Siluetek iradokizunetarako aukera handiagoa ematen omen, eta gainera, anonimotasuna mantentzeko estrategia fina izan liteke. Horregatik esana zuen Adolfok informazioa lortzeko leku aproposena zela putetxea.
Usaina sudurzuloetatik sartu zitzaion premuari, bizioaren eta alkoholaren lurrina. Hasiera batean, atzerakoa eragin zion, eta kalera bihurtzeko larria sentitu zuen, baina Adolfok berak besotik heldu, eta ez zion alde egiten utzi. Han gauza garrantzitsuetarako zeuden. Hala xuxurlatu zion belarrira. Normal jokatzeko esanagatik ere, premua lekuz kanpo sentitzen zen, gorakoa sentitzen zuen, hura ez zen haren habitat naturala.
Barrara hurbildu ziren, eta bi trago eskatu zituen Adolfok. Tabernariak, begiak zorrotz, gradu hartako jendeak zer egiten zuen halako lekuan galdetu zion. “Soinak kentzeko gogoa beti gainean”, erantzun zion umore kutsuz. Ohiturak onak mantendu behar omen, edo antzeko zerbait ulertu zuen premuak tabernariaren hitzetan, eta iradokizunak eta susmoak borrokan hasi zitzaizkion irudimenean.
“Inoiz ez naiz zu bezalako batekin egon. Irrikitan nago. Mundu berri baterako bidea erakutsiko al didazu?”
Hausnarketan zela, neska gazte bat hurbildu zitzaion. Eskua sorbaldan pausatu zion, eta bestearekin laztanak edota ilea txirikordatzen jardun zen. Are gehiago urduritu zen premua. Bihotza taupaka ari zitzaion, izerdi hotza bizkarretik behera. “Zer ari da zu bezalako bat infernuan?”, ahots eztiz. Erantzun ezinik geratu zen. “Katuak mingaina jan al dizu?” Berdin-berdin, harrizko estatua zirudien. Neska gazteak, bere jardunean, gizon galant bat irudikatu zuen, urduritasunak irentsia beharrean, bere gradua mantendu behar duen gizona zen haren begietan. “Inoiz ez naiz zu bezalako batekin egon. Irrikitan nago. Mundu berri baterako bidea erakutsiko al didazu?”.
Adolfok bazterretik jarraitzen zuen elkarrizketa, berak ere berea eduki arren. Premuak zirt edo zart egiteko gaitasunik ez zeukan, eta berak mugitu beharko zuen kontua. “Lotsatia da”, sartu zen hirugarrenen elkarrizketan. “Hala ere, pasioz betea. Gustu handiz erakutsiko lizuke edonorako bidea, baina oherakoa... Hori zuk erakutsi beharko diozu”. Neskak barre gozoa egin zuen, jostaria. Eskutik sendo heldu zion, eta bultzaka eraman zuen. Premuak ez zuen erreakzionatzen. Beheko mundu hura arrotz zitzaion, eta inork ez zion erakutsi nola jokatu behar zuen halakoetan.
Alde egin zutenean, bereari erreparatu zion Adolfok. Helenari buruzko informazio bila hasi zen. Etxera berak eramango balu, markesak semea bailitzan begiratuko luke, eta oinordekoak egiteko aukera gehiago egongo lirateke. Eldarnio hutsak ziren, baina goxoa. Premua ekuaziotik kentzea zailagoa izango zen, nahiz eta edozer gauza gerta litekeen. Istripuak edota ezbeharrak edonoiz gerta zaitezkeen.
Ligatzen ari zen neskak ikusi zuen Helena. Goizean, frontoian. Bera dantza egiten ari zen, eta inbidia ematen zion markesaren alaba txikiak. Apain-apain zegoen, Usurbilgo neska batek baino gehiagok nahiko zukeen hura bezala jantzi, soineko dotoreak soinean, ilea orraztuta, musuak margotuta. “Eta gero?” Gerokorik ez zegoen. Edo bai? Informazioak prezioa du. Balioa definitu nahian ari zirela, ordea, amestutako ezbeharra gertatu zen.
Premua odoleztatuta agertu zen. Ilunpetan bazen ere, aurpegia harakinak baino odoleztatuagoa zeraman. Garrasiak eta intziriak nagusitu ziren atmosferan. Bildutako gizonak premuaren gainera bota ziren, eta neska ohean hilik ikusi eta berehala, ez zuten pentsatu. Tiro batez hil zuten.