Kale Nagusia banderatxoz apaindu zuen kontzejuak. Kolore gorri eta horiak hartuta zeukan herri guztia. Balkoiak, farolak, arropak, denak ziren aproposak piper potoaren koloreak pausatzeko. Gertaera potoloa baitzen herrian gertatzekoa, eta behar zuen neurriko parafernalia. Urteko aurrekontuetatik zati koxkorra bideratzen zen markesaren etorrerarako. Ezin bestela izan. Musika banda kontratatzen zen, apaingarriz betetzen herria, ikuskizunak antolatzen markesa eta bere familiaren atsegingarri... Eta herritarrek ere euren egitekoak izaten zituzten parada berezirako: ile apaindegietan ilara mugagabeak sortzen ziren galant eta lirain egoteko, adibidez, eta armairuan gordetako jantzi dotoreenak txukuntzeko ordua izan ohi zen etorrera hura. Patrikak sosez gainezka zituenak jostunari eskatzen zion egiteko edo Donostiara joaten zen erakusleihoetan zerbait txundigarria topatzeko esperantzan. Gainerakoek suaren ondoan josten zituzten urratutako blusak edota soinekoak. Egunak merezi zuen, egunak hala eskatzen zuen.
San Jose egun hura beroa suertatu zen. Eguzki galdatan bildu ziren herritarrak Kale Nagusian. Oxtapetik Saroe jauregiraino bildu zen jendea, bata bestearen gainean. Lehen lerroan egoteko desirak mutur joka jarri zituen bat baino gehiago. Estatus kontua zegoen denaren atzean. Aurrean egoteak markesarengandik hurbil egotea esan nahi zuen, eta horrez gain, ikuskizun haren parte ez izateak susmoak hauspotzen zituen. “Zergatik ez ote da hau etorri?” Motiboak edozein izanda ere, gaizki pentsatuko zuenik bazen han bilduta, eta aitzakia merkeenak ere ez zuen balio jendearen irudimena mozteko. “Hura anarkista da, izango du burutazio zororen bat, seguru!”, “Abertzale nazkagarri horietako bat da, txokoan atentatuak prestatzen ibiltzen dira hura eta enparauak!”, “Eta horrelakorik gertatzen bada?”, “Ez, Jainkoaren izenean! Zer pentsatuko dute gainerakoek markesaren aurka egiten badute Usurbilen?”, “Horietako bat ikusiz gero, heldu eta lotu mugi ez dadin!”
Udal korporazioa Patrinea parean zegoen galako jantziekin. Alkandoraren goiko botoiak lepoa estutzen zien, eta bero kolpe baten mehatxuarekin nahasten ziren arnasa hartzeko ezintasunak. Ur pitxerrak bata bestearen atzetik ateratzen zituzten jatetxetik inor zorabiatu ez zedin, eta abanikorik eskura ez izateak bat baino gehiago jarri zuen biraoka. Bero itogarriak gizakiaren txarrena ateratzen omen du, eta itzalpean zeudenei tokia egiteko eskatzea liskarrerako lehen urratsa zen. Kontzejuaren aurkako esanak ere ugaritu ziren. Zergatik ez ote zituzten zuhaitz gehiago landatu Kale Nagusian? Hola, mundu guztia egongo zen lasai eguzki izpien mehatxurik gabe, eta hiri handi eta dotoreetako bulebarren zein hiribideen parekoa izango zukeen Usurbilek.
Zurrumurruak zabaldu ahala, bando joleak herri sarreratik jauregirainoko bidea egin zuen patxada eskatzen, baina iskanbilak harrotzea besterik ez zuen lortu. Aguazila eta bere gizonak bidali zituen alkateak segidan, eta gauza bat eta bestea tarteko, borrarekin dinbi-danba hasi ziren, sumisioaren metafora.
“Zergatik ez da oraindik iritsi markesa?”, larritasun koitaduz. Familiakotzat zuten herritarrek, eta inoiz ez zen berandu iritsi urteko hitzordu hartara. “Ez zioten, bada, segadarik egingo honako bidean?”.