Inoiz ez naiz izan detektibea, ñabardurei erreparatzekoa bai. Sagardotegien monopolioaren aurkari izateko motiboak bilduta neramatzan bizkarrean ordurako.
Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, idazle gezurtiarena.
Magiak nola funtzionatzen duen edonork daki. Arreta beste norabait joaten zaio ikusleari, eta fokutik kanpo egiten ditu egin beharrekoak ikuslearen lilura bilatze aldera. Sagardoa intoxikatzen zutela izan zen nire lehen hipotesia, baina erratuta nengoen. Hori zen guk pentsatu nahi genuena, eta intoxikazioak hamaika argudioren bidez deusezta daitezke: kanpotik ekarritako sagar txarren bat nahigabean sartu zela, edaleak ez zekiela edaten, eguraldiak ez duela lagundu sagar-uztan, eguraldiak ez duela lagundu sagardoaren gorpuztean. Eta gu horren tontoak, txintik esan gabe sinesten dugu. Zeren bertako produktua da, zaindu behar dugu, kontsumitu beharra daukagu.
Ugaitz Agirre:
"Sagardoaren munduan girotutako nobela bat neukala buruan, eta ea hango jarduna erakutsiko zidaten"
Idazle izatearen aitzakian joan nintzen herriko sagardotegi batera. Zeinetara? Horrek berdin dio. Haren atzetik gainerako guztiak bisitatu nituen. Sagardoaren munduan girotutako nobela bat neukala buruan, eta ea hango jarduna erakutsiko zidaten. “Argitaratuz gero, irakurriko diat!”. Halaxe erantzun zidaten guzti-guztiek, bai eta sagardotegi barrura gonbidatu ere.
Sagarra kixkiarekin bildu behar dela, sagarra lehertu gero —txalapartarena handik etorriko ote, susmoa airean utzita—, tolarean pilatu eta prentsatu... eta han dator zuku gozoa. Hura kupeletara isuri, eta denborak egingo du ondorengo magia guztia. Magia bai! Han barruan begiak ezin sartu, eta hantxe amaitu zuten sagardogile guztiek euren sermoia.
Den-denei galdetu nien ea kupel barruan egonik ez ote zuten prozesuan esku hartzen. Eskandalizatu egin zitzaizkidan. Egunero probatu, baina horrez gain, ezer. Usainak, koloreak eta zaporeak eman bide dute gorpuzkeraren berri. Aurrez nekiena errepikatzen zuten, eta nik muturra sartu nahi nuen kontu hartan guztian. Proba ote nezakeen galdetu, eta bizkarraldea besoarekin inguratuta, kupelategira eraman ninduten. Ziria sartu nahi zidatela susmatu nuen, baina tira, idazle gezurtiaren mozorroa mantendu behar nuen. Kupel bakoitzekoa probatu aldiro, zer moduz?, eta niri guztiak antzeko zitzaizkidan. Ezin esan halakorik, ordea. Ñabardurei erreparatzeko trebezia horri zukua atera beharko sagardogileak sagarrari atera nola, ezta?
Bigarrengoa laugarrena baino motelagoa zela esatera ausartu nintzen. Zer edo zer erantzun behar zidan oker nengoela adierazteko, eta nik arrazoia eman beste aukerarik ez. Aitortzen dut pixka bat izorratu zidala, baina nire asmoak ezin hola eta hola argitaratu. Tradiziozko oihal haren atzean zegoenaren bila nenbilen, eta azkura txoro batengatik ezin dena zapuztu.
Dastaketarekin amaitu zen bisita. Nik nahikoa ez, eta oraindik zera edo bestea ikusi ez nuela purrustan bota nien. Beste batean beharko zuela, edukazioz, lanpetuta omen zenbiltzan eta. Istorioaren balizko laburpenak asmatu nituen bat-batean: western estiloko zerbait izango zela, trikiti munduarekin zerikusia izango zuela, eskalatzaileak izango zirela protagonistak... Limurtu nahi, baina erabateko porrota.
Halere, guztiek erantzun bera eman zidaten: gehiago jakitekotan, Jakoba Errekondori galdetzeko, eta hark argituko zidala.