Biharrak inoiz ez daki (10)

Herriko arropa-denda bakarrean hasi nintzen zentzua ematen bidean ikasitakoari, gogoan hartutako guztiari. Zorakeria-uneak izan ohi dira katarsi momentuak, eta ondorenean, barealdia iristen da. Arnasa sakon hartu eta ingurura begiratzekoa.

Erretiroa hartzeko askorik geratzen ez zitzaion andrea zen dendari. Sartu bezala sartuta, poliziari hots egin behar ote zion ere pentsatuko zuen. Segituan uxatu zituen halako burutazioak arropa erosiko geniola esandakoan kartera patrikatik aterata. Ez zen dirua genuela adierazteko, baizik eta ez zedin gehiago busti. Kamiseta bana eta azpiko arropa erosi genituen. Berogailuari pega-pega, berokiak eta jertseak lehortzen ziren saltzailearen kortesiaz. Salda berora ere gonbidatu gintuen galtza pare bat erosiko geniola esandakoan.

Nora zoazte, gazteok?

Bere herrira eraman nahi nau ezagutu dezadan. Usurbilera, ezagutzen duzu?

Inprobisazio-ariketa zoroa agortzen zihoan pixkanaka. Joan Usurbila, joan ilargira, joan dena hankaz gora jartzera, joan munduaren amaierara eta handik, unibertsoaren azken txokoraino, eta bukaera jarriko zitzaion. Bukaera bukatzea nahi ez nuenari, bidaiari.

 

Ugaitz Agirre:       

"Zigarro bat erre zenuen autoan sartu aurretik. Azken etapa geratzen zen"

Errepide ertzeko marra zuria jarraikiz, Pirinioen ertzetik hurbiltzen joan gintzaizkion Kantauriari. Diskrezioz, hark ikusterik nahiko ez bagenu bezala. Itsasoa ikusteko gogoak zenituen, itsasora joatekoa, oinak ur haietan bustitzekoa, eta azeleragailua zapaltzeko eskatzen zenidan. Nire baitan, oraindik gehiago nahasi nahi nuen bihurgune eta sigi-saga haietan, zuhaitz bakoitzaren historia kontatu, haizeak zamatzen zituen kontu zaharrak zure belarrietara itzuli. Zuk arrainak nahi zenituen oin artean, azal hila jaten duten horietakoak. Eraberritzea.

Bihar. Deskantsa dezakegun helmuga deitzen dugun hori kontenplatu daitekeen tokiren batean.

Ze? Ugaitz, garbi hitz egin.

Autoa gelditu nuen bide bazterrean. Abiatu ginenetik hiru egun pasa ziren eta inebitablea zen momenturen batean autoa hartu eta buelta erdia hartuko zenuela Bartzelonara itzultzeko. Nik egoskorkeria hutsez itxaronaldia luzatu nahi nuen, pentsatu gabe hura ote zen zuk nahi zenuena, ahal zenuena, espero zenuena.

Zure ondoan iratzarri nahi dut beste behin ere, ahoskatzera iritsi nintzen erdi lotsaz.

Aurpegia laztandu ninduzun.

Asteartean egin behar dut buelta. Ordura arte daukagu gozatzeko denbora. Ez da lehen aldia denboraren kontra gozatzen dugula, ezta?

Lehen agurra: aireportuko jende andanaren artean ordularia agortu arte egon ginen alboan. Kafea ez zegoen oso ona, baina bai irakiten. Horrek minutu gehiago eman zizkigun. Hegazkineratzeko terminaletara sartzeko zeuden pertsonen ilara luzean jarri nintzen gogoaren kontra, baina lehenago gogor heldu zintudan: muxu iheskor bat ez nahikoa eta bi. Ez, hobe hiru.

Muxutan lokartu ginen bazterrak behe-lainoak ezkutatzen dituen bailara heze batean. Hontzaren uluak entzuten ziren, eta izarren salda urdina jauzten zen zerutik eremua magiaz bustiz.

Zuri goizaldeko printzek busti zizuten bisaia. Kopetaren leuna, lehenik; gero izan ziren bekain marroi finak; sudur-punta eta matela borobilak, jarraian; ezpain gorri haragitsuak, hatz erakuslearen puntarekin laztandu nizkizunak; eta aurpegia mugatzen, kokotsa. Eguzki izpiak betazaletan itsatsi zitzaizkizunean, zabaldu zenituen begiak loreak ernatzen diren bezalatsu. Zure ile adatsetan endredatuta nituen hatzak, leunkiro. Goizeko ihintzaren dirdiraz egun onak opa eta egunsentiko muxutan sartu ginen izara pean.

Zigarro bat erre zenuen autoan sartu aurretik. Azken etapa geratzen zen.