Antzeko adina zeukaten. Arraroa zitzaion bere gradukoa ez zen baten ondoan horrela egotea, baina eroso zegoen. Bi mundu ezberdin horren hurbil ez ziren sekulan egon. Gogoratu zen goiz hartan neskatilaren aurrean dantzatzen egon zela, eta bere zirrara deskribatu zion. “Ikasi nahi duzu nola dantzatzen den?” Helenak arraro begiratzen zuen, bat-batean dantzatzen hasi behar al zuten? Gorputza estali, eta neskaren esanei jarraitu zien. Hasierako deserosotasunak berehalakoan erantzi zituen, ordea, eta dibertigarria izan zen dantza eskola inprobisatu hura.
Bien artean konfiantza josten hasi ziren. Bien eskuak elkartu ziren, barre egin zuten elkarrekin, laguntasuna erein zen pixkanaka. Gero, hizketan jardun zuten ordu txikiak arte.
“Etxetik alde egin nahi dut, Ines”, aitortu zion Helenak. “Ez zait gustatzen, harrapatuta nago, eta ezin dut nahi dudana egin. Igual boteprontoan pentsatzen nabil, baina nirekin alde egingo zenuke?” Ezusteko kolpea izan ziren hitz haiek. Inesi ez zitzaion inoiz halakorik burutik pasatu. Baserriari lotuta bizi zen, eta noiz edo noiz mundua zeinen txikia zitzaion pentsatu izanagatik, sekulan ez zuen hura guztia atzean utzi eta beste zerbaiten bila abiatzea pentsatu. Inertziak mugitzen zuen gehien bat.
“Usurbilgo lurretatik harago, mundua izugarri handia da. Nik neuk zati txiki bat bakarrik ikusi dut, baina gauza gehiago ezagutu nahi ditut. Ez beste batzuen begi edo hitzetatik, nireetatik”.
Inesek lotan utzi zuen Saroeko alaba txikia, baina haren hitzek ez zioten lo lasai egiten utzi. Buruari bueltaka eta bueltaka egon zen gauean zehar. Hala igo zen biharamun goizean ganbarara, egundoko begi zuloekin. Ez zuen askorik behar izan zer gertatzen zitzaion jakiteko Helenari, eta halako itxura izanda, barne-barnean eragin ziola pentsatu zuen. “Donostiara lagundu behar didazu. Ez baduzu nirekin etorri nahi, ulertzen zaitut, baina nik ezin dut gehiago”.
“Ez hadi horren erraz poztu besteen zoritxarraz”, aholkatzen zion alabari
Txintik esan gabe, gosaria utzi, eta sukaldera jaitsi zen. Han bestelako kontuei buruz ari ziren hizketan ahizpa zaharra eta aita. Gauean pasatakoak bolbora nola zabaldu ziren. Prentsa idatziak baino azkarrago zabaltzen ziren berriak herrian. Saroeko alaba txikia desagertu eta premua putetxe batean hil, gozoa egongo zen markesa. Aitak tentuz ahoskatzen zituen hitzak; alabak, aldiz, pozaren pozez hitz egiten zuen, euforiatan blai, behingoagatik merezitako zoritxarrak kolpatu zuela familia hura. “Ez hadi horren erraz poztu besteen zoritxarraz”, aholkatzen zion alabari. Gizon zuhurra zen, baina jakinduriak baino beldurrak eta sineskeriak elikatzen zuen zuhurtasun hura. “Merezia dute, aita. Urtero berdin gabiltza. Gure babesleak direlakoan... Zertaz babesten gaituzte, bada? Non zeuden lehorte garaian? Non uholde egunetan?” Dirua bidaltzen zutela erantzun zion aitak. “Haien lurrak lantzen dituztenei. Gainerakoak izorratu gaitezen!” Udalak jauntxoen ipurdiak miazkatzen jarraitzen zuen artean, ordea, ezingo omen zuten beste ezer egin. Horrela zioen alabak. “Ni zaharregia naiz gauzak aldatzen hasteko”. Horrela amaitu ohi zituen aitak alaba zaharrarekin zituen eztabaidak, baina alabari ez zitzaion aski. “Helduek ez duzuenez eskurik hartzeko asmorik, gazteok egin beharko dugu herriaren alde”.