Herriko plazan, jende andana bildu zen hamaikak bueltarako. Palko dotorea muntatu zuten brigadakoek. Loreak, ohialak, eserleku kuxindunak, graduak merezi zuena, alajaina. Hantxe hartu zuten lekua Saroetik etorritakoek, eta komeriak ondo jartzeko. Apaizari ez zion graziarik egin palkotik kanpo geratzeak, batez ere, alaba zaharrenaren maitaleari tokia egin behar baitzitzaion han goian. Hura, ordea, beranduago azalduko zen aitzakiarekin eskusatu zen, ondoezik sentitzen omen zen. Eguraldi aldaketa edo klimaren beste-ez-dakit-zer, esan zion andregaiari. Ohean utzi zuen azalpen gehiago eskatu gabe.
"Sari banaketarekin heldu zen iskanbila"
Pilotalekua lehertzekotan zegoen, ez zen jostorratz bakar bat bera ere kabitzen. Denek egon nahi zuten han, eta etxeko lanak erdizka utzi zituenik ere bazen bertan. Urteko hitzordua izan ohi zen. Txistu hotsak eman zion hasiera ekitaldiari. Dantzariak, dotore, frontoiko zola hartu zuten. Denek irribarre zabala aurpegian, jauzika hasi ziren berehalakoan, eta txalo zaparra eta ujuek dantza bakoitzaren amaiera iragartzen zuten.
Alaba zaharrena deseroso zegoen. Haren ondoko eserlekuak hutsik jarraitzen zuen. Nobioak kalabazak eman ote zizkion? Ez ote zen kapitalera joango ezkutuan? Dantzariez ezin goza zebilen halako burutazio eta fantasiekin. Gai ikusten zuen, oso gai, eta okerrena zera zen: markesaren aurrean defendatuko zuela maitalea.
Alaba gazteena, ordea, pozarren zegoen. Dantzarien trebeziarekin txundituta, gustura jaiki eta jarriko zen haien artean. Ez zen dekorosoa, baina. Agian, pentsatu zuen, dantzari horietako bati eskatu beharko diot erakuts nazan dantzatzen. Eta dantzari finenaren arrasto atzetik jarri zituen begiak, harik eta Troiako alaba gazteenaren arintasunak harrapatu zuen arte. Begiak eta ahoa zabal-zabalik utzi zizkion. Ile adatsak ere gorputzarekin batera dantzatzen ziren, eta irribarrea hain zitzaion benetakoa, kutsagarria zitzaion. Bazirudien bera ari zela dantzan kuxindun aulkian eserita egonagatik.
Angelusaren ordua iritsi zen eguerdiarekin. Apaiza bere mailakoa ez zen eserlekutik zutitu, eta plaza bere egin zuen. Latina buruz ikasita, hitz ulertezinak besterik ez zituzten errepikatzen bertaratuek. Baina horixe zen fedea, ulertezinean sinestea, konfiantzaren gehienezko maila. Plazako arima bakoitzak zuen zertan edo norengan izan fedea.
Kirolarien ikuskizunarekin gozatu zuen, gehienbat, Saroeko markesak. Hori gustatzen zitzaion. Gizon gazteen indarra eta kemena. Haren gaztaroa gogorarazten zion plazako gazte lerdenen jardunak. Harria sorbaldaraino igo, aizkorarekin enborra birrindu, lasterka zama soinean... Markesa ez zen sekula horrela ibili, baina bere irudimenean, guztiak gainditzeko beste zela sinetsita zegoen. Okasiorako traje dotoreak ez zuen lagunduko, ordea, eta beste batean beharko zuen erronkak.
Sari banaketarekin heldu zen iskanbila. Hainbat herritarren ekimenez, abertzale, gorri eta anarkisten sotoak miaka jardun ziren. Horrelako ikuskizunak beti izan ohi dira aproposak titularrak eskuratzeko, eta baten baino gehiagoren burutik pasatuko zen markesaren aurkako atentatu bat. Oraindik bezperako susmoak gori-gori zeuden. Bada, bost morroi plaza erdian belaunikatu zituzten zerbait egiteko asmoa zutela leporatuta. Hura zorigaiztoa haien familien aurpegian entzun zutenean: “Dinamitarekin harrapatu ditugu!” Markesak jarriko zien zegokien zigorra.