Ez iezadazue eguraldi onaz hitz egin, zeruaren urdinaz, ez! Utikan hori dena! Nik euria nahi dut, ekaitz basatia goitik beheraino mela-mela eginda uzten duten horietakoa. Inoizko maitasunik umelena izan nuen ekaitz egun batez. Orduko pasioa oroitzean, balkoitik, madarikazioka hasten natzaio urdinari, eta eskatzen diot Arnaitzi bidal dezala behingoz iragarpenek iragarri ezinezko deskalabrua.
Zer eginik gabe, ardo botila amaitzekotan nintzen lehen trumoi hots beldurgarriek dardarka jarri zituztenean horma guztiak. Naturaren edertasuna hura, ahazten zaigu maiz errutinaren zurrunbiloak irensten baikaitu, eta ezusteak atea jotzen duenean ez diogu zabaltzen. Beharbada bat-bateko horrek liluratu ninduelako ohartu nintzen nire ateari danbadaka zebilela norbait. Bizilaguna zen garrasika, zioen: “Ireki nazazu, mesedez, erregutzen dizut! Bakarrik nago, eta ez dakit jasango ote dudan barne-ikara hau”. Antza, senarrak alde egin zuen, eta haren akatsak zerrendatzeko tarterik hartu ez arren, garrantzitsuena azaldu zidan; alegia, horrelako gauetan etxea utzi beharrean zegoela tximistorratzak saltzen zituen eta.
Udako ekaitz gauak gorroto dituenik izango da. Niri, ordea, plazerez blaitzen naute, eta pertsonaia historikoak eskertzeko ohiturarik ez badut ere, Benjamin Franklini eskerrak eman dizkiot ordutik bere asmakizunagatik. Bata zarpail bat, auskalo zeren aldeko edo kontrako kotoizko kamiseta, galtzontzillo zahar batzuk eta belaun erdiraino jasotako galtzerdi zuriekin nengoen; baina beso artean babesa eskaini nioenean, ez zuen bitan pentsatu bertara jauzi egiteko. Hortik aurrerakoak maitasunak egin zituela esatea dut atsegin. Aitortu behar dut senarrak ere izan zuela berea, akats batzuk ezin dira sekula egin. Posible ote norberaren etxean tximistorratzik ez jartzea?
Ugaitz Agirre
"Zer diren gauzak! Ordutik balkoian egiten dut bizitza, arreta osoa eskaintzen diet zeruan agertutako zirru, kumulu eta estratu guztiei"
Ez dut luzaroan ahaztuko gau hartakoa, saxofoi-musika oraindik entzuten dut belarri ertzean, eta oroitzen dut ordu batzuetara tenpesta baretu zela. Joan behar zela esanda eskusatu zen, baina ez hurrengo erauntsirako hitzordua jarri gabe. “Nire senarra laster itzuliko da, eta ez banago etxean, ziur hoztuko dela. Beraz, banoakio lehortzera”.
Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, meteorologoarena.
Zer diren gauzak! Ordutik balkoian egiten dut bizitza, arreta osoa eskaintzen diet zeruan agertutako zirru, kumulu eta estratu guztiei. Katedratikoa naiteke gai horietan, eta hodei beltz bat ikusten badut, odola borborka hasten zait, eremu erogenoetan, batik bat. Jakitun naiz, halere, ez dela ordukorik itzuliko, ez, ordukoa berezia izan zen. Itxaropena galtzen omen da azkena, eta klima-aldaketa tarteko, auskalo!
Senarraren zorte ekonomikoa izan zen ekuaziora gehitu ez nuen bariazio bakarra. Izan ere, nork espero zezakeen milioidun egingo zela metalezko makilatxoak saltzen? Gure auzoteria ez gustatzen, eta beste batera migratu zuten, urrun, urrunegi, herrialde mozolo batera; eta bertan euririk egiten badu, bizilagunen baten haurrak balkoitik pixa egiten duelako izango da.
Agian ere nire kontakizuna Sahara hartara ailegatzea. Esan diezaiola ni beti izango nauela leial, bihotzean daramadala. Esan diezaiola, simunak errealitate lehorrez kolpatu arren, egunen batean tenpesta ikaragarri batek elkartuko gaituela, eta haren ostean, ez dela barerik izango.
Txabola kanpoan euria nabari dut orain. Baita oinatzak ere.