Haserretzen ari naiz. Posible al da pertsona bat horrela edukitzea, zer eta idazteagatik? Euren jardunbidea kaltetu badu nik idatzitako zerbaitek, euren errua izango da egin beharrekoa ez egiteagatik, ezta? Agian ere oraintxe libratzeko indarra izan, eta banan-banan jipoituko banituzke. Orduan idatziko nituzke direnak eta ez direnak Noauako orrialdean. SARE KRIMINAL BAT DAGO USURBILEN IZEN ETA ABIZENEKIN. Irakurleak flipatuko luke horrekin.
Tamalez, gipuzkoarrak dira, eta gipuzkoar izateak badakar berarekin desgrazia handi bat: zozo hutsa izatea.
Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, zozoarena.
Musika-talde batetik hots egin zidaten. Aspaldi jo gabea nintzen, baina sos batzuk irabaztera, ezin uko egin eskaintzari. Talde martxosoa zen. Jendeari gorputza astinarazteko doinuak jotzen ditu, eta ezinezkoa da geldirik egotea. Ezinezkoa, territorioaren arabera. Oholtzatik gauza asko ikusten dira, are gehiago parrandaren baitan.
Aginagako eliza zarrean zen kontzertua. Giro intimoa, argi gutxi eta jendea pilatuta. Parrandarako gogoak zeudela adi zitekeen bakesteitxetik. Garrasiren bat edo beste entzuten zen, baina alkoholak ez zituen oraindik ondo busti barruak. Denbora kontua izango zen.
Igo ginen oholtzara txalo artean. Zaparrada ez izan arren, balekoa. Jakin dakigu giroan ez dela derrepentean sartzen, berotze-prozesua egon ohi da. Eltzea sutan jartzerakoan ere, ez da istant batean irakiten hasten ura. Halere, guk indartsu hasi nahi izan genuen. Inoiz ez da komeni behetik hastea, jendeari barneko indar eta euforiaren berri eman behar zaio hura ere kutsa dadin. Sarri ez gara konturatzen, baina emozioak uste baino kutsagarriagoak dira.
"Sugarrak gori, irakinaldia uste baino lehenago iritsiko zen. Oholtza gainean ere nabari ziren izerdi eta euforia usainak"
Baten bat dantzan hasi zela aitortu behar dut. Suziriak botatzeraino ezer, ordea. Gehiengoa bere tragoa eskuan, ezpainak zertxobait mugitu eta zentimetro koadroko bere espaziora mugatzen zituen hanken mugimenduak. Hori mugimendurik balitz. Hiru kanta jo genituenerako, ei!, kontua pixka bat animatzen hasi zela zirudien. Aurreiritziak zeinen txarrak diren ohartu nintzen, eta agian gau zoragarri baten hasieran izango nintzela imajinatu nuen.
Elkar ukituak, elkar begiradak, elkar trukeak. Sugarrak gori, irakinaldia uste baino lehenago iritsiko zen. Oholtza gainean ere nabari ziren izerdi eta euforia usainak. Garrasi desafinatuak iristen zitzaizkigun, eta gozamenaren lurrinak bat kolokatzeraino eraman dezake. Kide artean, hitzik esan gabe ulertzen ditugu horrelakoak.
Kontzertuaren ekuatorea gaindituta pentsatu nuen ohea zeinen gustura hartuko nuen. Oholtza batera aspaldian igo ez, eta horrelako harrerak gehiagotan igotzeko gogoa ematen du. Agian ez naiz horren zorrotza izango hurrengo eskaintza egiten didatenean.
Guztien ustekaberako, zozo bat sartu zen eraikinera. Haren karranka sartu hutsarekin nabaritu zen. Bazirudien lutoz zetorrela, baina atzealdean pausatu zen, eta tira, han zegoen bitartean, molesti handirik ez zuen eragingo. Emozioak kutsatzen direla, hori esana dut lehenago, eta zozo haren karranka haize hotzaren pare hedatu zen aretoan barrena. Hango bati egin zion galdera bat, eta dantzarako eta dibertsiorako gogoak han uxatu ziren, eta gai sasi-sakonetan murgil, mundu konpontzeko jardunari ekin. Batu eta batu jendea, edo kendu eta kendu, oholtzatik begiratuta. Mundua konpondu, eta guri konplot. Marmarra gailendu zitzaion musikari, eta berearekin konforme, zozoak alde egin zuen gu izorratuta.