Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau ere, idazle gezurtiarena, baina bigarren fasea.
“Egun on, Jakoba. Galdera bat zeukaat hiretzat”, hasi nintzen. Hitanoak konfiantza adierazten duenez, agian, probetxuzkoagoa litzatekeen. “Etxe ondoan bazeukaat sagarrondo bat”, ziurrenik jada jakingo zuen nondik zihoan galdera. “Etxeko paretak pitzatzen hasiak dituk, eta akaso, kimatzeko tenorea iritsi zaiek”. Hasperen hotsa aditu nuen telefonoaren beste aldetik. Jakin banekien zein izango zen haren erantzuna. Izatez, Euskal Herri guztiak daki, baina tematuta jarraitzen dute herritarrek zuhaitzak kimatzean. “Utz iezaiok sagarrondoari bakean. Nahi dianean kimatuko duk bera bakarrik”. Txirritak ere halakorik esan zion hargin andaluzari.
Kimatzeak sagarrari eragiten al dion jakin nahi izan nuen, ea fruitua okertzen zuen edo bestelako konturik. Ez zidan erantzun balekorik eman. Adiktibo hitza aipatu nionean, eskandalizatu eta guzti egin zen, ea nondik ote nentorren galdezka hasi zitzaidan. “Adiktibo naturalak ere badaude”, esan nion. “Sagarra produktu naturala duk, nola sortuko dizkik adiktiboak?”. Harpa jotzen ari nintzelakoan edo, deia mozteko agindu zion kontrolekoari, eta handik gutxira eten zen seinalea.
Berriro ere deitzen saiatu nintzen, baina alferrik. Amore eman orduko, ordea, telefonoa jo eta jo hasi zen. Ez neukan zenbakia gordeta, eta beldurra eman zidan. Duda-mudatan hartu ala ez, azkenerako, adorez busti eta “Bai, esan?” batez hasi nuen elkarrizketa.
Jakoba Errekondo bera zen linearen beste aldean. Hautsak gehiegi harrotzen ari nintzela, eta gauzak bere horretan uzteko agindu zidan. Non bizi nintzen, nondik ibiltzen nintzen eta gainerako informazio erabilgarri gehiago bazeukatela, beraz, jolasa amaitu zela. Une batez, inteligentzia-agentzia batekin hizketan ari nintzela pentsatu nuen, edo mafiaren batekin akaso.
Izatez beldurtia naiz, baina ez dakit zergatik, jakin-minak erakarpen-indar handia zeukan. Hordagoa bota nion: kontuaz jakin nahi nuen, eta hitzordua jarriko genuela. Nire posizioa indartze aldera, baliagarria izan nintekeela arrazoitu nuen.
Ugaitz Agirre:
"Ez nuke esango atseginez hartu ninduenik Errekondok, baina herriko sagardo-ekoizpenaren misterio eta zertzelada guztiak argitu zizkidan bakarrizketa teknikoan"
Isilaldi laburra baiezkoarekin amaitu zen. Antza, limurtzea lortu nuen. Baserrian jarri zuen hitzordua, eguna eta ordua zehaztu zizkidan. Egiari zor, kaka eginda joan nintzen hara. Ez nekien zer topatuko nuen, eta badaezpada, nori edo nori kontatu nion zein neukan arratsalde hartako plana. Gauzak okertzen baldin baziren.
Ez nuke esango atseginez hartu ninduenik Errekondok, baina herriko sagardo-ekoizpenaren misterio eta zertzelada guztiak argitu zizkidan bakarrizketa teknikoan. Informazio gehiegi garunean sailkatzeko. Halere, adiktiboaren kontua egia zen: herritarrak kontrolatzeko substantzia zen. Sagardoaren kontsumoa handitu asmoz hasi zen guztia, baina ohartu ziren jendearen portaeran ere eragin zezakeela. Botereak jendea usteltzeko joera dauka, eta sagar ustelekin sagardo txarra ateratzen omen. Horregatik, herriko sagar ustelak ezabatu beharrean sentitu ziren. “Eta eskerrak eman, hire idatziek gauzak asko arindu zizkigutek”. Lausengua ote?