Zeruak eta lurrak (13)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2025eko azaroaren 12a

Troia ondo armatuta zegoen. Alaitzek estraperloan eskuratu zituen beste hainbat kiderekin batera, egun handia noiz iritsiko zain. Kaxkotik urrun, baserrietako ganbara eta ukuiluek bolbora usaina zeukaten.

Deia aski azkar zabaldu zen itzalean barrena, eta harri azpietatik ere agertu ziren markesari aurre egiteko prest zauden denak. Egur moztuekin barrikadak altxa zituzten, eta baserriaren perimetroa harresiak inguratuta zeukala zirudien. Neska-mutil gazteek arma eskutan, markesari bereak eta bi itzultzeko amorrazioz borborka zeuden. Zer uste zuen, herria berea zela?

Kalezar goialdeko mugimenduaz jabetu zirenean, markesaren irak norabidez aldatu zuen, eta bere segizio guztia Txara gaineko belazeetara eraman zuen. Ahots irmoz zuzendu zitzaien Troian bildutakoei, matxinada haren esanahia jakin nahi zuen. Laster asko izan zuen erantzuna: “Zure alaba Helena daukagu hemen. Hobe duzu tontakeriarik ez egin gauzak okertzea nahi ez baduzu”. Alabaren izena entzun orduko itsutu zen markesa, gainerako guztia ezeren pareko zitzaion. “Lapur matxino aluak! Ederki ordainduko duzue hau!” Gizonak bidali zituen baserrirantz, baina segituan topo egin zuten egurrezko harresiarekin. Bestaldean zeudenek ohartarazi zieten urrats bat gehiago eta tiro egingo zutela, baina hiriburutik etorritako guardiak entzungor egin zien gomendioari. Lehen tiroak entzun ziren, bai eta lehen odol tantak isuri ere lur gainera.

“Uste genuena baino hobeto antolatu dira zomorro zikin horiek. Plan bat behar dugu, markes jauna”. Hala jakinarazi zion guardiaren buruak. “Gizon gehiagori hots egin. Hor bildutako arratoiek ez dute bake santurik izango! Elkarren artean jan beharko dute biziraun nahi badute”, izan ziren markesaren aginduak.

Txarako zelaietan erromatar kanpaleku bat altxatu zutela zioten herritarrek ahopeka. Egoeraren larria umorez hartzen zuenik bazen, alajaina

Trenez bidaliko zuten mezua Donostiara, baina bitartean, kanpamendua muntatzeko agindu zien han zeuden hamarnaka gizonei. Familiako apaizak eman zien azken bedeinkapena tiro gurutzaketan erori ziren hiruzpalau horiei. Ondoren, nagusiarengana gerturatu zen. “Eskuetatik joan zaizunaren ustea daukat”, ohar egin zion. “Sermoiak ematea ederki gustatzen zaizu zuri. Espero ez zarela horrela ibiliko burdeleko gaztetxoekin. Ez jarri aurpegi hori, inor ez da nire zaintzapetik libratzen”. “Kontuak kontu, negoziatzea ez al da hobeto izango?” Zomorroekin negoziatzea denbora galeratzat hartzen zuen, eta ez zuen amore emango haren desirak konplitu arte.

Txarako zelaietan erromatar kanpaleku bat altxatu zutela zioten herritarrek ahopeka. Egoeraren larria umorez hartzen zuenik bazen, alajaina. Agamenon greziarraren pareko egiten zuten markesa beste batzuek. Baina izen handiek ez zuten lagundu gauean. Amesgaizto batek izerdi patsetan eduki zuen gizona. Haren mundua erortzear zela birritan amestu zuen. Lehenik premua, gero alaba txikia... Ez zion begirunerik alaba zaharrari, baina bazekien azpi jokoetan azeria bezain azkarra zela. Leinua gidatzeko zuhurtzia falta zitzaiola uste zuen, hoztasun beldurgarriak ez zuen eta amaiera gozorik inoiz. Abagune hura edozer egiteko aprobetxatuko zuelakoan zen, eta badaezpadakoan, haren ondora ekartzeko agindu zuen, baita senargaia ere. Hari ez zion inolako begirunerik. Ahobero huts bat zen, eta gainera, haren erruz akabatu zioten semea. Mespretxurik gorriena merezi zuen, baina etsaiak lagunak baino gertuago edukitzeko esan ohi du esanak.

Egunsentiarekin batera ekarri zituzten biak kanpamendu hartara, eta markesak soldadu garaiko jantziarekin hartu zituen. Gudarostea osatuko zutenak ere bidean behar ziren. Troiakoa gerra zen.