Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, Benedict Cumberbatch-ena.
Ez dizkidazu, irakurle hipotetikoa, britainiarraren eta nire arteko amildegiaren ertzak bistarazi behar, badakit batetik besterako jauziak zenbat neurtzen duen, baina ze ostia!, utzidazu dedukzioaren maisu izaten gaurkoagatik bakarrik. Eta uzten ez badidazu, bost axola dit, jada badaukat eta gurutze-bide ederra gainean. Gainera, hainbeste bahiketa eta bahiketa ondorekin, burua joaten ari zaidala gehituko nuke. Hemendik bizirik ateratzen banaiz, ederki sufrituko dute hau egindakoek.
Dena sagardotegian hasi zen. Denboraldia iristen da, eta urteko sagardoa dastatzera behartuak sentitzen dira usurbildarrak. Baten batzuk jakingo dute ezberdintzen ona txarretik, baina hirugarren tragotik aurrera, guztiak berdintzen dira. Hala ere, intelektualarena edo jakintsuarena egitea bati baino gehiagori gustatzen zaio, eta txotxeroaren ondoan jarrita, kupel onak bakarrik zabaltzeko eskatzen hasten dira: hirua eta bederatzia.
Mahaitik altxa, eta han joan ginen horietako batera. Apenas bustitzen nituen ezpainak, detektibe onak zentzumenak adi izan behar baititu. Taldekoek tragoa edan orduko jartzen zuten berriro ere edalontzia edabe gehiagoren antsiaz. Gutxi edaten ari nintzela aurpegiratzen zidaten, baina nik nirean tinko mantendu behar nuen. Zergatik galdetuko duzu. Erantzuna sinplea da: susmoak nituen. Bai, susmoak, edandakoa ez zen sagardo-sagardoa. Beste zerbait edaten ari ginen, eta hori ezagutu behar nuen.
Hemengo sagarrondoek sagar nahikoa ematen ez dutela gauza jakina da. Kanpotik ekarri ohi dute ekoizpena osatzeko, eta bertakoarekin nahastu munduaren sagardo-egarria ase dadin. Tropelean etortzen dira autobuska, eta gero sen primitiboenaz hartzen dituzte kaleak. Hor atzean zerbait zegoen, konbentzituta nengoen. Pozoia izan zitekeen. Sagardogileen sektorea mundu guztia pozoitu nahian jardun zitekeen. Zergatik, ordea? Konplot nazional bat, agian. Frogak behar dira horretarako.
Ugaitz Agirre:
"Bat-batean, kupeletatik zetorren gazte bat hankaz gora erori zen. Irristatu edo egingo zen, zerbait normala gainean zeramanarekin"
Begia zorroztu, eta ohartu nintzen edalontzietako edariaren kolorean, aparrean, usainean. Enologoak nola, neure baitarako gordetzen nuen dedukzioa: sarkortasuna x, azidotasuna y, kolorea z. Diagramak eta formalak garezurraren barruan marrazten nituen lagunek gehiago edatera behartu bitartean. Txuletaren deiarekin azkar asko hartu zuten mahairako bidea. Pentsatzeko une aproposa, haragi gordinaren gainera sarraskijaleak bezala jausten zirena.
Sagardotegia festa handi bat zen. Jendea hara-hona. Zerbitzariak beste horrenbeste. Parrilaren usaina atmosferan itsatsita. Garrasiak, barreak, algarak. Mingainak geroz eta lodiago, birikak geroz eta puztuago. Erakusleiho hutsa zen hangoa, baina zeren erakusleiho? Bat-batean, kupeletatik zetorren gazte bat hankaz gora erori zen. Irristatu edo egingo zen, zerbait normala gainean zeramanarekin. Baina zutitzen ez zela ohartuta, berehala hurbildu zitzaizkion zerbitzariak eta lagunak. Ez zuen erantzuten, eta zerbait gertatu zitzaiola geroz eta garbiago neukan. Abaila betean iritsi nintzen gaztearengana “medikua naiz!” garrasika. Ez zeukan pultsurik, eta ospitalera lehenbailehen deitzeko eskatu nien bertakoei. Kontua arnasa hartzea zen, bestela, bertan galduko genuen. Erreanimaziorako maniobrak egitera abiatu nintzen. Alferrik bezain berandu izan zen guztia. Krimenaren eszena zen jada.