Agian, buelta erdia eman, eta mailu batekin kolpatuko ninduten buruan. Agian, borra batekin. Kolperen bat jaso nuen, eta ez dut horren zalantzarik. Gero, ditxosozko aulki honi lotuta esnatu nintzen. Genero beltzeko istorio bateko pertsonaia dirudit, eta zer-nolako ohorea nirea! Umorez hartu beharko.
Oinak barrura sartzen nabaritu ditut. Pentsatuko zuten zer egin nirekin. Hizketan hasi zaizkit. Ez zaitut aspertuko, irakurle, bahitzailearen eta bahituaren arteko elkarrizketa klixea izan da. Uko egin ezinezko tratua eskaini didate —horretan ere mafioso hutsak dira—, eta kontzeptuak argi dioen moduan, ezin uko egin. Beste buru-kolpe bat eman didate tratuaren xehetasunak argitu ondoren, eta orain Bordatxoko errotondan nago.
Eta azalaldatze guztiak direnez zerbaitenak, hau, Ugaitz Agirre Zapirainena. "Eusko lur gainean zutik, zuon, herritarron aurrean, Usurbilgo haginaren azpian, bahitzaileak gogoan, intimitatearen errespetuz, hitza ematen dut ez dudala inoiz gehiago herritarren lepotik idatziko, ez bizi direnetatik, ez hil direnetatik, ez biziko direnetatik. Zin dagit orain artean idatzitako guztia fantasiaren fruitu izan dela, eta aipatu izenak edota iradoki pertsonaiak inoiz ez direla halako egoeratan egon. Zin dagit, herritarrok, eskua jasorik, ez dudala zuen bizitzan oinarritutako ezer idatziko, eta beraz, lasai egon zaitezkete koaderno batekin kalean ikusitakoan.”
Hori zin egitera behartu naute ekitaldi publikoan. Kontrara, ez nintzateke gai izango orain arteko guztia kontatzeko.
Eta orain etxera noala pentsatzen nago: Istorio baterako, ze bukaera kaka zaharra! Istorioak bukatzen direnean, bi aukera omen daude: heriotza edo ihesa. Kasu honetan, irrigarriki etxera itzultzea tokatu da. Orain zer idatzi beharko dut hemen?
"Uda pentsatzeko daukat, baina nola egin usurbildarrei buruz idazteko usurbildarrei buruz hitz egin gabe. Eta markesari buruz idazten badut?"
A, bai! Ahaztu zait. Zin egitearekin batera, Usurbilgo sagardogileek agiria kaleratu dute. Hitzez hitz traskibituko dut: "Usurbilgo sagardogileok adierazi nahi dugu sagardoak ez duela inolako substantziarik, naturalak baizik. Sasi idazle honek aldizkari honetan idatzitako kontu guztiak asmazio hutsak dira, eta ez dugu inondik inora herritarrik kontrolatzen. Sagardoa herriko produktu izarra dugu, eta hortaz, hura goratzera eta edatera animatzen zaituztegu.
Fakenews garai hauetan, gauza guztiak sinetsi ohi dira, baita gauzarik surrealistenak ere. Hala ere, eta gure ohorea eta izen ona zikindu nahi izan baditu ere herritar honek, ez dugu bere aurkako neurririk hartuko, berak bere zinari eusten dion artean. Beraz, altxa edalontziak eta goza dezagun gure sagardoaz!”.
Agian nire buruari barre egin beharko diot. Poetaren abenturak idatzi —spam, autopublizitatea—, eta poeta ez poetak nolako buruhausteak dituen kontatu. Agian hori egin behar dut, bai. Norbere buruari barre egitea baino gauza osasuntsuagorik ez dago, ezta? Horregatik ez didate ezer leporatuko, eta autoparodiarena gauza interesgarria izan daiteke euskal literaturan.
Kontua izango da zer idatzi datorren kurtsoan. Uda pentsatzeko daukat, baina nola egin usurbildarrei buruz idazteko usurbildarrei buruz hitz egin gabe. Eta markesari buruz idazten badut? Ziur bizi den tokian bizi dela, ez dela ohartu ere egingo. Irakurriko ote du NOAUA? Imajinatu, teak eta pastak hartu bitartean, NOAUA irakurri eta berari buruzko istorio bat irakurtzen duela.