Poesia haizeak eramaten baitu, eta hitz politak loreetan kateatuta geratzen dira lehorteak sikatzen dituen arte. Garaian garaikoa. Udaberriak ernatu eta udazkenean suizidio pausatuan lokartu. Oroiminak kolpatzen zaituenean, utzi egin behar izaten da. Halakoetan, hobe luma modernoa orri zarpailetan irristatzea armak su egitea baino. Erokeriarik egitekotan, izan dadila krimen poetiko bat.
Kronika bat.
Horixe izan da egindakoa. Kororik gabekoena. Akaso hori izan da motiboa edonora joanda ere, lapur gisan ikusten gintuztela, eta gu, buhame zoro, jardin magikoen xerka, bidaia-kartetan marraztu genituen kokapen debekatu guztiak. Amesterakoan, haietara itzul gaitezen. Bazkalosteko kafeak, berriro ere, Hendaiako hondartzara eraman ninduen modu berean, plisti-plasta urertzean zu, uhinekin jolasean. Itzulerako bidaiak zabaldu baitzuen distantzia, aiztoak haragia nola. Min ematen du, azkura eragiten, mingotsa. Salvo Montalbano sentitzen naiz: inguratzen nauten krimenetan buru-belarri murgilduta, analgesiko bikaina azalpean gogortzen doazen sentiminen kontra. Ez ditu desagertzen, ez, soilik baretzen die euren basa sena.
Okerragoa da lanean ikusten dudan jendearen Titulitis chronica. Ahaztu dituzte hizkuntzetara lotzeko beste hesteak, erraietara zuzenean daramatenak. Maitasuna. Laztanak, kilimak, ukituak, garrasiak, besarkadak, muxuak.
Agurrekoa datorkit gogora. Aparkalekuan ginen eta arratsaldea zen. Ia ilunduta, neguko argia hain baita ahula eta hotza, agur esan gabe ezkutatzen da mendebaldeko mendi-muinoen atzean. Niri ere neguko argiari bezain gutxi gustatzen zaizkit agurrak. Horri gehitu ditxosozko ordularia, ez zaiona une bakar batez burutik pasatzen bere zilborra begiratzeari utzi, eta besteon mesedetan desagertzea. Ezpainetan muxu bat. Denbora dago. Bi muxu. Beste bat nahi dut. Hiru. Berotasun iheskorra gatibu hartzea ezin ,eta ezpain haragitsuen oroitzapenak ere utziko ninduen uste ez nuen momentu horretantxe.
Papera eta boligrafoa eta akordua.
Amets fabrika abandonatuetara deserriratuko naiz. Goroldio eta orbelezko ohean etzan eta lepotik sexuraino zabalduko alderik alde. Borroka-lubaki bakoitzaren arkeologia, abismoek irensten zaituzten talaietaraino urreratu, eta ostean, burua bota sakontasun beltz horretara. Mamuak eta munstroak hor esnatzen direla diote elezaharrek. Ele berriak, mutu, eszeptiko, magiari muzin eginda. A! Min ematen du sabel-txoko horretan erratza pasatzeak, arropa zaharrak botatzeak, ganbara husteak, izozkailuari izotza urtzeak.
Musika jarri behar dut garbiketa egunetan. Sorrow and sadnes, bitterness, grief: Memories I have of you won't leave me in peace. My mind is running back to the west coast of Clare thinking of you and the time we passed there.
Hitzok idatzi artean dardarizo goxoak astindu dit gorputza. Bidaian berriz jarrita aire lanbrotsuko paisaietan, nikotina eta malenkonia usainean, urrats mamuen arrastoan. Eta horiek bezain iheskorrak diren keinuak, irribarreak, hitzak, haizeak ekartzen ditu belarri ondora.
Zer gehiago dizut kontatzeko? Eskutitza idaztea bukatutakoan, lokartuko naiz, eta bihar ere, eguzkia Kalexar aldetik jaikiko da. Egingo ditugu bizirautea ziurtatzen diguten gorrotoa eta maitasuna. Zaborra aterako dugu. Eta infinitura arte, errutina.
Biharrak inoiz ez daki zer datorren, ordea; eta erokeria bat egingo badugu, Laura?