“Urtero berdin! Herria eurena balitz bezala etortzen dira handi-mandi horiek, eta hemengo babo horiek lerdea dariela jaten diete uzkia”. Troiako Alaitz bere onetik ateratzen zen markesaren etorrera bakoitzean. “Eta zuk zer egiten duzu?”. Parisko Zuhaitz ez zen isilik geratzen zen horietakoa, tabernan ahoberoak besterik entzuten ez, eta jela sartu ohi zien zintzurretik behera halakoei. “Bizkar ematea gutxi iruditzen al zaizu? Gaur goizean, han nintzen aitarekin sagarrondoak kimatzen, baina gustura asko kimatuko nuke beste zerbait”. “Zer uste duzu dela hau, Novecento? Igitaia sororako eta mailua fabrikarako, neska!”
Eztabaidan jarraituko zukeen Alaitzek, baina jadanik neurria hartua zien halako kontuei. Alferrik arituko zen Imanolekin hitz eta pitz, mugiezinezko bi haitz ziren. Edalontzia berriz betetzera mugatu zen neska, eta zerbitzariak bete. San Josetako sargoriak erraz irristatzen zuen sagardoa eztarritik behera. Eliz barruko freskurak ere bai, baina intsentsua zela eta han bildutako mundua zela, batek baino gehiagok zuzendu zituzten euren otoitzak freskura eskatzera.
"Tabernako burla zitalak denen entzungarri izan ziren orduan. “Busti dadila markesa eta bere alproja kuadrilla!”
Otoitz egitean, fedea izan behar. Eta hangoak fededunak izango ziren, zeren hura bota beharra tenplutik ateratzean. Han goialdean haserre behar zuen baten batek. Goizean zikindutakoak garbitzeko adina balioko zuen, behintzat. Beldurrez pilatu ziren kanpandorre azpian ardiak ekaitz egunean nola. Etxeratzeko tenorea zela eta, tabernatik irriz egiten zieten iseka euripean lasterka abiatutakoei. Markesa eta enparauak azaldutakoan, ez haien gradukoak, eta herritarrak euri jasaren zortera atera ziren. Tabernako burla zitalak denen entzungarri izan ziren orduan. “Busti dadila markesa eta bere alproja kuadrilla!” Aguazila eta haren gizonak giroa lasaitzera hurbildu ziren alkatearen aginduz. Tabernako kontuak zirela eta bakea behar zutela esanda ere, kasurik ez zien egin. “Hi, Zuhaitz, herriko tabernari ilustratua, jakingo duk erromatarrek zer esaten ziaten: Si vis pacem, para bellum”. Garrasiak eta ujuak bandoz aldatu ziren orduan. Eliztarrek egurra eskatzen zuten, holako zomorroak lurpera bidali behar zituen erregimenak. Hura zabortegia, bestela! Estolderian behera eraman zitzala urak ahal bezain urrun.
Iluntzerako egin nahi zuten ikuskizuna eraman zuen tenpestak. Markesak nahiago izan zuen biharamunerako utzi. Eguna luzea izan zen, eta deskantsu premiak nabari zitzaizkien familiako kideei. Saroe jauregian atseden hartuko zutela adierazi zion alkateari, eta atariko burdin hesiak itxita, han barrukoak han barruan geratu ziren.
“Herri dibertigarria da gero!”, aitortu zion maitaleak alaba zaharrenari sala txikian zeudenean. “Hala ere, ezin alderatu kapitalarekin. Zergatik ez goaz bihar? Gu biok bakarrik”. Hura ezinezkoa omen zen. Familiak presente egon behar zuen herriko ikuskizunetan, eta norbaiten faltak zurrumurruak eragingo zituen. “Badakizu ez zaizkidala txutxu-mutxuak batere gustatzen. Izango dugu Kontxatik paseatzeko parada, baina bihar ez”. Amorrua ezkutatzen saiatuagatik ere, alaba zaharrenak keinu zantzuetan antzeman zion frustrazioa. Burutazio zoroak albora zitzala agindu zion bakoitzak bere oherako bidea hartu aurretik. “Gustatuko zaizu, maitea, inoiz ez duzu holakorik ikusia izango”.