Zeruak eta lurrak (9)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain

Alaba txikiak alde egin zuen markesarenetik. Nazkatuta zegoen denek umetzat hartzen zutelako, eta graduari ez zegozkion trapuetan bildurik, atzeko atetik atera zen.

Arratsaldeko giroa pisutsua zen. Urkamendikoa eta gero, normalena hori zen. Kopetilun ikusten zituen usurbildarrak, eta inorekin begirada gurutzatuz gero, lurrera jaisten zuen harena. Ez zuen inork ezagutzerik nahi, eta noraezean, hara eta hona zebilen, beti iskin egiten hari edo honi.

Alferrik izan zen, ordea. Herritarren artean azkar asko zabaldu zen atzerritarren bat herrian bueltaka zebilela, eta soro baten ertzean, lau mutil hurbildu zitzaizkion kargu hartzera. Zakar galdetu zioten ea zer demontre ari zen han, baina neskak ez zuen erantzun nahi izan, eta bidean jarraitu zuen. Libre jardun nahi zuen, inori enbarazu egin gabe. Aitaren esanetara bizitzeaz gogaituta zegoen, eta handik eskapo egin eta gero, besteen esanetara ere ez zuen bizi nahi. Mundua ezagutu nahi zuen, bere begi propioekin ikusi nahi zuen ingurua.

“Ez al duzu mingainik hitz egiteko?”, berriro ere gazteek galdegin. Bidaiari bat zela erantzun zien, ea horrela bakean uzten zioten. “Bidaiaria? Eta zer du bidaiari batek Usurbilen egiteko? Ez esan txorakeriarik!” Urrunetik garrasi bat entzun zen. Troiako alaba gazteena zen zaldiari tiraka. Belarretan ibili eta gero, etxerako bidean zihoan. Eskandaluak harrituta, garrasika hasi zen berrehun bat metrotatik.

“Ez ditun hire interesekoak”, kargu hartu zion bildutako mutiletako batek. “Lauok bakarrarekin egin nahian al zabiltzate?” “Gezurretan zebilen bidaiari bat besterik ez dun” “Ostatu beharrean izango duk, orduan, eta hori nire interesekoa baduk” “Zer dion?” “Ganbarako belar piloaren gainean ederki deskantsatzen duk, ez al hekien? Igo gurdira, eramango haut!”

Troiako alabaren hitzak bere horretan konplitu zituen Saroeko alabak. Belar pilaren gainean ondo eseri, eta han joan zen oso ondo nora jakin gabe. Baina gurdiaren balantza gozoa eta lasaia zitzaion, ia-ia lo kuluxka egiteraino erlaxatu zuen. Zeruari begiratzen zion, kolore gorriak blaitu zuen goi guztia, eta eguzkia mendebaldera etzaten zen, apal, gauaren beltza ekialdetik zabaltzen zen bitartean.

Mundua bestelakoa izan zitekeela sinesten zuen, eta horren bila abiatuko zen. Plan bat behar zuen, ordea, eta plan bat egiteko, energia behar.

Troiara iritsitakoan, neskaren esanak jarraitu zituen. Ezaguna zitzaion, baina ez zen gogoratzen nondik. Jarrera bortitza zeukan, basa, baina hala ere, goxotasunez hitz egiten zion, eta horrek konfiantza ematen zion. Xalo-xalo jarraitu zuen etxetik barrena, eta hirugarren goitian belar onduzko ohea eskaini zion. “Geroago igoko dinat mokaduren bat”, esan zion eskaileretatik.

Inoiz ez zen horrelako toki batean egon. Beti ibili zen palaziotik palaziora, nahiz eta batzuk kutreagoak izan. Halakoei txerritoki deitzeko ohitura zeukaten familian, eta bizkarrera iseka egiteko aitzakia galanta ziren. Itxurakeriak uste bezainbesteko pisua zeukan handi usteko familietan. Neskari, ordea, ez zitzaion batere interesatzen halako ezer, munduan bidaiatzeko ametsa zeukan, bere kabuz ezagutu nahi zuen, zeren liburu eta bitartekari guztiekin, ez zekien oso ondo nori sinetsi. Aitak esana zuen arratsalde hartan bertan: “Handitzen zarenean ikusi eta ikasiko duzu”. Baina zer? Aitak berak bezala ikustea nahi zuen, zuria zuri eta beltza beltz. Ez zegoen horrekin konforme. Mundua bestelakoa izan zitekeela sinesten zuen, eta horren bila abiatuko zen. Plan bat behar zuen, ordea, eta plan bat egiteko, energia behar. Eguna aztoragarria izan zen, eta nekeak jota zegoen. Arropa erantzi eta ohean botatzekotan zegoenean igo zen Troiako alaba. “Ogi eta gazta apur bat igo dinat”.