen garagardoa edan.

Eta zergatik Gironella?, galdetu zenidan jakin-minez beteta herritik ateratzekotan ginenean: Zer du toki honek beste herri batek ez duena?

Ez zegoen misterio handirik. Izena gustatzen zitzaidan, bere sonoritatea. Italieraz ahoskatzen nuen, eta horrek eragin zezakeen, ze katalanez ezberdina zela banekien.

Aukera batzuk sinple-sinpleak dira.

Loguraz-edo, begiak itxi zenituen.

Oinak nire oinetakoetatik askatuta sentitu zenituenean, barrez lehertu zinen. Zirrararen eta ezjakintasunaren urduritasuna nahasten zitzaizkizun gorputzean. Hondakin artean bals bat. Auskalo zeren preludio. Auskalo zeren epilogo. Soilik bals bat hondakin artean. Dantzatu baitaiteke ahanzturaren gainean, negarraren gainean, desolazioaren gainean, hondamendiaren gainean. Eta ernatuko dira kimu berriak, bizitzak ez du-eta etenik gurpil zoro honetan. Bira eta bira eta bira, mundua gure baitan bueltaka zebilen, eta guk elkarri irribarre egiten genion, libre, zoriontsu.

Trumoi orroak dena isildu zuen. Hodei ilun ikaragarriak buru gainean. Ekaitza lehertu zen ustekabean. Erauntsiaren melodia eroa. Zaparradak blaitu gintuen hezurretaraino, eta mendian behera, bi zoro ginen aterpe bila.