Zeruak eta lurrak (12)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2025eko urriaren 15a

Alaitz korrika jaitsi zen herrira. Kapitaleko poliziak nondik zebiltzan jakin nahi zuen. Falta zitzaion bakarra miaketa bat zen. Jadanik hogeitik gora susmagarri atxilotu zituzten, eta bazekien zein izango zen haien patua. Ez zuen halakorik nahi haren etxekoentzako.

Belmonte kalean aurrera, etxe guztietako leihoak itxita sumatu zituen. Denak beldur ziren. Zaharrenek oraindik gogoratzen zuten markesa lehen aldiz Usurbila etorri zenekoa. Orduko hartan hamasei urte izango zituen. Titulua eskuratu berri zuen haren aita hil berritan, eta serio ez hartzeko beldurrez, zekenetan zekenena izan zen. Guztiak haren neurrira egon behar zuen, haren usteko keinu itsusi bat nahikoa zen errepresaliak egoteko. Gazte zorotzat zeukaten den-denek, baina batez ere haren maizterrek. Zorrik ez zien barkatzen, eta zigorrekin are gogorragoa zen. Herriaren aita zaindaria zela barruraino sartu zitzaion, eta horretarako bitarteko guztiak baliatuko zituen. Gerora, jendeak otzan-otzan betetzen zituenean haren esanak, eta inork ez zuen hatzik altxatzeko adorerik. Gazteenek ez zuten ezagutu markesaren alderdi hura, eta beraz, ahoa hitz potoloekin betetzen zuten. Zaharrak zuhurragoak ziren, eta kontuz ibiltzeko aholkatzen zien, ez zekitela benetan nolakoa zen markesa.

Markesaren alabak ezin zuen Troian egon, handik alde egin behar zuen, bestela markesa bera gai zen baserriaren zimenduak ere birrintzeko.

Egun hura arte. Animalien pare tratatzen zituen usurbildarrak. Hari kendutakoa berreskuratu beste asmo zuen, gainerako guztia berdin zitzaion.

Alaitzek distantziatik nabaritu zuen markesaren sen iluna. Hotzikara batek bizkarra gurutzatu zion, eta kale erdian geldi-geldi geratu zen. Bere onera itzuli zenean, korrika ekin zion etxerako bideari. Markesaren alabak ezin zuen Troian egon, handik alde egin behar zuen, bestela markesa bera gai zen baserriaren zimenduak ere birrintzeko.

Igo zen ganbarara, eta hantxe jarraitzen zuten biek. Izu-ikarak hartuta, besotik heldu zion Helenari, eta eskaileretan behera eraman zuen. Alde egiteko agintzen zion, baina neska egoskortuta zen. Inesekin alde egin nahi omen zuen, eta hola ez bazen, hantxe geldituko zela. Alaitzek ezin zuen sinetsi neska haren jarrera. Umekeria galanta zen hura. Aitari zenbat balio zuen demostratu nahi zion, besterik ez. Eta horregatik berdin zitzaion gainerako guztiak. Haren neurrira egindakoa izan behar zuen guztiak.

Une batez burutik pasatu zitzaion ahizpa neska apetatsu harekin bidaltzea. Ez batak, ez besteak ez zuten ikusi Bizkarretik aurrera zetorrena. Mendian biak galdu zirela esan, eta guztia konponduko zen. Kontua miaketarik ez egitea zen. Izan ere, Alaitz abertzale eta gorriekin lotuta zegoen, eta etxe hartan hankaren bat sartzen bazuten, hainbat urtetan antolatutako erresistentzia pikutara joango zen. Beste irtenbide batek egon behar zuen. Beldurrak, ordea, ez zion pentsatzen uzten, eta gero eta urduriago jartzen ari zen.

Helenaren aurrean makurtu eta erregutu zion aitarekin itzultzeko. Neskak berean jarraitzen zuen. Desesperazioak goia jo zuen atea kolpeak entzun zituenean. Ezinezkoa zen markesa eta polizia hain azkar hara iritsi izana. Berriro kolpatu zuten atea, eta Inesek inozentzia guztiz zabaldu zien atea bestaldekoei.

“Lasai, Alaitz, ez dinagu honetan bakarrik utziko!” Poliziari aurre hartuta eta jakitun zer zegoen Troian, burkideak hantxe azaldu ziren. Markesaren alaba sukalde erdian topatzea ez zuten espero, baina, eta denak zur eta lur geratu ziren. “Eta kasualitatez gure karta irabazlea baldin bada?”, bota zuen haietako batek. Markesak gehien nahi zuena eurek zeukaten, ezingo zuen nahi bezala jardun. Hori uste zuten.