Zeruak eta lurrak (11)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2025ko ira. 19a, 07:56

Markesak ezin zuen gehiago. Egunsentiarekin batera atez ate Helenaren bila hasi zen. Ez bera bakarrik, noski. Donostiatik poliziarik onenak ekarrarazi zituen, eta ez zen harri bakar bat ere geratuko altxatu gabe. Zoko guztiak miatuko zituen.

Herria ustekabean esnatu zen ate kolpeka. Bat-bateko inspekzioak bat baino gehiago harrapatu zuen pijama jantzita. Poliziak ez zuen begirunerik izan inorekin, eta hankaz gora jarri zituzten etxe guztiak. Berria segituan zabaldu zen etxerik etxe. Aurreko egunetako gutxi ez, eta orain hura. Otzan-otzan makurtu zuten burua askok, baina etxe guztietan ez zen ongietorri bera izan, eta bat baino gehiago oldartu zen poliziaren aurka.

Iskanbilak Troiaraino iritsi ziren polizia bera baino. Korrika igo zen Ines ganbarara. Markesaren alabak zer-nolakoa eragin zuen ikusita, handik alde egin behar zuela oihukatu zion Helenari; halere, alaba txikiak ez zuen halakorik nahi. Ez zuen aitaren ondora itzuli nahi, gorroto zuela errepikatu zion. “Etorri nirekin!”, esan zion. Inesek txoratu zela erantzun zion, berak ez zeukala arazorik, gustura zegoela etxean. Neskatxaren egoskorkeriatzat hartu zuen, kapritxo hutsa, eta kapritxo batengatik hankaz gora jarri zuen herria.

"Polizia etxe hartara ailegatzen bazen miatzeko asmotan, familia guztia kondenatuko zuen"

Handik nola bidali ez zekienean igo zen aurpegi zurbil ahizpa zaharra. Are zurbilago jarri zen panorama ikusitakoan. “Baina ba al dakizu zertan dabiltzan? Inolako kezkarik gabe, nahi dutena egiten ari da zure aita!” “Eta heldu naizenean ulertuko dudala esango dit, seguru”, erantzun zion Helenak. “Neska kaskarin eta pertxenta, alde gure etxetik ez baduzu gaizki amaitu nahi”, mehatxatu zuen Alaitzek. “Ines nirekin baldin badator bakarrik!” Alaba gaztea guztia azaltzen saiatu zen, markesa txikiari buruan sartu zitzaiola ideia hura, eta hark ez zeukala zerikusirik. Baina ahizpa zaharrari berdin zitzaizkion bataren edo bestearen argumentuak. Polizia etxe hartara ailegatzen bazen miatzeko asmotan, familia guztia kondenatuko zuen.

Bitartean, Helenaren ahizpa bai zegoela pozarren. Bazekien inoiz ez zela izan aitaren begikoa, baina anaiari zein ahizpari gertatua tarteko, familia haren esku zegoen. Jada hilkutxa sala handian jarri zuten, eta arrosarioak eskuan, bolatxoak hatz artean mugitzen zituzten. Hala ere, dolua fatxada hutsa zen bere kasuan, errezoek ez zeukan zintzotasunik, eta barru-barruan, barrez ari zen. Inoiz ez zitzaion Usurbila joatea gustatu, baina bidaia hartan bizitza aldatu zitzaiola pentsatzen ari zen. Adolfo senargaiak urduri zebilen, zeren premua hil izana bere errua zela sinetsita zegoen, eta behin Helena alaba txikia topatutakoan, markesaren sumindura irentsi beharko zuen. Larrutu egingo zuen, argi zeukan, eta ikaraz, handik ihes egiteko beharrez sentitzen zen. Barrabiletatik ondo helduta zegoela gogoratu zuen, ordea. Bat-batean eta ezer esan gabe Katalinaren ondotik joanez gero, alferrik izango zen antipodetaraino joatea. Bestelako estrategia behar zuen gauzak okertzen baldin baziren.

Hamarnaka lagun hartu zituzten atxilo. Susmagarriak ziren den-denak, susmagarri izateko begi oker bat, ebaki itsusi bat, usain txarra nahikoa baitzen. Markesari lepoko zainak lehertuko zitzaizkiola zirudien Kaxkoko etxeetan alaba txikiaren arrastorik ez zela eta. Kalezarren gora egingo zuten ondoren, Bizkarretik hasi eta banan-banan miatuko zituzten herritarren etxe guztiak. Ez zen deskantsurik egongo Helena bilatu arte.

“Ez duzu harea zurizko hondartzetan bainatu nahi, Ines?” “Aizu, zergatik nahi didazu zurekin?” Dantzan ikusi zuenetik zeukan begiz jota.