Azalaldatzen (1)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2023ko urr. 11a, 07:31

Begiak zabaldu bezain laster hartu nau buruko min ikaragarriak. Mila zaldi gainetik trostan ibili bailiran, latz zait ingurua begiztatu eta kokatzea. Ahalegin txiki bat. Argi-izpiak hormaren bateko zirrikitutik sartzen dira, eta beira gainean kolpatu ondoren, lehertu dira ni neu itsuturik. Ikusmena itzuli artean, beste zentzumenak baliatu beharko ditut asmoak gauzatzekotan. Usnan jardun, eta hezetasuna nabari dut, orbel eta egurraren ustela zein goroldioaren freskoa. Gasolinarena ere usain dezaket, garagardo lata irekien eta zigarro erreen kiratsa hor nonbait. Ez dirudi oso leku atsegina, bakartia esango nuke: jendartetik at bere sosegua topatzen duenaren gotorlekua.

 

Gizonezko bat irudikatu dut, berrogeita hamarrak gainditutakoa. Itxuraz, sendoa, handia; gizontzar bat, alegia, lagun artean bakarrik barre egiten duenetakoa. Oraingoa baino, lehengokoa. Familia lotura praktikoetara mugatzen dela pentsatuko du, eta emazteari eta seme-alabei ez die behar baino maitasun-keinu gehiago eskainiko.

Ixo! Orain gogoratu dut-eta zerk ekarri nauen hona. Tabernari malapartatu hari kasu egin izan ez banio. Damutzea alferrik da orain, baina zer arraio!, tinko jarraituko dut nirean: Noaua! aldizkariak txutxu-mutxu eta zurrumurruen atala behar zuen. Eta jardun hori egiteko, zein egokiagoa idazle bat baino? Izan ere, fikzioaren itzalpean guztia da egia eta gezurra aldi berean. Horixe da literatura: errealitatea behatu, bertatik mozkortu, eta zenbait aldaketaren ondoren, hitz egokiz kontatzea. Engainu bat, norbaitek esango du.

Zer gertatzen da, ordea, batek pertsonaia bat ezagutu, eta bere burua dakusanean? Inork ez du gustuko haren trapu zaharrak haizatzea, are gutxiago herriko aldizkarian argitaratzea. Besteenez jardutean, paparra puzten zaie; haietaz hitz egitean, sumin basatiak hartzen ditu galerna sartzean nola.

Ugaitz Agirre

"Terrazaren batean eseri, kafea edo garagardoa lagun, eta liburu bat irakurtzen ari denaren plantak egiten, behaketa besterik ez du jo-mugan"

Aurten zer idatzi behar duzu?, hasi zitzaidan tabernaria: Barraren alde honetatik ikusitakoak kontatuko banizkizu...

Patetismoan amildu naiz, ordea, zeren zumezko aulki honi lotuta nago orain, lokaztuta, odoleztatuta. Ubelduak nabari ditut inoiz sentitu gabeko gorputz-zatietan. Sarri besteen gorputzez gehiago jakiten da norberarenaz baino. Idazleak besteen larrupeak ezagutu behar baititu hobeki idazteko: besteen berokiak lapurtu eta soinean jarri nola pentsatzen duten, nola sentitzen duten ezagutzeko. Horixe da idazlearen artea: azalaldatzea.

Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, patetikoarena.

Zeren eta zeinen patetikoa besteenak kontatzeagatik horrela amaitu duen idazlea. Terrazaren batean eseri, kafea edo garagardoa lagun, eta liburu bat irakurtzen ari denaren plantak egiten, behaketa besterik ez du jo-mugan. Ohartuko da begi-ertzeko marketan, ibileran, janzkeran. Agian, esandako horren arkeologia egingo du, nondik sortu ote zen momentuko haserrea, poza edota indiferentzia.

Patetikoa bezain pedantea norberari buruz hirugarren pertsonan hitz egitea. Nonbait irakurri nuen ez direla fidatzeko modukoak. Arrazoirik ez zaio falta, nik neuk ere ez nuke urrik emango nire alde; baina gauzak zer diren! Hemen nago herriko norbaitek bahituta, ziurrenik Andatza inguruko txabolaren batean, herritarren larrupean jolasten ibiltzeagatik.

Ez dakit ateratzea lortuko ote dudan. Une honetan gutxi axola dit horrek, badaude-eta gauza garrantzitsuagoak. Are gehiago, garrantzitsuena: ostirala da, eta Imanoli ez diot oraindik bidali hilabeteko idatzia. Ideia onik ezean, txarra ez honaino ekarritako azalaldatzeak gogora ekartzen baditut, denbora egiteagatik sikiera.