Zeruak eta lurrak (5)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2025ko urt. 29a, 07:30

Markesaren bisaia belztuta zegoen. Usurbildar guztien aurrean eredu izan behar zuen, eta bost zorigaiztokoei egin asmo zutenaren adinako zigorra ezarri behar. Hotz-hotzean pentsatzeko ere ez zegoen tarterik, eta usadioei heldu zien.

Urkamendian egin zuten hitzordua arratsalderako. Pregoilariak akusazioak irakurri zituen jendaurrean, eta apaizak azken igurtziarekin bedeinkatu banan-banan. Beletzar bat urkamendiaren zutabe gainean pausatu zen, karranka, augurio txarrak erakartzen zebilela zirudien.

Lepoa sokaz inguratzeaz gain, begiak ere estali zizkien. Inork ez dio heriotzari begietara begiratu nahi izaten. Are, askorenak malkoz gorrituta zeuden, eta tanta haiek errealitatea gehiago distortsionatu, lausotu zezaketen. Kanpandorreko hotsek jarri zuten melodia, eta arrats gorian, belaze guztiak gorriz tindatu ziren.

Markesaren alaba txikienak ez zuen inoiz halakorik ikusi, eta bihotza erabat asaldatu zitzaion. Etxean, aitari zergatia eskatu zion. Mundua horrela zela erantzun zion, baina ez zen horrekin aski. Absurdoa iruditzen zitzaiola argudiatuagatik, “Oraindik txikia zara”, erantzun zion. “Handitzen zarenean ikusi eta ikasiko duzu”. Markesak txiki deitu bazion ere, hemezortzi urteak ate joka zituen, eta aitak nahi izan ez arren, argia itzaletik bereizteko gai zen.

Bestelako eskandalu bat zetorren alboko gelatik. Alaba zaharrenak senargaia nondik ibili zen jakin nahi zuen. Medikuaren gomendioz, naturaz gozatzera joan omen zen. Esaten zion errio bazterrean paseoan ibilia zela, baina alabak ez zion sinesten. “Perfume eta tabako kiratsa darizkizu!” Etxerako bidean taberna batean gelditu zela erantzun, baina engainurako aitzaki hobeak beharko zituen. “Zer uste duzu, usurbildar hauek ere jende pertxenta da. Gustatzen zaizkie hiriko modak”. “Uste duzu tabernan egongo zirela bost herritar urkatu berri dituztenean?” Mutil gaztea zer esan jakin gabe gelditu zen, hormaren eta ezpataren artean. “Uste duzu niri gustatzen zaidala hemen egotea? Nazkagarria da! Botagalea ematen didate, baina sendiaren parte naiz, eta ez daukat beste erremediorik. Itxurak egitea besterik ez dago. Beraz, hasi zu ere antzerkian, edo orain arteko pagotxa amaituko zaizu”.

"Sukar ametsetan bizi zen, paranoiatik paranoiara jauzika"

Are zuriago utzi zuten hitz horiek. Alaba zaharrenak ondotxo ezagutzen zuen bere senargaia. Ahobero eta kaskarin galanta. Ez zen familiarik onenekoa, baina harremanak zituzten, eta beharrezkoak izan ohi dira zuhaitza erortzen hasten bada. Gauzarik okerrenak irudikatzeko trebezia berezia zeukan, eta horiei aurre hartzen ikasi zuen meneko alaba zaharraren mozorropean. “Barrabiletatik hartuta zauzkat, beraz, argi”. Eta ez ziren hitzak bakarrik, literalki heldu zizkion, eta lehen aldiz, mutil hark ikara sentitu zuen ustezko neska otzan haren aurrean.

“Aizu, Katalina, ikusi al duzu Helena?”. Anaia zen, zertxobait aztoratuta. Jardinean edo egongo zela erantzun zion. Anaiak buruarekin ezetz, etxe guztia miatu zuela, baina ez zegoela neska gaztearen arrastorik. Lasai egoteko eskatu zion, halako batean azalduko zela. “Eta bahitu badute bost heriotzengatik?” Anaiak ere txarrenean pentsatzeko joera zuen. Hala ere, fantasiaz lepo, bizitza ipuin bat balitz bezala. Sukar ametsetan bizi zen, paranoiatik paranoiara jauzika.

Iradokizuna laster bihurtu zen susmoa, eta susmoaren natura tarteko, kutsagarria oso, kalez kale zabaldu zen herri guztian zehar: markesaren alaba txikia bahitu zuten usurbildar erresuminduek. Markesak berak alkatea mehatxatu zuen alaba agertu ezean, ez zuela harri bakar bat altxa gabe utziko.