Premuarengana hurbildu, eta tentsioa hartu nahi izan zion. Susmoak benetakoak ziren. Hilik zegoen. Bala hark ez zuen gupidarik izan markesaren premuarekin, eta hilotza ohe gainean hozten joango zen emakumearenarekin batera. Herritarrek Adolfori begiratu zioten, harena zen errua. Kolkotik heldu, eta kako batetik zintzilik jarri zuten, harakinak haragia nola. Azalpenak eskatu zizkioten, gradu handikoek ea nahi zutena egin zezaketen. Adolfo garrasika hasi zen, premuak egina ez zela bere ardura. Herritarrak, ordea, ez ziren konforme, eta markesaren seme zaharrena akabatu bazuten ere, haserrea areagotu egin zen. Hura ere akabatzeko gogoa batek baino gehiagok zeukan, baina nahiko odol isuri zen tabernan.
Berria segituan zabaldu zen, ordea, ilunpetan barrena. Lo zeudenak ere esnatu ziren, eta gertatuak denak aztoratu zituen. Benetan berri lazgarria zen. Premua putetxe batean hila. Markesak berak ere jakin zuen.
Lotan zegoen, eta mezulariak larrituta eman zion berria. Esnatu berritan, zurbil geratu zen. Ezin zuen sinetsi mezulariak esandakoa. Jaiki, jantzi eta ezbeharraren tokira joan nahi izan zuen bere begiek ikusteko ea egia zen entzun zuena. Aholkulariek, ordea, ez zezala horrelakorik egin gomendatu zioten. Jendea aztoratuegi zebilen, eta gaitz okerragoak gertatu aurretik, hobe izango zen jauregian bertan geratzea. Gogoaren kontra, egongelan pasatu zuen gaua, egunak beste aurpegi batekin begiratuko zuen esperantzarekin. Hala ere, egunak gauak bezain aurpegi iluna zekarren, eta herrian ez zen besterik entzuten.
Poliziak ingurua itxi zuen. Gauean gertatua argitu behar zuten. Ikerketa isilpean mantentzeko agindua zeukaten, goitik iritsitako agindua zen. Markesak ez zuen familiaren izen ona zikintzerik nahi, eta Usurbildik kanpo, bestelako bertsioak zabaldu zituen prentsak. Gaizkileren batek akabatu zuela kalean zebilela. Herrian, baina, denek zekiten gertatua, era batera edo bestera, ñabardurak gorabehera, markesaren premua larrua jotzen hil omen zen.
Adolfo bere gelara deitu zuenean gogoratu zen alaba txikiaren bila joanak zirela, eta oraindik, hura ere desagertuta zegoen. Haserreak bildu zuen, eta ezin izan zuen Adolfori bi muturreko eman gabe gelditu.
“Nire alaba maitearen bila joan, eta seme zaharrena hilda ekarri duzu”, esan zion familiaren maila azpitik zegoela adierazi nahian. Adolfo bera akabatzeko gogoa kontrolatu nahi zuen, ordea, ezin zuen horrelakorik egin, ez behintzat une hartan bertan. Familia desegiten imajinatu zuen markesak, opor lasaiak izango zirenak, infernu ari ziren egiten.
Herritarrak atxilotzen hasi ziren eguerdirako. Interrogatorioak hasi ziren. Tiro egin zuena harrapatu behar zuten, eta markesa bera izango zen gaizkilearen bizitzarekin amaituko zuena. Horrek balioko zuen bakoitza zegokion tokian jartzeko. Eskarmentua eta legea, ordena mantentzeko osagai nagusiak. Iluntzerako nahi zuen markesak erruduna haren aurrean. Baliabide guztiak jarri zituen horretarako, eta ez zuen aitzakiarik onartuko.
Hamar gizon zeuden atxilopean, baina herri guztia susmopean zegoen alabaren bahiketa medio. Markesaren aurkariak ziren susmagarri handienak, baina jada inor ez zen fio, eta gaizkileak edonon ikusten zituzten.