“Non dago Alaitz?”, hitzak trumilka ateratzen zitzaizkien. Troiako alaba gazteena zer esan ez zekiela geratu zen. Auskalo non zegoen ahizpa. “Badakigu zertan ibiltzen den zure ahizpa, bai, eta ez diguzu ziria sartuko!” Iskanbila tarteko hurbildu zen etxeko andrea atarira. “Aitarekin joana da larreetara. Lanak ez dauka bukaerarik mundu honetan, eta, ez markesak, ez Jaungoikoak ez duenez lanik egingo, guk egin behar, baita jai egunetan ere”. “Kontuz aho horrekin!”, ohartarazi zioten. “Kontuz zuek mutur bero horiek ez zaitzaten harrapa ateak!” Danba itxi zuen atea, bailara guztian entzuteko moduko danbatekoa.
Motor zaratak erantzun zion. Errio ertzeko errepidean ikuskatu zuten auto ilara. Han zetorren markesa eta bere segizioa sano eta salbu. Arrapaladan egin zuten Troiara gerturatutakoek Kale Nagusirako bidea abisua emateko etxafuegoa jaurti ondoren. Horrek baretu zituen bildutakoen nerbioak. Nolabait. Jada jantziak ez zeuden goizean bezala, eta itxaronaldi luzeak aurpegiko margoa eta indarra lausotu zituen. Egunsentiarekin etxeratutako kuadrilla zirudien herri osoak. Halere, Oxtapeko bihurgunea hartzearekin bat, energia kutsakorra zabaldu zen. Oihu eta txistuak, gorazarreak, iji eta uju, bibaka guztiak. Banderatxoak astintzen zituzten eta malkoak xukatzen. Salbatzailea ikusi zutela zirudien. Beroagatik baten batzuk zorabiatu ere egin ziren, baina testuingurua tarteko, ez zegoen batere lekuz kanpo. Auto barruetatik, markesaren familiak agur egiten zien eskua astinduz. Izarrak ziren lurrean.
"Herri agintariek elizkizuna iluntzean egitea adostu zuten, ez baitzen egokia izango markesaren presentzia gabeko San Jose eguneko meza"
Autoak ez ziren hamar kilometro orduko baino azkarrago joango. Halere, gerturatutakoei azkarregia egin zitzaien, iheskorregia omen momentua. Eta behin pasata, etxera joan beharko, zeren Patri aldean jotzen zebilen musika banda baino gehiago entzun ziren tripa zorriak. Hiru eta erdiak, eta aurreikuspenen arabera, meza nagusira iristeko moduan izango ziren markesa eta enparauak. Herri agintariek elizkizuna iluntzean egitea adostu zuten, ez baitzen egokia izango markesaren presentzia gabeko San Jose eguneko meza. Distantziatik zaintzen duen aita zen usurbildarrentzat, ongia eta gaizkia bereizten zituena, justua eta bihozbera. Aura bereziko gizona zen, eta auto alemaniarretik atera zenean, zeruko eguzkiari itzal egiten zion argia gainean, herritar guztiak belaunika arazi zituen.
“Ze poza ematen didan herria horrela ikusteak. Bat etxean sentitzen da”. Txalo erauntsiaren erdian hurbildu zitzaion alkateari. Bosteko eta muina. “Autoa matxuratu zaigu. Pena handiz geratu naiz meza nagusira ezin iritsita”, eskusatu zen markesa. “Ez kezkatu horregatik, iluntzeko zortzietara atzeratu dugu elizkizuna. Ezin genuke halako ospakizuna zu gabe egin”. Bizkarreko bat estimua azaltzeko.
Eta atera ziren autoetatik segizioaren partaideak: premu gaztea, emaztea eta bi alabak. Maiordomoa, zerbitzariak eta apaiza beste auto batetik atera ziren. Hirugarren batean azaldu zen erdiko alabarekin erromantzeren bat zeukan sehaska oneko mutila, poltsaz gain, itxuraz ere erakargarria. Nor izango ote zen galdetzen zuten herritarrek, jakin-mina eta morboa dosi berean, eta bakoitzak bere fantasia egin zuen, zein baino zein arraroagoa.