Helioz mozkortutako ahotsek pottokiz inguratuta nagoela pentsarazi naute, eta beraz, nik izan behar dut pelikulako gaiztoa.
Gure sekretua ezagutu duzu, hasi zait aita pottokia. Hori izan da nik imajinatu dudana, pottokiek bahitu nautela, eta horren egoera makabroan egonda, ba barre egin dezaket horren kontura.
Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, pottokiena.
Nik jolastzat nuena, istant batean aldatu da generoz. Txutxu-mutxuen kontua broma hutsa zen, edonork jakin dezake idazten dudana ez dela benetan erreala. Errealitatearekin antza pixka bat duen edozer nahikoa da edonor salatzeko, bahitzeko, jipoitzeko. Pottoki indartsuak izan behar du zera esan duena: “Hostia bat eman nahi diot”. Eta herri zibilizatu batean bizi nintzelakoan.
Zin dagit elkarrizketatzen saiatu naizela egoerak betarik utzi ez arren. Nirekin adarrak jartzen dituen emaztearena Georges Brassensen abesti ezagun batean oinarrituta zegoen. Ziur herria oreinez beteta dagoela, baina zergatik naiz ni erruduna?
Ez da horregatik, jarraitu du beste pottoki batek. Horrek ez digu axola.
Filosofoa izango da, beharbada. Hain da gai filosofikoa axola duena eta ez duena bereizteko lerroa jartzea. Halere, hori ez da nire gaia, eta segituan alboratu ditut pentsamenduak hortik. Memoria egiten hasi naiz, ea zer demontre idatzi ote nuen herriko jendea hainbesteraino haserrarazteko. Ez zait ezertxo ere bururatu. Ziurrenik emandako kolpearengatik izango da, ze buruko kolpeek eragina izaten dute horrelakoetan.
Sagardoa urarekin nahasten zutenei buruz zerbait idatzi nuen. Ekoizpena ugaritze aldera, eta sagarren prezioak igo zirenez, ezin zutela herriko zein kanpoko eskaria ase. Istorioa are katramilatsuagoa zen, baina ñabardurak ez datozkit gogora, eta hobe beste une baterako uzten badut.
Akaba dezagun, eta bakea guztiontzat! Gu ez gara pelikuletako kriminal ergelak bezalakoak. Hil dadila jakin gabe zein izan den bere bekatua.
Pertsona listo bat. Munduan geroz eta gutxiago dauden honetan, pozgarria da norbaitek zerbait zentzuzkoa esatea. Ni ez nago zentzuduna izateko egoeran, are gutxiago pentsatuta pottokiz inguratuta nagoela, eta burutik pasatako lehen kirtenkeria bota dut.
Hil nazakezu, baina inoiz ezingo duzu adarbakar bat hil.
Ugaitz Agirre:
"Munduan geroz eta gutxiago dauden honetan, pozgarria da norbaitek zerbait zentzuzkoa esatea. Ni ez nago zentzuduna izateko egoeran"
Ez ditut haien aurpegiak ikusi, baina barregarriak behar lukete. Nire irudimenean, behintzat, poesia hutsa dira. Azkenaldian egindako poesiarik onena. Niri buruzko Wikipediako artikulua eguneratzen dutenean, ipin dezaketela horixe izan zela idatzitako olerkirik gorenena.
Lurrean bukatu dut. Merezita neukan, normala da. Ni ere pottoki bat banintz, jesukristoren ukabilkada emango niokeen halako gauzak esaten dituenari. Izan ere, pottokien herrixkako bakea asaldatzen duen gizajoak zer beste merezi du? Azaleko gaiztakeriarik gabeko gizartea, trapu zikinak norbere etxean gordeta daudela, diskrezioaren izarapean segurtasun-sentsazio horrekin. Bat-batean, izara kendu, eta bat biluzik sentitzen da. Ba horixe, merezita.
Erorketagatik, begietako zapia pixka bat mugitu zait, eta aurpegiak ikusi ez badizkiet ere, oinetakoak ikusi dizkiet.