Halere, entzungor egin ohi dio gehiengoak, eta erosotasuna nahiz osasuna ez dira lehenesten. Nahiago izaten dugu itxurakeriatara jolastu.
Auskalonongo malkarretan altxatutako txabola hartan, bat baino gehiago daude lekuz kanpo, itxurakeriatara jolasten. Nahi dutena esango dute, familia baserritik datorrela, badakitela bereizten zaldiaren eta behorraren artean, tomateak landatzeko garairik onena apirila dela ―ziurrenik Jakoba Errekondori entzun diotelako han edo hemen―; baina izatez, kalekume hutsak dira. Horren ebidentzia, hamar oinetakotatik zortzi.
Ugaitz Agirre:
"Osasunaren izenean, gorputza zaintzen hasi behar nintzenean egoskortu nintzen. Urte hasierako promesak, badakizu. Ni neu izango nintzen nire buruaren Fidias, eta horretarako gimnasioan izen eman nuen"
Badoaz ni hemen utzita. Lurrean. Lehen hitz-trukaketaren inguruan deliberatzeko garaia izango da.
Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, olinpikoena.
Kanpoko txutxu-mutxuak aditu ezin, eta ni ere gogoeta sakonean murgildu naiz. Masaila lur hezearen aurka, eskertu dut azken aldian ez egotea eurite handirik. Lokaztuta egotea atsegin bada ere, metaforikoa da. Lan eginaren salatari da lokatza, edo lokatzaren baliokideren bat. Demagun, izerdia. “Goazen lokatzetara!”, oihukatu bakoitzean, gaixtakeriak egin nahi direlako da. Zikintzea beti lanbropean, behe laino itxiarekin.
Estatua helenikoen poster bat jarri nuen gelako horman. Osasunaren izenean, gorputza zaintzen hasi behar nintzenean egoskortu nintzen. Urte hasierako promesak, badakizu. Ni neu izango nintzen nire buruaren Fidias, eta horretarako gimnasioan izen eman nuen.
Zorroan arropa zahar/erosoa sartu, eta han abiatu nintzen nagiak jota, baina burua estu. «Egin behar duzu, gero hobeto sentituko zara». Beharbada, nahiz eta aldagelatik atera berritan lekuz kanpo nirudien. Batetik, gehiengoak eskulturagintzan tesia egina zeukan; bestetik, moda-nozioak eguneratzen hasi beharra neukan. Gimnasiora itxuroso joan behar da. Kartel handi bat jarri beharko lukete sarreran edo, behintzat, harrerakoak gomendio estetikoren bat eman dezala. Inori ez zaio arrotz sentitzea gustatzen.
Makina libre batetara hurbildu, goitik behera begiratu, behetik gora begiratu, eta ingeniaritza karrera egitekotan sentitu nintzen. Ezin al dute azalpen-karteltxo bat jarri museoetan bezala? Gaizki ariko nintzen, zeren besoak landu eta hanketako mina sentitzen nuen. Hango langilea edo erabiltzailea zen ez dakidan bat hurreratu zitzaidan ea laguntzarik behar ote nuen galdezka. “Lehenengo aldia da, eta badakizu...”. Aitzakia praktikoa zen. Nola erabili azaldu zidan, eta nik bihotzez eskertu nion. Bihotzez baino, gorputzez. Izan ere, bihotzak ez dakit, baina gorputzak sekulako liberazioa sentitu zuen ariketa ondo egitean. Niretzat jainko baten parekoa zen, titan bat, Prometeo bera, Olinpoko sua lapurtu eta gizakiei eman ziena. Sua beharrean, ariketa gehiago eman zizkidan. Ariketak eta gomendioak. Eta proteinak. Eta hango kotilleoak. Eta mindfulness ikastaro azkarra. Eta ekonomia liberalaren tesia. Eta gorputzaren kultua praktikatzeko bideoak. “Ni gerri bueltako kilotxoren bat kentzearekin konformatzen naiz”, erantzun nion adeitsuki.
Dutxara bidean ohartu nintzen hango izerdiak ez dituela margoa eta lurrina ezabatzen. Zikina urak darama eta argazki bat da eginaren testigu.
Lurraren kontra nagoen honetan, izerdia eta lokatza ez ditu urak eramango, eta argazkirik ere ez da izango testigu.